Batasun Eurasiarra sortzeko ituna sinatu dute

Oraingoz Kazakhstan, Errusia eta Bielorrusia batu dira, baina Armenia eta Krigizistan ere sartzekoak dira

Samara Velte.
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ukrainak EBrekin merkataritza askeko akordioa sinatzeko asmoa agertu zuenean, Errusiak abisu eman zion: «Bruselarekin, edo Moskurekin». Bien arteko korridore lanak, behintzat, ez egiteko. Kontraeskaintza ere egin zion: SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun ohiko estatuen Aduana Batasunak aski ziurtasun ekonomiko emango ziola. Ordurako, estatu horietako batzuk Eurasiako Batasun Ekonomikoa diseinatzen ari ziren, eta tartean zegoen Ukraina. Azkenean, hura gabe jarriko dute martxan.

Atzo sinatu zuten batze akordioa Errusiako, Kazakhstango eta Bielorrusiako presidenteek, eta urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Herrialde sobietar ohien arteko merkatu komun zabalena izango da: 170 milioi herritarri eragingo die. Langileek, ondasunek eta kapitalek zirkulatzeko askatasuna izango dute eremu horretan. «Garapen ekonomikorako polo indartsu eta erakargarria izango da», Vladimir Putin Errusiako presidentearen hitzetan. «Gure eskualdeak natur baliabide ugari ditu; besteak beste, munduko gas erreserben bostenak eta petrolioaren %15».

EBren okerretatik ikasitakoa

Herrialdeotako merkatuak batuta, EB Europako Batasunaren pareko ipini nahi dituzte Europa ekialdeko herrialdeak. Mendebaldeko krisitik ere atera dute irakaspenik, ordea. «Parte hartuko duten herrialdeetan ez da desindustrializaziorik izango, eta industria tradizionalei eutsiko diegu», azaldu du Nusurltan Nazarbajev Kazakhstango presidenteak.

Armenia eta Kirgizistanek ere aurki bat egin asmo dute erakunde berriarekin. Armeniak prest du jada eskaera orria; ekainaren 15a baino lehenago sinatu nahi du Serzh Sargsyan presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.