Jon Eskisabel.
Ilaran

Rolaren preso

2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Azterketa zabalagoa egin beharko litzateke, sektorearen egiturazko arazoetan askoz gehiago sakondu, sendotasun handiagoz baieztatu ahal izateko urte ona izan dela euskal antzerki profesionalarentzat. Baina izozmendiaren ageriko zatiari, antzokietara iritsi diren lanen kopuruari ikusle gisa erreparatuta, esango nuke baietz, 2012a oparoa eta erakargarria gertatu dela sorkuntza eta eskaintzaren aldetik. Izozmendiaren tontorra nabarmenagoa izan dela.

Helduentzat hamarretik gora lan estreinatu dira urtarriletik hona, eta lehenagotik taularatutako batzuek gaurdaino iraun dute agendan. Horrela, Dejabu konpainiaren Gure bide galduak lanak berpiztea izan du udazkenean, estreinatu eta urtebetera (ostiralean, Galdakaon dago aurtengo Donostia Sariaren obra irabazlea ikusteko hurrengo eta, oraingoz, azken aukera); Mikel Martinezek oraindik orain utzi dio Larria, Kutsakorra, Mendebaldekoa bakarrizketa emateari, eta zeharo murgilduta dago Patxo Telleriarekin Lingua Nabajorum-en emanaldietan, baina tarteka Euskarazetamol taularatzen jarraitzen du bikoteak; Tanttakak oraindik karteleran du urtebete zaharra den Ipar haizearen kontra, Soinujolearen semea estreinatu berri du, eta urtarrilean Gauerdian lana aurkeztuko du, Tolosan eta Donostian.

Estreinatu diren lanen artean denek ez dute patu bera izan. Batzuk estreinaldian baino ez dira erakutsi. Txaloren Kafe txinatarra (Kandido Uranga eta Asier Hormazarekin), Kukubiltxoren Oilo hilak maskara ikuskizuna eta Ramon Agirrek eta Niko Lizeagak antzezturiko Bejondaigula-ren kasua da (azken hori Donostiako Aste Nagusian gauero taularatu ostean geldirik egon da, baina abenduan itzuliko da). Beste batzuk aurreikus zitekeen bide arrakastatsua urratzen ari dira (Txaloren Hil arte bizi edota aipatutako Lingua Nabajorum), eta badira dagoeneko azken geltokira iritsi direnak ere (Ados Teatroaren Wilt-ek berea egin du, eta Donostiako konpainiak dagoeneko kasik prest du hurrengo lana, Emaztegaiaren semea, 2013ko urtarrilean estreinatzeko).

Urteak utzitakoaren sentsazio positibo horretan zerikusia izango du estreinaldi aipagarrienetako batzuk ia errenkadan etorri izanak azken asteetan: Soinujolearen semea, Publikoari gorroto, Su txikian eta Hitzak. Lau obra oso diferente. Ekoizpen handia da Soinujolearen semea, aktore talde zabal eta eszenaratze zaindu eta ederra dituena, baina mugitzeko zaila. Agian horregatik, Bilbo, Gasteiz eta Donostian estreinatu ondoren ez du oraingoz beste datarik. Ander Lipusek Xabier Mendiguren Elizegiren antzezlan bat, Publikoari gorroto, hautatu du Huts Teatro konpainia bataiatzeko. Bere ibilbideko hainbat pertsonaia berreskuratuta (Juan Junda gogoangarria, Manex Domintxine, Ton Waits bera…), erakustaldia ematen du Lipusek antzerkiari eta ikuslearen rolari buruzko gogoeta umoretsu eta bortitz horretan. Luhuson estreinatu zuenetik Euskal Herria alderik alde zeharkatzen ari da Lipus.

Su txikian ere astebururo taularatuko dute, euskaraz zein gaztelaniazko bertsioetan, urtea amaitu bitartean. Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak liburuan oinarriturik Loiolako elkarrizketetan amaituriko prozesua taularatzeko erronka ez zen makala, arriskutik asko zuen, baina onik atera da Galder Perez zuzendaria testuaren moldaketa eta eszenaratze egoki eta aktoreen lan txukunari esker.

Hitzak izan da azkena estreinatzen. AI & AI (Agurtzane Intxaurraga & Arantxa Iturbe) faktoriatik sortutako azken obra da, Ai ama! egin zutenetik (2003) elkarlanean ondutako seigarrena. Aurten ez da emanaldiaren ostean horren solasaldi luzea piztu digun beste antzezlan, film edo kontzerturik. Mamitsua, astintzailea, deserosoa eta beharrezkoa da Hitzak. Inoiz hedabideetan albiste izaten ez den errealitate bat erakusten du, lehen zaplaztekoa edo lehen jipoia iritsi aurreko indarkeria matxista, emakumea gutxietsi, mespretxatu eta pertsona gisa anulatzea bilatzen duena. Izozmendiaren oinarrian ezkutuan dagoen egiturazko indarkeria, «sistemari konpontzea komeni ez zaiona», Argia aldizkariak argitaratu berri duen Larrun monografikoak azalean nabarmendu duenez. Bertan esaten direnetatik asko islatuta ikusi ditut antzezlanean, agian zehatz edo agerikoegia den modu batean, baina inondik ere ez distortsionatuan.

Emakumeentzat ez ezik, gizonezkoontzat ere mezua dakar obrak: gu ere preso gara, kultura matxistak geure buruari ezartzen dion rolaren preso. Eta guk izan beharko genukeela hortik askatzen lehen interesatuak. Asko dugulako irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.