Jon Eskisabel.
Ilaran

Erdaldunen semea

2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ni ere harritu ninduen Soinujolearen semea-n hainbeste gaztelania entzuteak. Ustekabean harrapatu ninduen, besoak jaitsita, ez bainuen buruan obraren harira egindako artikulu, elkarrizketa eta kritiketan horri buruz ezer entzun edo irakurri izana. Hemeroteka gainbegiratu dut, eta ez dut aurkitu euskarazko bertsioaren elebitasunari buruzko azalpenik, baina gutxienez aipatzekoa zela uste dut. Izan ere, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako hiru udal antzokiek eta Tanttaka konpainiak Atxagaren eleberriaren gainean ekoitzitako antzezlanean gaztelaniaz mintzo dira David protagonistaren aita frankista eta Mary Ann emazte kaliforniarra, baita haiekin hitz egiten duten euskal hiztunak (Daviden ama izan ezik) eta guardia zibilak ere, eta hautu horrek bere polemikatxoa ekarri du.

Mikel Irizar Topaguneko lehendakariak piztu zuen eztabaida bere blogean (goiena.net/blogak/piperrautsa), harridurak eta haserreak bultzatuta idatzitako Soinujole erdalduna postaren bidez. «Zergatik sartu gaztelania barra-barra euskal liburu baten euskal bertsioan? Ez al da euskara hizkuntza konpletoa, edozein egoera dramatiko adierazteko beste? Derrigorrean behar al du gaztelaniaren makulua grazioso edo adierazkor izateko? Edota, John Waynek eta indioek euskaraz egiten badute, zergatik ez du euskaraz egin behar polizia torturatzaileak?», galdetu zuen Irizarrek, eta segidan hiztunengana zuzendu zuen hatza: «Hiztun desorekatuek ez dute sinisten bizitzaren edozein zirkulu osorik euskaraz egin daitekeenik. Ez diote euskarari nahikotasunik aitortzen».

Hurrengo egunean Patxo Telleria egokitzapenaren egileak erantzun zion, dramaturgiaren ikuspegitik hautua egiteko izan dituzten arrazoiak azaltzeko. «Eszenaratzerakoan, pertsonaia batzuek (une konkretuetan) gaztelaniaz egitearen beharra ikusi genuen. Zergatik nobelan ez eta antzezlanean bai? Sinesgarritasun neurri desberdina dutelako. Nobelan urruntasuna dagoelako. Nahiz eta pertsonaiak irudikatu, mundu abstraktu batean daude, gorpuztu gabe. Baina sinis daiteke taula batean hezur-haragizko pertsonaia bat [Mary Ann] esaten: 'Ez dakit euskaraz'?». Zalantza handiena, baina, liburuko aita euskalduna erdaldun bilakatzeko hautuak sortzen du, eta horri buruz Telleriak emandako argudioa ahulagoa iruditzen zait. Telleriaren iritziz, erabakia euskarazko bertsioaren mesederako izan da gaztelaniazkoaren aldean, eta aitak semeari ama hil dela jakinarazten dion eszena jarri du adibide. «Aita zahartu eta abailduak euskaraz egingo dio, semea afektiboki berreskuratu nahian. Zergatik ukatu mikroistorio hau (guztiz erreala) kontatzeko aukera?». Ñabardura horiek gaztelaniazko bertsioan, osorik elebakarra izanik, galdu egiten dira, eta, ondorioz, «El hijo del acordeonista pobreagoa da Soinujolearen semea baino», Telleriaren arabera.

Aktore, zuzendari eta gidoigileak arrazoi du, elebitasunak areagotzen du eszena horren indar emozionala, funtzionatzen du, baina gogoan dudala, halako efekturik sortzen duen bakarra da. Kontuan izanik antzerkirako egokitzapenean hartutako lizentzietako bat dela aita eta semearen arteko elkarrizketa hori —liburuan, Paulina neskameak hartzen du telefonoa eta ematen dio amaren heriotzaren berri Davidi—, eszena horrek bakarrik justifikatu ahal du aita erdaldun bilakatzea eta, ondorioz, gaztelaniak horrenbeste pisu hartzea euskarazko bertsioan? Bestalde, euskarazko lana goresteko gaztelaniazkoarekiko konparazioetara jotzea eta elebitasunak alderdi dramatikotik eskaintzen duen baliabidea nabarmentzea, argudio eztabaidagarria da hizkuntzaren beregaintasunaren ikuspegitik.

Dramaturgiako irizpideak eta hizkuntzaren nahikotasunarekin lotutakoak aurrez aurre jarri ditu Soinujolearen semea-k, eta Mikel Irizarrek egina du epaia: «Antzerkiak irabaziko zuen, euskararen normalizazioak ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.