Barkamenez eta

2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Lembergko kanposantua soldadu nazi alemanen hilotzez betea zegoen nonbait. Hala ikusten zuen Simon Wisenthal juduak, kontzentrazio esparrutik kanpoko lanera ateratzen zituztenean. Hilerri hartako hilobi bakoitzak, soldadu nazi alemaniar bakoitzak, ekilore bat omen zuen eguneko eguzkiari ibili osoan zabalik jarraitzen ziona. Berak eta bereek, berehalako batean, hiltzen zirenean inoiz izango ez zuten oroimen eta aitortza ikur zen landare hura. Irudi hark laburbiltzen zizkion bere bizipen guztiak, ezindua, ukatua, ahaztua, bizitzak denok berdin egiten gaituen horretan ere, heriotzan.

Ekiloreak (Les fleurs de soleil frantsesez, El girasol gazteleraz) izeneko kontakizunean jaso zizkigun bizikizun horiek. Kontatzen diguna egia ala egiaren antzeko izateari aparteko garrantzirik eman gabe, zenbaitek egileari salatu zion protagonismo zalekeriaren gainetik ibiliz esan nahi da. Kontakizunak badu gaia, zera eta mamia, aintzat hartzeko lain, bizi gaituenaren antzeko egoeratan burutazioak eta zer pentsatu probetxuzkorik gizentzeko.

Kontzentrazio esparrutako bizimoduaren deskribapena du kontakizunak, barne xehetasun gehiegirik gabe. Hango bizimoduaz dioenak ez dio ekarpen berezirik egingo kontzentrazio esparruen inguruko literatura apur bat irakurri duenari. Esparruko ohiturak, iraun ala hil beharra, sufritzaileen arteko elkarbizitza zaila, hierarkia maila bakoitzarekiko harremanak, eta abarrak, ez dira kontatu digutenaren gaineko berri apartekoak, entzunak entzun, irakurriak irakurri, oraindik ere harri eta zur uzten gaituzten gertakari basati eta kriminal haietako giroetan.

Wiesenthal beste judu talde batekin batera kontzentrazio esparrutik kanpora ateratzen da lanera ezaguna zaion Lemberg hirira. Hirian zehar joan-etorrirako egiten dituzten ibilbideak etsia areagotzea besterik ez dio egiten. Betiko lekuetan jendea betikoa da, falta direnen, eraman zituztenen, inoiz gehiago egongo ez direnen faltan. Baina jende horren betikotasuna aldatu egin da. Jende horrek ez die begiratzen, ez ditu ikusi nahi, ez ditu gogoratzen. Ez ditu gogoratu nahi ghettora eta esparrura, esklabotasunera eta heriotzara, iritsi edo eramandako juduak, muturren aurrean azpigizaki kontsideratuak, hiltzen direnean ekilorerik izango ez dutenak, hil direla inori abisatu beharrik eragingo ez dutenak.

Behingo batean ohikeria agoniatsutik irtenarazten dion ezustekoa gertatzen zaio. Gerra ospitale bihurtutako eraikineko lanetatik bereizten du erizain batek, nora ez dakiela, Karl izeneko gudari naziaren agonia herioaren oheburura, inoizkoan «judurik gabeko eguna» ospatuz leiho zuloan bera botatako juduaren hilotza ikuskatu zuen leku berera. Naziak, hats azkentsuetan, bere bizimoduaren berri ematen dio, haurtzarotik hitz horietaraino artekoa. Aitaren sozialdemokraziaz mintzo zaio, amaren amatasunaz, gazte hitleriarren taldekide bilakatzeaz, gerrateaz eta, zehazki, berak esku zuzena izan eta hartu zuen gertaera kriminalez, eta gertaera haiez geroztiko bizimoduaz, eta horrek heriotzakoan eragiten zion kargaz.

Gudari naziak karga hori gabe, hustuta, libre, hil nahi du eta horretarako preziso du eginak kontatzea, nahi eta nahi ez judu bati kontatzea, eta kontakizuna entzun dion juduari barkamena eskatzea. Judu guztien, erail, erre, persekutatu eta ihesetara uxatutako juduen, ordezkari hauta gabekoa, borondatez kontrakoa, izatea tokatzen zaio Simon Wisenthali. Ez du entzun nahi, entzun beste aukerarik ez du. Esan nahi dio eta ezin esan denbora berriak ez dituela ulertzen. Entzutera behartua gertatzen da nola krimenak burutu zituen, nola uste duen hark berak hildako juduak berea baino sufrikario laburragoarekin, eta erru gutxiagorekin, hil zituen ustea duen, nola damutzen den, nola barkamena eskatzen duen, nola guztien izenean berari eskatzen dion. Entzun eta ihes egiten du, ahalik eta bizkorren, barkatu gabe, barkamenik ez opa eta ez eman gabe.

Kontzentrazio esparrura itzultzean zalantzak eta ikara izan zituen herio orduan nazi hiltzaile bati azken hitzak eta barkamen eskea entzun izana, hitz haiei arreta jarri izana, bere kide hurbilenekoei aitortu ala ez. Isilak berehala egin zion leher gainezka eta gertaera partekatu egin zuen, ez atseginez ordea. Hainbeste mila juduren erailketen parean zergatik jarri beharra zeukan hiltzaile nazkagarri baten heriotza aurpegiratzen zioten galdetu baino areago. Entzute hutsa traiziotzat jotzen zioten, gogoratze hutsa kalifikaziorik zekenena ere merezi ez zuen errenditzea zen. Baina gertaerak eragin zion zirrara eta sortu zion ondoeza errotu egin zitzaizkion bere baitan.

Barkatu egin behar zion ala ez? Zergatik ez zion barkatuko? Zergatik barkatuko zion? Ondo egin zuen ez barkatzea? Gaizki egingo zukeen barkatuz? Barkatzekotan noren izenean egin zezakeen? Bazuen inorenean egiteko eskubiderik? Nahiz eta kontzentrazio esparruko kide hurbilenek arazoa planteatzen utzi ere egiten ez zioten, nahiz eta barkatzeko gogo izpirik ere ez zitzaion etortzen, zalantzarik ezin zuen uxatu. Kontzentrazio esparrura iritsi zen apaiz katoliko poloniar batek bakarrik esan zion barkatu egin behar ziokeela. Apaizek sinestunei ia beti barkatzen diete.

Kontzentrazio esparrutik gerraren bukaerak atera eta geroztikako kezkak hil arteraino iraun zion Wiesenthali. Hemen amaitu ez dudan kontakizuna amaitu eta jende askoren begietara jarri zuen «Zer egingo zenukeen nire lekuan?» galdetuz. Jende askoren erantzunak hizkuntza ezberdinetan emandako argitalpenetan agertzen dira. Simon Wiesenthalek eta gudari naziak, eskaporik gabe, berehala hilko ziren ziurtasuna zuten. Bizi-itxaropenez gaudenokin diferentzia hori behintzat bazuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.