Bisita egin ala jaso

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bada kontu bat kezkatu ohi nauena, edo ohar bezala adierazi behar izaten dudana behintzat. Uste dut ontasuna eta onkeria bereizteko zailtasunak ditugula gure artean, eta gu esatean ezagutzen dudan munduaren zabalera osoaz ari naiz. Onkeria ontasun bihurtzen dugu eta hau gure sentipen eta adimenetik desagertu egiten da zuzena eta egokiaren kaltetan.

Asko gertatzen zait, zinean adibidez. Filmaren gaia Espainiako gerrate zibilarekin zerikusia duena denean, kasu, galdetu egiten diot neure buruari zergatik publikoa ateratzen garen errepublikazaletasun hunkibera ahobatezkoarekin, negar eta guzti eginda, eta hain kontzientzia kontsolatuarekin. Une horrek guztiok egiten gaitu on, zintzo eta zuzen; politikoki zuzena denarekin identifikatzen dugu geure burua, errepublikazaletasuna, demokratikotasuna eta justizia odolekoak bagenitu bezala, belaunez belaun, geure arbasorik urrutikoenetik hasita. Ez naiz ni jendeari zine ikustea edo literatura irakurtzea tortura gisara gomendatuko diona, baina kosta egiten zait errealitate bortitz eta ankerra modurik gordinenean azalduta ikusi eta gero kontzientzia lasai eta kontsolatuz amaitzea.

Molestatu eta guzti egiten nau guztiok hain on izateak eta ontasun horren iraupenak historia osoa zeharkatzen duela pentsatzeak. Gehiago molestatu behar ligukete ondo kontatutako historiek, ondoezaren hurbileko zerbait eragin, zalantza izpi bat. Agian horregatik du literaturak ikus-entzunezkoen ondoan hain errotze urria. Irakurtzeak pentsatzeko beta eman eta eskatzen duelako, eta pentsatzeak kontraesanetan murgiltzekoa. Murgilean bizitzea, jakina, arnasa zaileko eginkizuna da.

Gerrate zibila esaten den lekuan, euskara esaten bada, euskal kultura, beti ere ortodoxia abertzale adiskidetsuz aparreztatua bada, unanimitateak ez du pitzatu arrastorik izaten. Berdin da komedia irrigarri bat, dokumental musikatu bat edo ikus-entzunezko etnokulturala, jendeak berpiztu eta kritikak lokartzen ditu goraipua ez denarentzako lekuak deuseztatuz. Harrigarri egiten zait ahobatasuna inorentzat susmagarri ez izatea edo zalantzarik ez eragitea, harrigarria bezain kaltegarria dela ere esango nuke.

Horrelako bat bizi izan dut Jesus Egigurenek ETBko Bisitaria programan egindako agerpenarekin. Ez dut telebista behatzen eta gutxiago gai hau edo antzekoei buruzko zerbait erakusten digunean. Urduri jartzen naiz, ondoezik, desoseguz, haserre ez denean. Esan dezadan, halaber, inoizkoan ikusten jarriz gero ez naizela ordutan sofatik altxatzen eta ez dudala begirik pantailatik kentzen. Jexuxena ez ikustea erabakia neukan, ez nuen gaizki pasatu nahi, ez nuen tristatuko ninduen oroimenik berritu nahi, ez nuen lehen kontatu dudan zine irteerako zentzazio ahobatezkorik inorekin konpartitu nahi.

Ez nahi baina, telebista aurrean zeuden etxekoei bolumen altuxeagoa eskatuz eta pantaila aurrean eseriz bukatu nuen gaua. Esan dezadan Jexuxek esandakoekin bat etorri nintzela bai eta kontraesanetan ere. Ni ere limurtzen nau euskal lurralde guztiak Euskal Herri batean erakundetzeak, espainiarrekin eta frantziarrekin konpartitzeko konstituzioak, europar izateak, Sabinok eta jarraitzaileek proposatu ez duten nazioak. Eskubide historikoez baliatzeko ere prest nago, alde guztietakoek hala ituntzen badugu, nahiz eta denboran denborako herritarren borondatean fede gehiago izan.

Tristuraz ikusi nuen programa. Han iragan sufritu bat zegoen, iragan errebelatua bezain isildu eta berariaz ignoratua, izateari uzteko arriskuan urte luzez egondako iragana, sinesgarritasuna bortizki lapurtua zioten denbora joanen hondakin larria. Sinesgarri izateko indigenizatu egin behar zuen iragan hark, baserritartu bertakotzeko, aizarnarrez hitz egin euskaraz egiteko, mendira igo gutartzeko, San Inazioren gerizpean nafartu oraindik ere, oraindik ere bagarela, bagarela izaki adina egoskor, badugula, esateko.

Larrera bota duten zezen indultatuaren irudia zen hura, mendian etxeko. Tamalgarri samarra egin zitzaidan ikuskizuna alde horretatik. Abertzale ugari asko poztu ohi dira kontrarioei, beraien antz edo tankerako, ez abertzale batek harremana eta bizikidetza errazten dizkienean eta joera dute, solemnitatez edo gabe, ez abertzale hori beren komunitateko kide bat gehiago dela ozenki aldarrikatzeko eta ospatzeko, kontrako merezimendurik egiten ez duen arte behintzat.

Programaren biharamuna eta ondorenak hala izan ziren, aipatutako zine ikustetik kaleratzea bezala. Egiguren itzuli zitzaien etxera, etxekoen estiloan bizitzera. Irabaziak zituen gizonak ordura arte ukatutako erruki eta elkartasun eskubideak. Hala komentatzen zidaten modurik nobleenez, «urtetan isilpean jardunez zer pasa ote ditu gizon horrek? Horrek bai meritua», «nahi izan balute, aurretik kasu egin baliote, ez zegoan bada zaila» eta antzera. Orain guztiok gara zintzo, on, jator, ia-ia gutar oso, baina araua zein den seguru ezagutu gabe. Zalantza daukat bisitariak bisita egin beharrean bisitaria bisitatua izan ez ote zen, hori dela exijentzia. Ez naiz Euzkitzez ari.

Egigureni ezingo dio inork kendu elkarrizketaren abiatzaile eta bultzatzaile nagusia izatearen balio gorena, ez dakit inoiz behar bezala eskertuko diogun. Baina gorenagoa da oraindik, gorenagorik bada, prozesu honetan solaskide izan dituenei urtetan aurre egiteko jarrera, frente ematekoa, haien kontrako jarrerei eustekoa. Ezinbestekoa zen gaudenera iristeko. Guztiak eskertzen dizkiot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.