Indenpendentzia da demokraziaren abiapuntu

2013ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Gure herria okupatua dagoela da etorkizuna bere kabuz ezin erabaki dezakeen herri batek barneratu behar duen lehenengo ideia. Estatu inperialistak inoiz ez du onartuko bera okupatzailea denik eta egoera normalizatu batean bizi garen mezua zabalduko du sistemaren bitartekoekin.

Menpekotasun egoera horretan gizakia ezin daiteke benetako demokrazian bizi. Hala ere, zaila egiten zaio errealitatea ikustea eta bere jarduera demokrazia batean biziko balitz bezala jorratzen du.

Menperatua dagoen gizarteari dagokio, halabeharrez, estatu okupatu bat delaohartu ondoren, hori salatzea. Horrek motibatzen du herri bat izatearen kontzientzia, independentziaren edo demokraziaren beharra, eta gaurko egoeratik irteteko estrategia bat bilatu beharra.

Estatu nazio batek bere hegemonia politikoa ezarri nahi duenean beti saiatuko da, bere izaeragatik, gizartea homogeneizatzen, bere nagusitasunarentzat arriskutsuak diren arlo guztietan. Berea dela uste duen lurraldean, estatua sostengatzen duen herria izan ezik beste guztiak ezabatu beharrekoak dira; ez direla existitzen esango du, ez dagoela beste herririk, komunitateak edo demos-ak baizik.

Gero eta zabalduagoa dago gure artean iruzur hau: existitu behar duen guztia, berandu bada ere, noizbait existituko dela, Arrazoimen eta Zuzenbidezko balizko printzipio unibertsal eta kategorikoen arabera. Teoria horrek dio estatu baten (Espainia, kasu) nahitaezko bilakaera demokrazia dela. Berdin dio nola heldu den estatua izatera, horrek ez du garrantzirik, ezkutatu egiten da bere izaera inperialista. Biolentziaren bidez egin badu ere, lehenago edo beranduago demokrazia bilakatuko da estatu hori; besterik gabe onartu behar den zerbait omen da.

Azkenean barneratu egiten dugu demokrazia batean bizi garela, gabezia batzuekin bada ere. Gabezia horiek desagerrarazi ondoren, «marko demokratiko» bat lortu ondoren, Espainian (Espainiaz esandakoa Frantziari ere aplika diezaiokegu) dena izango dela posible sinetsarazten digute; baita Espainiako edozein komunitate edo demos-ean estatu berri bat ezartzea ere, gurea kasu.

Beraz, batzuk planteatzen duten estrategia da, lehenengo «marko demokratiko» bat lortzea Espainian eta ondoren independentzia. Demokrazia formal baten printzipioek onartu beharra baitaukate estatu berri baten sorrera: etorkizunean, noizbait, menperatzailearen erraietatik ernatuko den zerbait.

Halako «marko demokratiko» bat ezin gauzatu daitekeen zerbait da, pentsa ezina, absurdo bat, inposiblea; inoiz eta inon eman ez dena. Espainiako estatuaren sorrera historiaren gertaera bat izan arren, ez da ezinbeste edo halabehar bat, baizik eta zapaltzailearen biolentziak sortutako ordena injustu baten emaitza antidemokratikoa. Emaitza horren aldaketa —independentzia, eta ondoren demokrazia— ezin da etorri, noski, kolonizazio egoera normaltzat hartzen duenarengandik; zapaldua dagoenak aurkitu behar ditu bere askatasunaren bideak.

Demokrazia, herriaren gobernua edo boterea bezala definitzen da eta mundu guztiak, aho batez, formalki behintzat onartzen duen sistema bat da. Baina demokrazia modernoaren teorizatzaile askok —ondo finkatutako eta bermatutako estatuetan bizi diren horiek— demokrazia moderno horren atzean dagoen premisa edo aurrebaldintza bat ezkutatzen dute: beste nazioak desagerrarazten dituen estatu nazio inperialista.

Indarkeriaren bidez heldu dira estatu nazio izatera; guk, aldiz, haiek (biolentoak) eskaintzen dizkiguten bide baketsuak jarraitu behar ditugu: elkarrizketa, negoziazioa, elkar bizitza, kontsentsua, sedukzioa, Espainiarekiko dibortziorik ez … haiek demokraziaz mozorrotzen duten bidea, hain zuzen ere. Hau da, gure herri izaera indarrez ukatzen digutenekin adostu behar omen dugu gure etorkizuna.

Bidea ez da hori; zapaldua dagoen herriak ezin du zapaltzailearen baimenaren zain egon. Gure independentziak ez du Espainiaren «demokratizazioaren» zain egon behar. Estrategia horrek alderantziz ipintzen ditu terminoak: ordena ez da lehenengo nazionalismo oldarkor edo erasotzailearen demokrazia eta ondoren independentzia; ezinezkoa da egoera demokratiko bat, aurretik ez bada lortu gure independentzia. Hori da demokrazia batek ezinbestean bete behar duen lehenengo baldintza. Hori esan nahi du autodeterminazio eskubideak.

Euskal Herriak bere kabuz pentsatu eta jardun behar du bere benetako egoera okupazioarena dela ikusi dezan, ez dela demokrazia batean bizi ohartu dadin, eta berak bakarrik hartutako erabakiek eramango dutela askatasunera barneratu dezan; ez ordea, herri gisa desagerrarazi nahi diguten horiekin lortutako akordio hutsal edo adiskidetsu baten bidez.

Horregatik da independentzia demokraziaren abiapuntua, horregatik da independentzia demokrazia baino lehenagoko premisa bat, beharrezko aurrebaldintza bat. Hori da ordena eta ez alderantzizkoa. Independentzia landu eta lortu behar da jadanik, berehala. Askatasuna lortzean egingo dugu, agian, Espainia demokratikoagoa. Gure independentziak gauzatu lezake estatu horren demokratizazioa.

Utz diezaiegun, beraz, beren etxeko lanak egin ditzaten eta egin ditzagun guk gureak: erakunde nazional propio bat eratu, bertatik egiteko independentziaren aldarrikapena.

Indar guztiak erabili behar ditugu berehalako independentzia lortzeko. Distrakziorik gabe, gure estatuari, sozialista, kapitalista, feminista, matxista, antimilitarista, errepublika, monarkia edo horrelako adjektiborik jarri gabe lortu aurretik. Herriak erabakiko du, ondoren, zein koloretakoa nahi duen bere estatua. Ondo dago bakoitzak bere estatu eredua irudikatzea baina helburu estrategiko bakar eta berehalakoa, independentzia lortzea da, demokraziara heltzeko. Eta «baldintzaturiko edo gerorako utzitako autodeterminazio eskubidea» kontraesan hutsa da, absurdo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.