Beatriz Zabalondo.

Argi hastetik aitzina

2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Argitaratu berria da 2012ko Jakin-en azken zenbakia. Hantxe aurkitu dut artikulu honetarako abiaburua: azaroan jaso zituen bi sariren ekitaldietan Joxe Azurmendik esandako hitzak. Jakina denez, Dabilen Elea, euskal liburuaren unibertsoa osatzen duten elkarteek emana, eta Eusko Ikaskuntza-Kutxarena izan ziren sariok.

Ez dakit zenbatek irakurriko zituen Azurmendiren hitzok: askok, pentsatu nahi dut. Batetik, filosofoaren hitzak bizi-ikasgai direlako, eta, bestetik, Jakin-ek irakurle asko izateak barru-barruan poztuko nindukeelako: euskal aldizkari batek irakurle asko izatea gauza ia mirarizkoa baita.

Azurmendi ezagutu dutenek ez badute baimenik hartaz hitz egiteko, nik are gutxiago. Baina ezin dut aukera hau pasatzen utzi hain xume eta hain dotore eskaini digun ikasgaia aipatu gabe. Ekitaldi haietan bilbatu zituen gai eta autore guztiak eta iradokitzen zituenak, hala ere, ezin dira bildu hemen.

Joanmari Torrealdaik lehen sari-ematean gogorarazi zuenez, Azurmendi «ausart, politikoki ez-zuzen askotan, independente beti, modu konprometituan baina ez politikoki konfesional» jardun da saiakeragintzan. Sarien ekitaldietan ez zen saiakera egiten ari Azurmendi, baina talaia beretik ziharduen.

Zailena ahia eginda emateko gaitasunarekin, bi ideia azpimarratzen ditu maisu handiak espresuki: lana eta euskara. Biak ala biak funtsezkotzat ditu Azurmendik, gizabanakoaren askatasunerako bezala, baita herri baten bizitzan ere, eta, zehazki, lanaren balioaz eta hizkuntzaren balioaz ari zaigu: «Lana, esku-lana bezala buru-lana, giza eta gizadigintzaren, eta herrigintzaren oinarria da. Askatasunaren oinarria da». Beraz, lana lana da, edozein delarik: hogeita hamar urtean fakultatea garbitzen aritu den emakume saiatuak egindakoa, buzo urdin koipez betetako mekanikariarena, edo mediku nahiz artista gorenek egiten dutena. Zer esanik ez politikari (omen) direnena. Alabaina, lehentxoago argitu zuen: «Denek lan denak egitea, lanaren kalitatea jaisteko hobea [da] jasotzeko baino». Hots, bakoitzak beretik jardun behar du, dagokion lekutik. Denok gara giza-taldekoak: hona hemen Manifestu atzeratu-ko «denok gara herria» hura. Batera goaz bidean, eta «bidegintza amankomun» horretan planteatu du filosofoak ere bere lana; bere sormena garatuz, bere egitekoari eutsiz, baina beti taldekideekin bidaide. Eta, esan gabe doa, lanaren kalitatea jasotzeko helburuarekin.

Honela diosku lanaren askatasuna zertan den azaltzean: «Lana bera ez da askatasuna; aitzitik, gehienetan lotura bezala sentitzen dugu, eta bera ere askatu eta humanizatu beharra daukagu. [Ez dira betiko garai onenak, zinez] Baina miseriatik askatu eta premia materialen asea ekarri ez ezik, komunitatea lotu, askatasun pertsonalari eta familiari, herriaren askatasunari eta ongizatearen oinarria ipini, berak egiten du». Nago Azurmendik dioen miseriatik askatzeko eta premia materialak asetzeko egin dugula lan, eta ez «herri pobre eta baztertu» baten zerbitzuan, berak egin duen bezala. Alegia, komunitatearen eta herriaren askatasunari lotu gabe jardun dugu. Hau da, gizartearen zerbitzura gaudela kontuan hartu gabe, komunitatearen hobebeharraz ohartu gabe. Begiratu diogun baino gehiago begiratu behar genion herriaren zerbitzura jarduteari, nik uste.

Zientziaren eta teknologiaren kale-kantoitik Enrike Zuazua matematikari ezagunak ohartarazi zigunez (7K, 2012ko urria): «Dena hobetu da, norabide zuzenean egin dugu bidea, baina aukera egon da azken hogei urteak askoz hobeto aprobetxatzeko eta [orain] hobeto posizionatuta egoteko».

Azurmendik ere gizartean egin den bideari begiratzen dio, eta asko egin dela deritzo: euskararen inguruan, batez ere. «Denen artean egiten ari gara», dio Azurmendik, bakoitzari bere lana aitortuz: idazleei, editoreei, ikastoletako irakasleei, kazetariei, hiztegigileei, gramatikalariei... Denak bidaide ikusten ditu/gaitu, denok familia horren partaide. Familian jardunda ere «haserre batzuekin, eta laguntasun askoren geure artean» jarduten baita; eta, hain zuzen, horrexegatik ere bagara familia. Oroz gain, familiaren barruan aritzearen ideia gailentzen zaio: batzuek egindakoa ezin da besteena gabe izan, bidaiderik gabe ezinezkoa baita jakituriaren bidea egitea.

Hor aipatzen ditu, diktaduraren antzutasun intelektuala gogoratu ostean, Euskal Herriak gerraostean eman zituen maisu handiak: Barandiaran, Lekuona, Caro Baroja, Orixe, Mitxelena, Villasante, Santamaria, Arizmendiarrieta, Krutwig, Mirande, Aresti, Txillardegi... Haiengan oinarrituta eta haiengandik edanda sortua edo eratorria da bere obra: «Begiratzen badiot nirea omen den obra horri, egiaz autore asko dauzkala ikusten dut».

Zuazuak ere begiratzen du atzera: «Gure guraso eta aitita-amamak oso ausartak izan ziren; arriskatzen jakin zuten, dinamikoak izaten; etorkizun hobea erdiestekotan (nahiz eta luxurik gabea, eta ohoragarria deritzot horri), haiek bazekiten metatutako ondasunakberriro aberastasun bihurtzea zela bidea». Eta ez dihardu ehun industrialaz bakarrik. Ikastolen sorrerako ekintzailetasuna gogoan hartuta, hauxe gehitzen baitu: «Aldaketek gizarte zibiletik etorri behar dute; banakoek batuta lortzen baitute soilik gizartea eraldatzea»: Azurmendiren espiritu bera, finean.

Euskal gizartean eraldaketa handiak ezagutu eta bizitakoa da filosofoa, eta pozik ageri zaigu aldaketok euskararen barrutik gauzatu direlako: «Ez da izan euskara lantzea bakarrik». Euskararen modernizazioaz eta mentalitatearen modernizazioaz ari da.

Azurmendiren ibilbide horretan hizkuntza izan da beti erdigunea. Eta hortxe ikusten du «arazo gaitzena» ere: «Gure lana, eta borroka, politika, ekonomia, informazio trukea, artea, ez direla gure hizkuntzaren barruan gertatzen ari». Herri bat gauza askok egiten badute ere, hizkuntza da ardatza; horregatik da «substantziala» filosofoarentzat euskararen hautua. Eztabaida ezina.

Argirantz gidatuko gaituzten herri-ehuleak behar ditugu, «herri puskatu» honek dituen arazo eta erronketatik ateratzeko. Herriaren mintzoari entzunda, familia sendotuta, askatasunean irabazi eta kanpotik datorkigun «indarrari» herri gisa erantzuten jakiteko. Barrutik txikitutako herri honek, «identitatea puskatuta» duen honek, irabaz dezan askatasuna, ez merezi duelako, hala nahi duelako baizik. Aske izatea eskatu duelako. Eta ez ukatu nahi digutenei are oldar handiagorako arrazoia emateagatik, ezpada «normalizazioa nahi dugulako». Eta hori oso gauza sentzilloa da: «Euskal herriko komunitatea berriro bakean eta elkarren laguntasunean bizi ahal [izatea], hau da, denok denekin eta denek denei elkar ulertuz».

Herriaren askatasuna poltsiko batean kabituko balitz bezala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.