Laura Gomez.

Bortxatuak izateko jaioak

2013ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Sei gizonek 23 urteko emakume bat bortxatu dute New Delhiko autobus batean». «Bederatzi urteko neskatoa bahitu eta bortxatu dute bi gizonek Pakistanen». «Donostiako Egia auzoan 17 urteko neska bat bortxatu dute hiru gaztek». «Bi mutil 19 urteko bi neskari sexu erasoa egiten saiatu dira Elgoibarren, Gipuzkoa».

Egunero, emakumeen kontrako indarkeria matxista neurriz kanpokoak eragiten digun amorruari eta haserreari aurre egin behar izaten diogu. Horretarako, ezinbestekoa da guk, indarkeria horren guztiaren jomuga garenok, diskurtso erreboltariak sortzea, erasorik erantzunik gabe ez uzteko. Izan ere, emakume bati egindako erasoa, guztioi egindako erasoa ere bada.

Azken aste hauetan, Gipuzkoan gertatu diren hainbat erasoren berri izan dugu komunikabideetan, eta horiek guztiek hamaika artikulu eragin dituzte. Indarkeria matxista kasu puntualekin lotzera mugatzen diren analisi sinplistetatik urrun, azken egunetan sortu den eztabaidari ekarpena egin nahi genioke, eta hausnarketa bat proposatu; errealitate horren benetako kausa edo zergatien inguruan eta, egunen batean bakean bizi ahal izateko, emakumeok hartu behar dugun bideari buruz.

Sexu erasoak eta, horien artean, bortxaketak, eguneroko errealitatea dira emakumeentzat, bai gure lurraldean eta bai munduko beste edozein lekutan ere. Dena den, nahiago izaten dugun horrelakoak atzerrian utzi. Ezinezkoa da gizonek emakumeen kontra egiten dituzten sexu erasoak kuantifikatzea, komunikabideen bidez jakinarazten diren edo aldez aurretik salatuak izan diren horien berri izaten baitugu bakarrik. Gainerakoak, gehienak, ez dira ezagutzen; beste hainbat arrazoiren artean, sexu erasoa salatzea zaila delako emakumeentzat.

Ez dago emakumeen kontrako indarkeria matxista akabatzeko «tekla magikorik», nahiz eta antzeko iradokizunik jaso boladako zenbait analisitan. Eta ez dago halako «teklarik», indarkeria horren kausa, jatorrian, sistema (legal, juridiko, sozial, kultural,...) kapitalista, sexista eta patriarkala delako; emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak babesten eta legitimatzen dituen sistema, alegia.

Ikuspegi horretatik, eraso matxistek ez diote erantzuten indibiduo batzuen portaera isolatuari; aitzitik, neurri handiagoan ala txikiagoan emakumeen kontrako indarkeriarekiko permisibitatea posible egiten duen sistemaren parte dira erasoak. Giro horren oinarrian dago, hain zuzen ere, portaera bortitz eta matxista ugari eta anitzei eman zaien legitimitatea; legitimitatea jasota ere, azken finean, emakumeok gure bizitza osoan bizi ditugun eraso diren portaerak. Sexu erasoak, askotan, ligatzeko modu legitimotzat hartzen dira, eta horien larritasuna erlatibizatu egiten da, heterosexualen gorteiatzeko kode naturalaren parte direla ulertzen delako.

Baina ez. Gizonek sexu erasoak egiten dizkiete emakumeei, mendean hartzen dituztela erakusteko, plano intimoenean, sexualitatean, eta hala egin dezaketela uste dutelako. Horrek gogorarazten digu, azken finean, zulo bat garela, objektu bat, bortxa daitekeen gorputz bat.

Emakume guztiok beldur diogu bortxatuak izateari, eta, beldurraren gidoi horri jarraituz, uste dugu gure erantzukizuna dela bortxaketari aurrea hartzea. Horrela, gizarte osoak ebaluatuko du erasoa justifika zitekeen ala ez, galdetuko digu nola gindoazen jantzita, zergatik genbiltzan han, erasotzailearekin lakrikunkeriatan ibili ote ginen, zergatik joan ginen bere etxera... Erruak, bortxatua izan denaren estigmak eta gertatutakoaren egiazkotasunaren inguruko zalantzak azaltzen dute, azken finean, zergatik diren hain gutxi salaketa jartzera ausartzen diren emakumeak.

Eta zer gertatzen da erasotzaileekin? Noiz erakutsi behar diegu gizonei ez zaizkiola lizunkeriak oihukatu behar goizeko hiruretan kaletik bakarrik doan emakume bati, tabernetan ez dela ipurdirik ukitu behar, sexu-organoekin igurztea erasoa dela, hitz egiterakoan gutxieneko distantziak errespetatu behar direla eta, batez ere, emakume batek ezetz esaten duenean ezetz esan nahi duela?

Premiazkoa da gizonezko guztiek hausnarketa egitea, indarkeria matxistari dagokionez betetzen duten egitekoaren inguruan: zer den eraso bat eta zer ez den identifikatzeko zailtasunak, erasoetan duten parte-hartze aktiboa, edota soilik ikusle pasibo gisa betetzen duten egitekoa, erasoaren aurka egonik ere.

Beraz, «tekla» hori da, besterik gabe, guztion bizitza antolatzerakoan lehentasuna ematea pertsonei, pertsonak jartzea erdigunean, berdintasun egoeran. Horrela sortzen dira guztiok indarkeria matxistarik gabeko bizitza libreak bizi ahal izateko ezinbesteko ditugun baldintzak. Kontzientziazio eta informazio kanpainak, autodefentsa feminista, hiri debekatuaren mapak, hezkidetza... Tresna horiek beharrezkoak dira, ezinbestekoak. Baina hori guztia ez da nahikoa, baldin eta berdintasun politikak bazterrekoak badira. Gogoan har dezagun; bestela, ez dugu inoiz amaituko emakumeen kontrako indarkeria matxista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.