Emakumeena da erantzuna, eta askatasuna

Diana Urrea eta Carmen Garcia
2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Emakumea ez da erantzulea; hori izan da Gallardonek Senatuan ugalketa eta sexu eskubideen legearen gaineko erreforma defendatzeko erabilitako argudioa. Hain zuzen ere, ministro jauna, hor dago koska, eta hona hemen zure benetako asmoen biluztea: emakumeak obedientzian kokatzea, adingabe izatea leporatuz, haien gorputzen gaineko erabakiak hartzeko gai ez izatea baieztatuz, emakumeak zigortuak izatera edota haien osasunerako arrisku larriei aurre eginez, abortu klandestinoak egitera bultzatuz.

Badiozu, halaber, ministro jauna, dilema hortxe dagoela; emakumeen bizitza proiekturako eskubidearen eta Ā«ez jaioarenĀ» bizitza eskubidearen arteko koordinazioan, alegia. Baina hori ez da zuzena, Alderdi Popularreko segizio taldeko ultrakontserbadore Gallardon jauna, ez zaitez argudio moralistekin inguru-minguru ibili. Bioetika batzordeak Kiko, Opus Dei edo Legioko militanteekin beteko dituzue, baina horietariko inork ezingo du hobeto arrazoitu bizitza bat non hasi edo bukatzen den, haien moralkeria katolikoa mundu osoari ezarri nahi badiote ere. Ideologia kontserbadorearen soldadu hutsak dira, bioetikaren funtsezko oinarria beren gizonezkoen genitaletatik pasatzen dute: morala pertsonala eta besterenezina dela baieztatzea.

Nola kokatu borroka garrantzitsu hori? Hau da, sistemarentzat erabilgarriak, obedienteak eta sumisoak diren emakumeak aldarrikatzen eta eskatzen dutenen eta lotsarik gabeko emakume askeak aldarrikatzen eta egunetik gunera harrapatuta gaituen dominazio sistema anitz horretatik emantzipatzeko borrokan gaudenon arteko borroka. Abortuaren inguruko etorkizun mediatikoarekin aurrez aurre gaude, bi protagonista nagusi izango dituena: alde batetik, PSOE dago Estatu aferetan Roucoren mutur sartze ugarien gainetik, eliza katolikoarekin hitzarmena beti mantendu zuen alderdia; alderdi honek ez du inoiz emakumeen haien bizitzaren eta sexualitatearen gaineko erabakiak askatasunaz hartzeko osotasunezko eskubidea defendatu, ezta amatasunaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea ere, epe, tutoretza eta nahitaezko gogoeta denboraldi barregarriak ezarri zituztenean. Eta, bestalde, PP dago, ideologia kontserbadore eta erreakzionarioena txalotzen duena Espainia atzerakoi eta beldurgarri honetan. Bi alderdiek berriro ere, gu emakumeaz eta gure askatasunaz baliatu nahi dira, botere kala gisa erabiltzeko sufritu duten hauteskunde beherakada horretan botoak eskuratzeko ahalegin batean; azken finean, haien helburu eta izaten jarraitzeko arrazoi bakarra.

Halere, guretzat, emakumeontzat eta feminismo antikapitalistarentzat eztabaida, hipotesien eta epeen inguruko liskarren gainetik dago. Zuek, patriarka aitortuak eta politikoki neomatxista zuzenak, ez gaitzazue zorabiatu. Abortu eskubidearen aldeko borroka krisiaren kontrako borroka da, emakumeon aspaldiko ezaguna, betiereko ezegonkortasun eta kalte egoera batean mantentzen gaituena, eta atzoko kontua ez dena.

Abortatzeko baimena eskatzea inposatzen badigute, patriarkatuak beste guztian ere obedientzia inposatzen ari zaigu, ez gaituelako gure gorputzaren, bizitzaren, sexualitatearen eta amatasunaren gaineko erabakiak hartzeko pertsona autonomotzat hartzen. Etortzear dagoen legeari intsumisioa egiten badiogu, bortizkeria Kode Penalaren zigor forman etorriko zaigu edota abortu klandestino gisa, gure osasuna eta bizitza arrisku larrian jarriz. Legeak aurrera egiten badu, aberatsek eskubide aitortu hori edukiko dute goi klaseari dagokion zuhurtasunaz bada ere, eta pobreek, berriz, ez dute inondik inora bermatuta izango. Abortua kapitalismoa irabaztera eramango duen negozioa bihurtzen bada, osasun publikoan modu kontsekuentean egindako ebakuntza publikoa izateari utziko dio. Abortatzea ezinezkoa bazaigu, seme-alabak erditzera eta zaintzera behartzen gaituzte, kapitalaren infernuko gurpilaren ekoizpena martxan mantentzeko, bitartean, haiek utzitako apurrekin pozik bizi gaitezen ongizate kaskar bat ere mantentzeko gai izango ez den gizartean. Abortatzea ezinezkoa bazaigu, amatasuna eta zaintza gure etorkizuna izaten jarraituko dute, etxeetan garatuko dena. Eta bertatik, Menpekotasun Legearekin bezala, aplikatu diren murrizketen erasoak leunduko ditugu gure lan isila, doakoa eta ezkutatuarekin. Abortatzea edo ez abortatzea erabakitzeko ahalmena ez badugu, zeinek esango digu orduan desiratzen dugun, nahi dugun eta behar dugun antolaketa sozial eredua erabakitzeko berdinak garenik?

Ez dugu inolako itxaropenik Diputatuen Kongresuetako larruzko eta urre-kolorezko besaulkietatik etorriko den liskar honetan, ez eta Erreinutik jasotako edozeren aurrean, UPNk edo EAJk intsumisiozko jarrera bat izatea, are gutxiago, horien DNAk gordetzen duen tradizio eta murgilketa katolikoa kontuan hartzen badugu. Baina badugu itxaropena, eta nolabaiteko fedea ere aitortzen dugu: emakumeok kolektiboki desobeditzeko eta jabetzeko dugun boterean tinko sinesten dugu, hamaika buruko munstro kapitalista eta patriarkal horren kontra erabiliko duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.