Greba sistemari

Oskar Matute eta Diana Urrea
2013ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Soberan zaude, Urkullu jauna. Gure legebiltzarkide bat hala mintzatu zitzaion murrizketa basatiak eta pertsonen duintasunaren aurkako erasoak onartzea beste aukerarik ez dagoela behin eta berriz errepikatzen duen lehendakariari. Izan ere, politika egingarri bakarrak troikak eta merkatuek agindutakoak badira, eskuma ari da esaten parlamentariak soberan daudela, ordezkari politikoak soberan daudela eta demokrazia bera soberan dagoela. Tamalez, inoizko fase suntsikorrenetako batean dagoen kapitalismo honen arauetako bat da hau honezkero.

Finantzen krisiak, asmo utopikoak isiltzen zituen ongizate estatu deiturikoa lurperatzeko balio izan duen aitzakia perfektu bihurtzetik bost urte baino gehiago igaro direla, aitzakia sorta galanta sortu du haien lana leialki bete nahi duten buruzagientzat: miseria kudeatzea, hain zuzen. Hala, hondamendia eragin duenak hondamendia gainditzeko bere burua aukera bakartzat aurkezten duen lotsagabekeriaz, sistemaren txotxongiloek, Rajoy, Barcina edo Urkulluk, ez dute haien politiken ondorioen erantzukizunik aitortzen. Barre egiten digute beste biderik ez dagoela sinetsarazi nahi digutenean, eta gerrikoa estutzeko leloa agortu ondoren isilik egotera gonbidatzen gaituzte, badakitelako gehiengoak gerrikoaren belarria ere eman behar izan duela.

Eta klase herrikoiak sistematikoki garbituak izan direnean, beren eskubide guztiak zapalduta ikusten dituztenean, ezinbestekoa da gizartearen erantzuna. Izan ere, demokrazia, eskumako alderdiei min egiten badie ere, askatasunen eta eskubide sozialen onarpenean eta lorpenean oinarritzen da. Ez baita demokrazia etxe-kaleratzeak gauzatzea, pribatizatzea, pertsonak lanetik kanporatzea eta prekarietatera kondenatzea.

Kapitalaren logikari men eginez, eskumak ezetz dio gehiengo sozial eta sindikalak maiatzaren 30erako deitutako greba orokorrari. PNV eta PPko ordezkariek, Aburto eta Cospedal, hurrenez hurren, berriki bat egiten dute eragile sozial eta sindikalei esanda politika egin nahi badute hauteskundeetara aurkez daitezela. Bitxia da iradokizun hori bozen menpe inoiz egon ez diren erakunde ilunek agindutako politikak aplikatzen dizkigutenen eskutik etortzea. Horrexegatik, zilegi da euren bitartekaritza bertan behera uzteko eskatzea eta zuzenean patronala izatea hauteskundeetara aurkezten dena, Confebask zein CEOE, beren menpeko PNV, PP, PSOE eta UPNren ordez. Elizari ere eska dakioke zuzenean hauteskundeetan parte har dezan, behin eta berriz saiatzen baita hezkuntza edo emakumeen ugalketa eta sexu-eskubideen alorretan eragiten.

Euskal Herrian, zoritxarrez, greban parte hartzeko arrazoiak soberan dauzkagu; Hegoaldean, dagoeneko, 237.000 arrazoi baino gehiago, hain zuzen. Arrazoiak badauzkagu ere hezkuntzan, osasun arloan eta mendekotasunean eginiko murrizketei aurre egiteko, beren lanaren bitartez, orain prekarizatuagoa, ikusezinagoa eta baliogabetuagoa, berriro bizitzaren zaintza emakumeen ardurapean uzten dutenak. Gazteriaren erdiak ere, lana eta duintasuna alferrik bilatzen duten gazteek, grebara joateko arrazoiak ematen dizkigute. Hala egiten du dagoeneko %11ra heldu den pobrezia tasak ere, edota hamar familiatik batek bere kide guztiak langabezian izateak.

Uztailean lan-erreformak dozenaka hitzarmen galaraztearen ondorioz milaka pertsonaren lan-baldintzak prekarizatzea ere beste arrazoi bat da kalera ateratzeko eta espoliatzaileei aski dela esateko. Gipuzkoan enpresarien gosea noraino hel daitekeen erakusten digun eredu garbia daukagu. 4.800 emakumeri eragiten dien zahar etxeetako langileen gatazkan, Aldundiko Gizarte Politika Sailak esku hartu du beren soldatak eta lanaldiak bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak mahai gainean jarrita. Proposamen horri erantzuteko, Adegik foru gobernuari salaketa jartzea erabaki du, administrazioak lan-eskubideen aldeko bitartekaritza lanak egitea ezohiko esku-hartzea dela uste duelako. Horixe da ezkerrak bete behar duen lana instituzioetan dagoenean.

Erkorekak dio greba honen alde egiten dugunok geure burua herri-hitzarmen batetik kanpo uzten dugula, eta Aburtok ziurtatu du lanuzte honek gizartearen aurka egiten duela. Geure buruari galdetzen diogu zein ote diren aipatzen dituzten herri eta gizarte horiek. Gogorarazi behar diegu protesta egiteko eskubidea demokraziaren oinarrizko ezaugarria dela. Eskumak ezin du hau onartu, ez Aznarren garai frankistaz harro ageri den espainiarrak; ezta euskal eskumak ere, jeltzaleak gobernuan egotea agindu jainkotiarra dela uste duena; noski, Madrili enbarazu gehiegi egin gabe eta, batez ere, adiskide bankari eta eraikitzaileen onuran.

Egoera honek egiaztatzen du kapitalismoari demokraziak berak traba egiten diola. Horregatik, edozein erantzun edo desobedientzia ekintza indarkeriarekin lotzen dute. Baina zalantzarik ez izan benetako indarkeria etxetik, lanetik edota herritik kaleratuak izaten direnek pairatzen dutela. Izan ere, EAEn 10.000 gaztek baino gehiagok prekarietatetik eta lan eskasiatik ihes egin behar izan dute dagoeneko. Indarkeria da eskola publikoetan desnutrizioa onartzea eta etorkinak ospitale baten atarian hiltzen uztea. Manifestarien escrache-ek euren klase eta etxeetako bakea inbaditzen dutela salatzen dutenak dira indarkeriaz jokatzen dutenak.

Mugimendu herrikoien borrokak eta, hein handi batean, langile borroka dira azken mendean aberastasunaren birbanaketa hobea gauzatzea eskuratu duten lorpen sozialen benetako egileak. Baina une historiko honetan, guztia suntsitu dutenean, soilik mugimenduak berrartikulatuz eta ezkerreko eragile sozial, sindikal eta politikoek eratutako harresi sendoa sortuz posible izango da demokrazia deitu ahal izango dugun antzeko zerbait berreskuratzea.

Alde horretatik, maiatzaren 30eko deialdiarekin batera, kapitalismoa lurperatzeko eta gure bizitza duinak euren kapitalaren aldeko apustuaren gainetik daudela aldarrikatzeko beharra kalera aterako dugun egunean, Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Gutunean irudikatuko den alternatibaren etorreraren itxaropena daukagu. Aukera bikaina da, ez sistema berreraikitzeko, sistema bera gainditu eta errotik eraldatzeko baizik. Bihur dezagun prozesu hau azken hamarkadetako herritarren jabekuntzarako ariketarik indartsuen, gobernu autoritario eta ustelei aurre eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.