Laura Gomez.

Autodefentsa: eskubide legitimoa emakumeentzat

2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Uztailaren 11, osteguna. Oñatin nago, genero indarkeriari buruzko nazioarteko kongresuan. Whatsapp baten bidez jakin dut emakume batek Urumea ibaira jauzi egin duela bere bikotekidearen heriotza mehatxuetatik ihes egiteko. Larri dago, zainketa intentsiboetako unitatean. Beste emakume batek, Irunen, bere bikotekidearen erasoetatik babesteko labankada bat eman dio. Atxilotuta dago, eta bere aurkako eginbideak hasi dituzte genero indarkeriagatik.

Osasunaren Mundu Erakundeak indarkeria matxistaren izaera «epidemikoaz» hitz egiten du azken txostenean. Nik ikusten dudana da erabat prestatuta dagoen sistema bat, emakumeak gizonen mendean jartzeko, eta asmatutako diseinu hori hausten dutenen edo zalantzan jartzen dutenen jokabidea arautzeko pentsatuta dagoena. Izan ere, sistema patriarkala kultura, gizarte, lege, politika eta ekonomia erregulazio baten emaitza da, Gipuzkoan eta mundu osoan emakumeen denbora, gorputza, afektuak eta lana desjabetzeko eta gizonen zerbitzura jartzeko pentsatuta dagoena. Eta berdin dio beltzak, latinoamerikarrak, gazteak edo helduak, bankariak, supermerkatuko kutxazainak, sexu-langileak edo politikariak garen edo ez. Arrisku faktorea emakume izatea da.

Gaur egun hori zalantzan jartzen dutenek ez dituzte oraindik barneratu edo bereganatu sistema honek nola funtzionatzen duen zehatz-mehatz azaltzen duten hainbat eta hainbat ikerketa feminista. Edo oso ondo ulertu dute feministek erakutsi dutena dela hau guztia botere harremanekin eta gizonek bizitzaren esparru guztietan abantailak eta pribilegioak galtzearekin zuzenean lotuta dagoela.Eta, noski, aldaketen aurka egiten dute.

Goizeko hamabiak dira eta ezin dut kongresua jarraitu. Bi emakume horiek erasoen aurrean hartu duten ihesbidean eta horren ondorioan pentsatzen ari naiz: zainketa intentsiboetako unitatea eta atxiloketa.

Eta hauxe galdetzen diot nire buruari: zer irtenbide dugu emakumeok? Autodefentsa ez erabiltzea erabakitzen badugu, hil egiten gaituzte edo geure buruaz beste egitera bultzatzen gaituzte. Baina, geure burua defendatzen badugu, atxilotu egiten gaituzte. Bakarrik onartuko gaituzte biktima gisa defentsa legitimoa erabiltzen ez dugun bitartean?

Emakumeok eskubidea dugu indarkeriako egoera arinenei eta larrienei erantzuteko aukera emango diguten bitartekoak izateko, kriminalizatuak eta birbiktimizatuak (behin eta berriz biktimizatuak) izan gabe. Emakumeok defentsa legitimorako eskubidea dugu.

Eta, bereziki, erakunde publikoetatik ezin baditugu gerora gerta daitezkeen beste eraso batzuk saihestu edota ezin badiegu babesteko behar duten laguntza eman. Eta garbi dago ahaleginak egin arren hobetu egin behar direla ikuspuntuari, kalitateari eta kantitateari dagokionez prebentzio, detekzio eta arreta sistemak.

Indartu egin behar da osasun, polizia, epaitegi eta gizarte zerbitzuen esparruko langileen prestakuntza espezializatua, baita profesional horien lan baldintzak ere, arreta eta laguntza egokia ziurtatzearren. Salaketak izan behar du indarkeriatik ateratzeko ibilbidearen beste puntu bat. Ezin da ulertu laguntza ekonomikoetara iristeko sarrerako ate gisa. Emakumeak ez dira diru laguntzen onuradunak, eskubideen titularrak dira, eta eskubide horiek gauzatzeko aukera izan behar dute, salaketa jarri edo ez. Eta indarkeria matxistaren ofiziozko ikerketa judiziala bultzatu behar dugu. Ezin dugu onartu hainbat abusu larri egotea, indarkeria psikologikoa, esaterako, justiziaren bidez garbitu ezin direnak frogak falta direlako.

Badakigu bikote harremanetan emakumeek indarkeriatik ihes egitea oztopatzen duten elementuetako batzuk direla, besteak beste, prekarietate ekonomikoa, beldurra, lotsa, bakartasuna edo maitasuna. Bai, maitasuna, indarkeria matxistaren zurigarri gisa, amodio erromantiko hori. Emakumeok bikoteko maitasuna eskaintza, borroka, sakrifizio eta bizi-lorpen gisa ulertzen ikasi dugu. Eta maitasunaren ikusmolde hori mito arriskutsuena da. Bikoteko maitasuna zorion iturri bakarra bada, ahal dugun guztia egingo dugu horri eusteko, nahiz eta geure buruarekiko konfiantza eta egonkortasun emozionala hondatu, edota gure askatasun sexuala eta gure bizia arriskuan jarri. Hainbat eta hainbat emakumeri entzuten diogun «azken batean, maite nau» horrek modu errazean laburbiltzen du eraikitako mito hori.

Labur esanda, lan asko gelditzen zaigu egiteko heriotza eta atxiloketa izan ez daitezen emakumeek indarkeriatik ateratzeko irtenbide bakarrak. Baina, batez ere, lan asko egin behar dugu emakumeak baldintza duinetan, berdintasunezkoetan eta indarkeria matxista orotatik libre bizi ahal izan gaitezen. Jasanezina jasan behar izateari uzteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari naizenetik, egun bakar batean ere ez zait ahaztu hori dela hemen egotearen arrazoia eta zentzua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.