EITB abian?

2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Artikulu mamitsua argitaratu du EITBko zuzendaritza taldeak hilaren 17an BERRIAn eta Gara-n. Bertan mugimendua iragartzen da, bereziki, euskararen inguruan, eta horrek berezko interesa du. Nago 1986an ETB2 sortu zenetik eredu egonkor eta aldagaitz batean murgilduta egon dela, bereziki, telebista publikoa: kanal bat euskaraz, euskaldunentzat; eta beste bat gazteleraz, itxuraz erdaldunentzat. Itxuraz diogu, zeren euskaldunok elebidunak izanik gaztelerazko kanalaren target ere izan gara ordutik, bereziki kanal horretan soilik eskaintzen diren edota lehenesten diren generoetan.

Ordutik hona, ordea, euskal gizartea ez da geldirik egon, eta, artikuluak azpimarratzen duenez, aldaketa sakona gertatu da hizkuntzaren arloan, jadanik euskarazko telebista uler lezaketenak Euskal Herriko populazioaren erditik gorakoa izateraino (artikuluak EAE aipatzen du, baina zazpi herrialdeak hartuz gero horren inguruan gabiltza). Eta horren aurrean EITBk zenbait eskema zurrun berrikusteko eta aldatzeko asmoa agertzen dute sinatzaileek. Nagusiki, orain arte gaztelera hutsezkoak izandako kanaletan euskararen presentziari atea irekitzea, hamarkadetako joera duala hautsiz eta erdal guneetan euskarari presentzia naturalagoa emanez (izan ere, gero eta gehiago murgiltzen gara linguistikoki mistoak diren inguruneetan, ETB2ko zenbait programatan ez bezala).

Ildo horretan, euskal gizartearen aldaketa soziolinguistikoei erantzutea programazioan euskarari leku gehiago ematea baino haratago doa, eta euskarazko emanaldien xede taldearen birdefinizio bat dakar nire ustez: oraingo euskarazko kanalen xedearen tipologia aldatu egin da, nabarmen, azken hamarkadetan. Euskaldunak, gaur, gazteak dira, kaletarrak, eta eremu erdaldunetatik zein etxe erdaldunetatik datoz. Askok eta askok (heren batek) bigarren hizkuntza eta hizkuntza-eskola dute euskara: horregatik jaioak dira matematika euskaraz azaltzen, baina ez hain trebe lagunarteko sentimenduak azaltzen. Bestalde, euskarazko kanalen xede talde potentzial osoa hartzen badugu (hots, elebidun pasiboak, alegia ulertu bai baina hitz egiten ez dutenak), beste multzo handi bat dugu, hizkuntza gaitasun mugatuagoa duena. Horrek guztiorrek zera planteatzen du: estrategia ezberdinak garatu beharra publiko berriak erakartzeko, oso urrun baikaude ikusle, entzule eta —gero eta gehiago— sareko irakurle euskaldun petoaren tipologiatik. Alde horretatik, EITBk hizkuntzaren normalizazioa eta erabilera sustatu behar dituela irakurtzea pozgarria da, horrek esan nahiko lukeelako EITB ez dela mugatuko euskaldunei euskarazko zerbitzua ematera, eta hizkuntza politikaren beste tresna bat bezala ulertzen dela. Izan ere, erabileran fokatzen baitira, gaur egun, euskararekin arduratuta daudenen begirada guztiak.

Bada, ordea, artikuluan puntu bat erabat argi geratzen ez dena, neure aburuz. EITBren funtsezko eginkizunetako bat informazioa dela esan ostean, eginkizun horretan batez ere gaztelerazko medioak (ETB2 eta Radio Euskadi) ahalegintzen direla esaten da. Orain arte horrela izan dela ezin uka, baina ez da argi uzten hemendik aurrera horrela izango ote den. Eta puntu garrantzitsua dela deritzot. Informazioa, bide bakarra ez bada ere, komunikabideen bitartez eremu publikoa (public sphere) osatzeko bide garrantzitsuena da. Elkarren berri izanik eta elkarrekin komunikatuz osatzen da gizarte bat, eta hor komunikabideetako informazio atala gakoa da. Beste hitz batzuetan esanda, informazioaren bitartez herria egiten da, herrigintza egiten da, neurri handi batean egin ere. Kontua da zein hizkuntzatan egiten den hori, halako hizkuntza indartzen dela, bestearen edo besteen kaltetan. Nik bederen ez daukat argi nola ehundu daitekeen eremu publiko bat —hots, iritzi publiko bat, gizarte zibil bat, berezko komunikazio-espazio bat edo nolanahi deitzen diogula— hizkuntza batean, beste bat sustatu nahi den aldi berean; edota, are, bizpahiru hizkuntzatan aldi berean. Eredu gutxi aurkituko dugu historian, eta eredu gutxi ere inguruan. Seguruenik eredu propioa garatu beharko dugu, baldin eta euskara menpeko izango ez den egoera batera iritsi nahi badugu.

Eredu hori garatzeko, beste askotan ez bezala, oraingoan zenbait faktore dugu alde, eta horiek baliatu beharko lirateke, euskara EITBn zentraltasuna hartuz joan dadin. Lehena aipatzen ari garen artikuluak nabarmentzen du: joera eta aurreikuspen soziolinguistikoek aukera gehiago ematen diote euskarari komunikabideen arloan; gero eta publiko potentzial handiagoa izango da, publiko erakargarria bestalde. Bigarrena teknologia arloko aldaketak dira: digitalizazioaren eskutik aukerako azpitituluak erabiltzeko aukera, audio bikoitzen eskaintza, itzulpen automatikorako aurrerapausoak, eta abarrek, orain arte irudikatu ez ditugun saiakera eta erabilera berriak egiteko bidea irekitzen dute komunikabideetako hizkuntzaren arloan. Hirugarrenik, joera kulturaletan dago: gero eta ohituago gaude eremu hizkuntzaniztunetan bizitzen, gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu, egunean zehar, hizkuntza bat baino gehiago (gauza xumeetatik gauza handietara), eta «normaltasuna», gero eta gehiago, eleaniztasunarekin parekatzen da, ez —azken mende eta erdian bezala— elebakartasunarekin. Joera horiek guztiak baliatzen jakinez gero, zalantzarik ez dut egiten euskarak aurrerapauso erraldoia egin dezakeela EITBn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.