Borondatearen ilogika

2013ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Azter dezagun Kataluniako prozesuaren gaur egungo egoera zein den Katalunian askok konpartitzen dugun CDC eta ERC-ren arteko koalizio baten aldeko borondatearen ilogika aztertzeko. CDCko bozeramaile esanguratsu baten hitzetan, erreferendumaren inguruan ituna lortuko da Parlamentuan alde dauden alderdien artean. Konkretuki data eta galderaren edukia adostuko dira. Jarraian, prozesua legala izan dadin, bi bide paralelotan lan egiten da: alde batetik, espainiar legalitatea aprobetxatu eta 150.2 artikuluak aurreikusten duen erreferendumak antolatzeko eskuduntzaren transferentzia lortu. Bestalde, Kataluniaren autogobernua aprobetxatuz, erreferendum ez lotesleak (kontsultak) egiteko legea onartu. Beraz, erreferenduma legalitate marko batean egin nahi da bai ala bai. Bestelako aukerarik ez da kontenplatu ere egiten. Aukera errealak dituen alternatiban zentratuz, Katalunian onartutako lege batek eman diezaioke Generalitateari edo Parlamentuari kontsulta bat antolatzeko aukera. PP eta PSOEren borondatea aldatu ezean, kontsulta antolatuko duen normari zein markoa eskaintzen dion lege berari oztopo judizial guztiak jarriko dizkiote Auzitegi Konstituzionala erabiliz. Egoera horretara helduta, litekeena da kontsultarik ez egitea eta hauteskunde autonomikoak (2016an aurrerapenik ez bada) zeharkako kontsulta tresnatzat erabiltzea, alderdien arteko programa garbi eta bateratua aurkeztua, edo, zergatik ez, Artur Mas lehenengo postuan eta Oriol Junqueras bigarren postuan izango duen alderdien arteko plataforma bat aurkeztuz. Jokaleku horretan, CDC eta ERCrena arteko hartu-emana gako politikoa izango bada, eta Europako hauteskundeak bien arteko elkartze hori prestatzeko tresna ezin hobea bada, zergatik ezin izan dute zerrenda bateratua onartu?

CDCrentzat oso apustu egokia zen zerrenda bateratua egitea. Horra lau arrazoi:

Lehenengo arrazoia. Zerrenda bateratuaren alde azaldudaitekeen boto kopurua handia izanik Mas presidenteak presio politikorako tresna berri eta esanguratsu bat erabil zezakeen; Diadetan kalera ateratako jende uholdea baino aldagai kontagarriagoak baitira hauteskundeetako bozak. Bestela esanda, ustezko sostengu sozialari kopuru zehatza jarri.

Bigarren arrazoia. CDCren barne arrazoia da. Egoera politiko honetan ERCk baino boz gehiago lortzea, edo, behinik behin, bien arteko botoen aldea asko gutxitzen bada, Masek etxe barneko arazoak izan ditzake. Kataluniatik kanpo, Euskal Herria barne, CDCren apustu independentista zalantzan jartzen bada lehenaldian autonomismoaren aldeko apustua nagusi izan delako da. 1974an sortu geroztik autonomismoa defendatu eta gero independentziaren aldeko diskurtsoa ez da bidean inor galdu, edo, behinik behin, mindu gabe egiten. Aldaketa oso sakona da, eta, beraz, oso ulergarria da independentziaren diskurtsoak CDC osatzen duten pertsona batzuengan kontrako argudioak piztea. Halere, bere alderdiaren kontrolari (bere «koalizio-lagun» Duran i Lleida aparteko kuestioa da) oso irmo eutsi badio ere, bere lidergoaren aurkako diskurtsoak entzuten has daitezke baldin eta independentziarako prozesuak CDCren boz galera nabarmena ekartzen badu.

Hirugarren arrazoia. Duran i Lleidaren UDCren garrantzia erlatibizatzeko aukera zen. Prozesua perspektiba orokor batetik begiratuz gero, UDCren garrantzia areagotu egingo da CDC eta ERCren arteko urrunketa areagotzen den heinean. Aldiz, bien arteko kolaborazio estu batek UDCren garrantzia asko gutxitzen du.

Laugarren arrazoia. Saiakera ona zen etorkizunean gerta daitekeenerako. Mas presidenteak publikoki aditzera eman zuen bideari erreparatuz gero, balizkoa da 2006ko hauteskundeak kutsu plebiszitarioa izatea. Hala gertatzen bada, ilogikoa litzateke independentziaren alde egongo diren indar politikoak koalizio bakar batetan ez aurkeztea. Europako hauteskundeen aukera galduta, ezinezkoa izango da 2006ko hauteskundeak baino lehen sekula lehenago egin ez den koalizio baten azterketa soziala neurtzea.

ERCren analisia bestelakoa da ordea. Centre d'estudis i d'epinió agentziak (hemengo Eustat) publikatutako azken inkesten arabera, ERCren boz kopurua goranzko joera nabarmena du. Europako hauteskundeen emaitzak joera hori konfirmatzen badu, ordutik aurrera bere pisu politikoa nabarmen areagotuko da, prozesuaren erritmoa eta urratsak markatu ahal izateko bere indarra handituz. Horrez gain, Duran i Lleidak egiten duen diskurtso eta planteamenduak ikusiz (Tercera Via delakoaren aurkezpena kasu) oso zaila da ERCren oinarri sozialarentzat zerrenda berean Duran eta Junqueras ikustea. Argazki hori justifikatzen denbora gehiago galduko luke Oriol Junquerasek hauteskunde programa aurkezten baino.

Pentsatzekoa da prozesuak une garrantzitsuetara heltzen denean elektoralismoa eta alderdikeriak alde batera utziko dituztela batzuek eta besteek. Bestela, alferrik dugu jarraitzea, Espainiarekin dagoen gatazka barne gatazka bilakatuko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.