Mari Luz Esteban.

Gorputz-politikak eta larrugorritze ekintzak

2013ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Guztiontzat ezaguna denez, urriaren 9an Femen talde feministako hiru partaidek abortuaren aldeko ekintza egin zuten Madrileko Legebiltzarrean, gorputzean «Abortua sakratua da» (aborto es sagrado) idatzita zeramatela. Azaroaren 17an berriz agertu ziren Madrilen, abortuaren kontrako manifa baten hasieran, hainbat lelorekin. Manifa beraren amaieran, Guerrilla Abortista izeneko talde koordinatu eta jendetsu batek ere egin zuen protesta, pankarta baten atzean. Batak eta besteak atxilotuak izan ziren.

Feminismoaren sektore zabal batek ez ditu begi onez ikusten Femenekoak. Leporatu zaie inoiz ez koordinatzea besteekin. Leporatu zaie gorputz irudiaren tiraniari amen egitea, ekintzaile guztiak baitira gazteak, ilehoriak eta argalak (azken ekintzan neska potolo bat agertu zen). Leporatu zaie nagusitasun zuria praktikatzea eta arrazistak izatea, emakume musulmanen eskubideen (omen) defentsan eginiko hainbat jarduerarengatik… Jakina da gizarte mugimenduen espiritu kritikoa. Bejondeigula! Baina ez al da erasokorregia haien aurka erabiltzen ari den doinua?

Talde horrekiko azterketarik interesgarriena eta neurritsuena, nire ustez, Beatriz Gimenok idatzi zuen apirilean Pikara Magazine-n. Haien balentria eta ausardia goraipatu zituen, ez baitira hutsalak jasan dituzten zigorrak zenbait lurraldetan. Eta, beste gauza askoren artean, esan zuen mugimendu horrek erakutsi ohi duen ideologia inozoa eta gutxi garatua ulertu ahal izateko sortzaileen testuinguru soziokulturalaz ohartu behar dugula, sozialistak izandako Ekialdeko Europako gizarteetako alabak baitira, neoliberalismo eta ortodoxia basatienean erori eta berdintasun politikak zer diren ere ez dakiten herrialdeak. Eta hori litzateke, nire ustez, haien politikaren ifrentzua, nazioartekotze ahalegin horrek baitaramatza berekin ahuldadea eta arriskua, leku batean egokiak izan daitezkeen mezuak edo irudiak ez baitira derrigorrean esportagarriak.

Egia esan, zaila da neurtzen haien ekintzen eragin politikoa. Ukaezina da, bestalde, inpaktu mediatikoa. Zergatik? Titiak erakusten dituzten gazte argal ilehoriak direlako? Beharbada bai, horren sentsazionalista eta kamutsa baita gure kultura publikoa. Edozein kasutan, esango nuke lore-koroen eta adats luzeen aingeru-aire horrek bular larrugorrian idatzitako lelo feministekin batera osatzen duten estanpa, neurri batean behintzat, originala eta haustailea badela. «Neska onak zerura doaz; gaiztoak, leku guztietara», oihukatzen genuen duela zenbait urte. Neskatilarik otzanenak ere gaizto bihur daitezkeela gogorarazten digute Femenekoek.

Gorputzaren erabilera politikoa ez da feministen monopolioa, jakina. Zezenketen kontrako ekintzaileak gorriz margotu ohi dira; eta militarizazioaren eta oinarrizko errentaren murriztapenaren aurkakoek ere behin baino gehiagotan erakutsi dizkigute ipurmasailak, esate baterako. Baina emakumeen ekintzek, sarri askotan, bularrak eta genitalak dituzte lehengai.

Françoise Héritier antropologoak idatzi du emakumeen probokazio sexual bakezalea gizonen gehiegikerien aurreko ohiko protesta-tresna dela kultura artean. Eta gogorarazi du Afrikako zenbait gizartetan emakume zaharrak biluzi egiten direla gatazka larriak gertatzen direnean, madarikazio gisa bizi baitute gizonek keinu hori, gorputz horretatik jaioak baitira, bular horiek elikatuak.

Shirley Ardener antropologoak, berriz, aluaren eta baginaren ikonografia eta erabilera kulturala izan zituen hizpide duela urte asko, hainbat adibide etnografikotatik abiatuz (Afrika, Antzinako Grezia eta AEBetakoak). Zuetariko askok gogoan izango duzue Eve Enslerren The VaginaMonologues antzezlan arrakastatsua, euskaraz ere antzeztua izan dena.

Beste maila batean, sexu-greba (sexu-harremanik ez edukitzea) baliatu dute behin baino gehiagotan emakumeek. Liberian, adibidez, halaxe bukatu zuten gerra, gobernuan emakume bat jarriz.

Ardenerren ustez, genitalen aldarrikapena diskurtso nagusiaren esanguren berrinterpretazioa litzateke: emakume izatearen harrotasuna azpimarratu, gorputza berreskuratu eta gizonezkoak lotsarazten saiatu. Baina ez nuen lotsarik sumatu Espainiako ministroen aurpegietan, agian nahasmen txiki bat, besterik ez. Denetarik esan zuten gero, hain dira neurrigabeak haien zinismoa eta harrokeria.

Femeneko gorputz-politika gizonentzako madarikazio horren eguneratze gisa interpretatu du Héritierrek. Baina, zer esango dizuet, niri gustatuko litzaidake emakume titi-erori-sabel-eman batzuen gorputz biluzia ikustea jende inportante horren aurrean (badugu zer ikasi primitibotzat hartzen ditugun kultura horietatik). Gorputz zaharra baita gure artean benetako tabua, feministak izan edo ez. Eta zenbat eta tabutik hurbilago, orduan eta eraginkorragoa keinua. Horregatik ere blogetan zabaldu diren emakume adinekoen bular-ekintzen adibide guztiak mendebaldetik kanpokoak dira.

Edozein kasutan, argi dago Euskal Herrian feminista gazteak direla sortzaileenak eta ausartenak gorputz-ekintzei dagokienez: hortxe dugu Bilgune-koek behin baino gehiagotan erabili duten Kuleroak buruan eta ibili munduan leloa; hortxe Nomantxakolorea kolektiboak eta Deustuko Pare talde feministak hilekoaren inguruan egindako jarduerak; edo Medeak taldearen drag-performanceak; hiru adibide aipatzearren.

Gure esku dago gazte horiek egiten eta esaten ari direnari entzutea edo nesken kontu hutsak direla pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.