Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Indar sozialaren aldea

Publizitatea

Iritzia

Indar sozialaren aldea

 

2014-03-22 / Martin Aranburu Carrera - Politologoa

El Punt Avui egunkaria irakurtzen ari naiz, artikulu hau idazten hasi naizenean. Egunkariko laugarren orrialdean «Primer pas cap al refèrendum» titularpean dio martxoaren 26an Kataluniako legebiltzarrak Jordi Turull konbergentea, Marta Rovira errepublikazalea eta Joan Herrera ekosozialista izendatu dituela Madrilgo Kongresuan, apirilaren 8an egin beharreko osoko bilkuran, Katalunian erreferendum legala egin ahal izateko beharrezkoa den eskuduntzaren traspasoa defenda dezaten. Mas presidenteak uko egin dio ordezkaritza horri, batetik, botereen arteko banaketa errespetatuz, legebiltzarraren eskari baten defentsa legebiltzarkideei utzi nahi dielako, eta, bestetik, hiru ordezkari horien bidez, prozesuak alderdi politikoen partetik duen sostengua ikusarazten duelako. Berria irakurtzen ari naizela Ibarretxe lehendakaria datorkit burura, eta ezin dut nire burutik honako galdera hau atera: Ibarretxeren antzera bukatuko al da hau?

Egia esan, eta barkatu jarraian egingo dudan politika-fikzio dosiagatik, ez dut uste berdin bukatuko denik hemengo prozesua, hemen, han egon ez zen bezala, gizartea mobilizatuta baitago.

Artikulu bat baino liburu bat beharko litzateke Euskal Autonomia Erkidegoak eta Kataluniak egin dituzten bi prozesuen arteko desberdintasunak azaldu ahal izateko, baina erroan bi prozesuek bazuten antzekotasun handi bat: helburu politikoa lortzeko, sostengu soziala lortzeko estrategia bat zen. Euskal Herrian, Ibarretxek EAJ, EA eta EB hirukoaren sostengua zuen, eta ustez EAEko gizartearena. Hemen, Masek, CDC, ERC, ICV eta CUPen eta gizartearen ustezko sostengua du. Hain zuzen, gizartearen sostenguan kokatzen dut nik bi prozesuen arteko alde nabarmenena. Edo zehazkiago esatearren, gizarteak prozesuaren alde egiten duen presioa.

Biltzar Nazional Katalana (ANC) da presio sozial horren erakusgarri argiena. ANCk kuota bat ordaintzen duten hogeita zazpi mila bazkide dituen erakunde pribatu bat da. Kataluniaren independentzia du helburu, eta 2006az geroztik prozesu guztian zehar independentzia nahi duen gizarte zatiaren aktibatzaile garbia izan da. Erreferente apartidista bilakatu da, eta bere deialdiak onarpen itzela lortzen dute. 2012an, «Catalunya nou estat d'Europa» manifestazio erraldoia antolatu zuen, eta iaz helburu guztiak gainditu zituen Via Catalana antolatuz. Batzar ireki baten bidez hartzen ditu erabaki nagusiak ANCk, eta prozesu guztian zehar oso funtzio garbia eman dio bere buruari: gizartearen aldarrikapena presio politikoan bihurtu. Ez du bere burua alderdi politikotzat jotzen, are eta gehiago, alderdiek prozesu honetan duten funtzioa onartu eta osatu egin nahi du, presio soziala ahal duen neurrian areagotuz. Izan ere, aste honetan dinamika horren adibide garbia ikusi dugu, alde batetik alderdiek Espainiako kongresuan egingo duten agerraldiaren ordezkariak adostuz eta, bestalde, ANCk presio sozialari bizirik eusteko egingo dituen ekimenak aurkeztuz. Zehazki, publiko egin duen azken proposamenean 2015eko apirilaren 23a (Sant Jordi eguna) jotzen du independentzia deklaratzeko data egoki gisa, tartean prozesu konstituziogilearen ardura izango duen hautetsien batzar baten eraketa aldarrikatuz. Planteamendu horrek ez du, Madrilgo hainbat hedabidek esan duten bezala, Masen gobernuaren estrategiaren egutegia markatzen, baina presio soziala oso bizirik eusten dio, eta neurri handi batean ere, ziur naiz, politikaren erritmoa markatu.

ANCk egiten duen lana dinamika zabalago baten adibide baino ez da. Arlo ekonomikoan, esaterako, duela bi urtetik hona, Pimec, patronalik handiena, gero eta jarrera argiagoak ditu kontsultaren inguruan, bai eta Cecot patronal txiki baina garrantzitsu batek ere. Mugimendu oso transbersala izaki, guztiz normala da autonomoak eta enpresari txiki eta ertainak kontsultaren alde egotea. Pacte Nacional pel Dret a Decidir delakoan, Pimec, Fepime, Cecot, Merkatal Ganbarak, sindikatuak (CCOO, UGT, Unió de Pagesos, USO, Intersindical), era guztietako elkarteak —Irakaskuntzako Gurasoen Elkarteak, Hirugarren Sektoreko Mahaia, Omnium eta abar— biltzen dira.

Bultzada eta sostengu sozial hori da prozesuaren bermerik handiena. Alderdien estrategiak aldatzea asko, izugarri esango nuke, zailtzen da gizartea erne eta bizi badago. Esaterako, nahiko zaila da gaur egun CDCren antzeko alderdi batek independentziaren diskurtsoa baztertzea, izan ere, bere merkatu politiko propioan izango zukeen galera oso handia izango litzateke. Beraz, prozesuen sintesi bat egiteko aukera izango bagenu, alderdiak bizkarrean sumatzen duten gizartearen presioa da alde handiena Euskadi eta Kataluniaren artean. Euskal Herrian loak edo gogo faltak harrapatu gintuen. Hemen, aldiz, kontrakoak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak