Komunikabideak eta euskara

2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Nazioarteko komunikazioaren ikerkuntzan aspalditxotik ari da azpimarratzen lurraldearen eta komunikazioaren artean gertatzen ari den deslotura. Pentsa dezagun aurrez aurre komunikatzen garenean gure komunikazio espazioa oso txikia dela: hitza iristen den tokiraino baino ez da zabaltzen. Handitu egiten da, ordea, paper idatzia erabiltzen badugu (papera garraiatu dezakegun tokiraino iritsiko da), areago lur gaineko uhinetako telebistaz ari bagara. Hartara, satelitea edota datu sarea erabiltzen dugunean, espazio hori planeta osora heda daiteke. Gertaera honek, aldaketa sozialekin batera, kolokan jarri ditu mendeetan zehar lurraldeari loturik eraikitako komunikazio espazioak; bai eta espazio hauetan gertatzen diren fenomeno garrantzitsuak. Horrela, autore batzuek kulturaren sorkuntza zein birsorkuntzarako izango duen eragina nabarmentzen dute: izan ere kultura komunikazioaren bitartez birsortzen baita, hau non gertatzen den, han birsortuko da hura. Hortik dator lekutu gabeko kulturen ideia (placeless cultures). Berdin gertatzen da eremu publikoaren eraikuntzarekin: eremu publikoa (azken batean demokrazia bera eraikitzeko ezinbestekoa) komunikabideetan oinarritzen bada, eta hauek planeta mailako hedadura lortzen badute, hartaraino hedatu daiteke delako public sphere hori; horixe islatzen dute global private spaces bezalako kontzeptuek. Era berean, nortasun kolektiboen birsorkuntza komunikazioari loturik dagoen neurrian (nazionalismoa inprentaren ondorio dela esateraino), hemen ere atzeman da aldaketa, transnazionalismoa terminoak adierazten duen bezala. Azkenik, hizkuntzen birsorkuntzan komunikazioa funtsezkoa baita, geolinguistic regions aipatzen dituzte beste batzuek, lurraldean barik komunikabide globalen hedaduran oinarritzen diren espazioak azaltzeko.

Ideia hauek Euskal Herrira ekartzeak, eta bereziki euskarara, aste honetan burutu den V. Soziolinguistika Maparen aurkezpenean nabarmendutako fenomeno bat hobeto ulertu, eta hari aurre egiten lagundu ahal digu. «Aldaketa erradikalaz» mintzatu zen, aurkezpenean, Patxi Baztarrika, euskaldunen soslaian gertatu diren aldaketaz ari zelarik. Bat nator definizioarekin, bai eta aldaketa horren zenbait ezaugarriren aipuarekin: besteak beste, euskaldunak sakabanatu egin direlako ideia. Leku euskaldunetatik hiri erdaldunetara mugitu dira (ez populazioaren mugimenduagatik noski, eskolak gune erdaldunetan sortutako euskaldun berriengatik baizik); eta, arrazoi berberagatik, etxe euskaldun hutsetatik atera eta etxe erdaldun hutsetara sartu dira. Datu bat: 1991n 322.937 lagun bizi ziren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, denak euskaldunak ziren etxeetan (populazioaren %16); 2006n, aldiz, 306.665 baino ez (%15). Aldiz, etxe mistoetan bizi direnak milioi erditik milioi batera pasa dira epe berean. Txillardegik eta Isasik aspaldian esplikatu zuten taldean elebakarren presentziak asko baldintzatzen duela hizkuntza aukeraketa. Hartara, ez da harritzekoa etxeko erabilera, portzentajeetan, gora egin ez izana; kontrakoa miraria litzateke. Izan ere euskaldunak, gaur egun, erdaldunen artean sakabanatuta bizi diren pertsonak dira (haien %63 etxe euskaldunetan bizi zen duela hogei urte, %40tik behera gaur egun). Gehienak gutxiengoan bizi dira bai etxean, bai herrian.

Euskaldunen sakabanaketari zelan aurre egin, hortxe dago koska. Eta aipatu ditugun nazioarteko ikerketek, pista garrantzitsu bat ematen digute: alegia, komunikabideak gai badira sakabanatutako populazioen artean kultura, eremu publikoa, zein nortasuna birsortzeko, arrazoi beragatik hizkuntza birsortzeko eta euskaldun berri sakabanatuen hizkuntz integrazioa errazteko tresna ere badira. Eskuartean dugun ikerketa batek halaxe erakusten digu, gainera: BERRIA egunkariaren salmenta datuak herriz herri aztertuz gero, zera agertzen da: ez dago herrietako euskaldunen dentsitatearen eta salmenta indizearen arteko korrelazio estatistikorik. Herri euskaldunetan bizi direnek ez dute, proportzioz, gehiago erosten euskarazko egunkaria. Areago: salmenta indize handiena euskaldunak gutxi eta bakartuta bizi diren herri erdaldunetan gertatzen da. Horren arrazoiak zein diren oraindik aztertzen ari gara, hipotesietako bat honakoa izanik: eremu euskaldunean bizi denak aukera anitz ditu euskaraz bizitzeko. Eremu erdaldunean eta bakartuta bizi denak, komunikabideak ditu mintzalagun.

Hemendik atera dezakegun ondorioa, gure iritziz, argia da: komunikabideak berebiziko baliabide dira euskarara erakartzen ari garen populazioaren hizkuntz integraziorako. Duela urtebete aurkeztu zen Arrue txostenak agerian utzi zituen eskolaren ahalmenak eta ezintasunak. Ahalmenen aldean, euskararen ezagutza maila formala zabaldu eta araututako espazioetan (gela barruan) erabilera finkatzea agertzen ziren. Ezintasunen aldean, berriz, erregistro ez formaletako ezagutza landu eta arautu gabeko espazioetan erabilera sustatzea. Muga hauek gainditzeko, lurraldean sakabanatutako populazio osoarengana iristeko komunikabideek eduki dezaketen ahalmena indartu beharra dago, haien bitartez integratu baitaitezke euskaldun berriak euskararen hizkuntz komunitatean. Zentzu honetan, uste dut ezinbestekoa dela, eskolarekin egin zen bezala, komunikabideak ere euskararen normalizaziorako politikaren lehen mailan kokatzea. Administrazioa, eskola eta komunikabideak, historikoki horiek izan dira hizkuntza ordezkapenean estatuek baliatu dituzten tresna eraginkorrenak. Gurean, lehen biak baliatzen ari gara aspalditik, oro har modu eraginkorrean; ez hainbeste, ordea, hirugarrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.