Palestina: Nakba oroimenean

Iñaki Etaio eta Patri Jauregui - Euskal Herria — Palestina Sarea

2014ko maiatzak 15
Gaur Nakbaren eguna (hondamendiaren eguna, arabiarrez) gogoratzen da. 1948ko egun horretan, herri palestinarraren zati handi baten kanporatzeko prozesua hasi zen. Israelgo Estatuaren sorrera, sionismo politikoak urte batzuk lehenago teorikoki garatuta, «herririk gabeko lurra lurrik gabeko herriarentzat» premisa faltsuan oinarritzen da. Alde horretatik, Israelgo Estatuaren sorreraren osteko populazio palestinarraren kanporatzea proiektu espansionista sionistaren beharren gauzatzea baino ez zen izan. Historian izan diren beste kolonizazio adibide batzuen aldean, kasu honetan, ez zuten nahi bertako populazioa menderatu eta eskulan merke gisa erabiltzea, baizik eta juduekin ordezkatzea, edozein lekutatik etorrita ere. Horrela, gehiengo demografiko judua lortuko zuten, erlijio judua bere zutabe nagusia daukan Estatuaren existentzia ziurtatuko lukeen gehiengoa hain zuzen ere.

1947ko 181. Ebazpenaren bidez, NBEk onartu zuen Palestinaren zatiketa —ordura arte, agindu britainiarraren menpe zegoen—, eta, jarraian, Israelgo Estatuaren aldebakarreko adierazpena heldu zen. Eskualdeko Estatu arabiarrek ez zuten onartu, eta gaur arte dirauen gatazka historiko eta politikoa hasi zen. Entitate sionista (EEBBek eta Estatu europar batzuek finantzatua eta armatua) eta Libano, Egipto, Transjordania, Siria eta Iraken arteko borroka militarraren testuinguruan, populazio palestinarraren zati handi bat kanporatu zuten, aginte britainiarraren garaietan erreprimitua eta desarmatua izan ostean. Iturrien arabera datak aldatzen badira ere, 700.000-900.000 palestinar behartu zituzten haien etxebizitzak uztera, Armada sionistaren aurreko Hagana indar militarraren sarraskiek bultzatuta. Iheslari batzuk inguruko nazioetara abiatu ziren, eta beste batzuek Zisjordaniako eta Gazako errefuxiatu eremuak sortu zituzten. Gaur egungo zifrak 4 milioiren inguruan leudeke, NBEk berak aitortzen dituen lehen errefuxiatuen ondorengoak kontuan hartuta.

Hala ere, palestinarrek pairatzen duten egoera ez da bakarrik 1948ko kanporatze hori. 66 urte hauetan, errepresio eta ustiatze bortitza gertatu da, proiektu sionista finkatzeko eta Estatu palestinar bat bideraezin bihurtzeko. Estatu sionistak ez dio utzi lurraldeak bereganatzeari, palestinarren kontura baita siriarrenera ere (1967). Koloniak eraikitzeko politika —eta horren ondoriozko israeldarren erabilpen esklusiboko errepideen sarea, segurtasun perimetroa, kontrolguneak eta militarizazioa— eta Apartheid harresia —familia palestinarrak banantzen, nekazaritza-eremuak mozten eta herri palestinarren arteko joan-etorria itotzen duena—, jendarte-ingeniaritza sionistaren parte dira, lurraldea bereganatzeko eta hangoak bertakoak ordezkatzeko helburua duena.

Estatu sionistak urteetan ostutako lurren garapena mapa batean ikusten badugu, erraz ulertuko dugu nola egoera batera heltzen ari den, non palestinarrak beraiek beren lurraldearen barruan bakartuta geratzen diren, alderantzizko kolonien modura. Eta hori guztia, Gazako egoera deskribatzera sartu gabe…

Egoera etsigarri hori ikusirik, bi alderdi azpimarratu behar dira. Alde batetik, herri palestinarraren borrokatzeko gaitasuna, belaunaldiz belaunaldi irakatsitakoa, etorkizunaren bermerik onena dena, ezer oparituko ez dietelako eta jakinda aurrerantzean ere lapurtzen eta gutxiagotzen saiatuko direla .

Beste alde batetik, Palestinarekiko nazioarteko elkartasuna dago eta, horren barruan, Israelgo Estatuaren aurkako boikot, desinbertsio eta zigorren kanpaina (BDS: www.bdsmovement.net/call). Palestinako 173 erakundek bultzatutako kanpaina horrek Israelgo Estatuak herri palestinarraren autodeterminazio eskubidearen aitorpena lortu nahi du, baita nazioarteko legedia betetzea ere: okupazioa eta kolonizazioa bukatzea, harresia botatzea, Israelen bizi diren palestinarren eskubideen berdintasuna aitortzea eta errefuxiatuak bueltatzea onartzea.

Kanpaina horren tresna nagusiak, berriz, hauek dira: produktu eta zerbitzu israeldarrei boikota —Israelgo enbaxadore kultural gisa aritzen diren artistei eta akademikoei boikota barne—, sektore publikotik zein pribatutik ez inbertitzea palestinarren zapalkuntzarekin erlazionatuta dauden enpresa israeldar zein beste nazioartekoetan, eta, hirugarrenez, nazioarteko instantzietan Estatu sionistaren aurkako zigorrak ezartzea. Horiek dira herri palestinarrak munduko herrien eta erakundeen eskuetan jartzen dituen tresnak elkartasuna erarik eraginkorrenean lantzeko. Hegoafrikako apartheid-ekin bezala, Nakba betikotzen eta sakontzen duen Estatu sionistaren isolatzea eta ahultzea luzera begirako borroka da. Hala ere, BDS kanpainak izugarrizko arrakasta izaten ari da jada eremu komertzialean —Veolia edo G4S enpresen galera handiak kontratuetan—, kulturalean —Israelen egitekoak ziren emanaldiak bertan behera geratua eta artista israeldarrek atzerrian egiteko emanaldien aurrean protesta ugari— eta akademikoan —unibertsitate israeldarrekin ez kolaboratzeko adierazpenak nazio batzuetako unibertsitateetatik edo iaz Jerusalemen nazioarteko konferentzia batean Stephen Hawkingek bere parte-hartzea bertan behera uztea—. Euskal Herrian ere elkartasuna bideratzeko erarik onena BDS kanpaina da. Lan-eremuak ez dira falta. Izan ere, beharrezkoa da presioa handitzea entitate sionistarekin egon daitezkeen harreman guztiak mozteko, instituzio, komertzio zein akademia arloetan ere.

Era berean, Palestinaren zapalketaren aurka kokatu gabe, eta Israelgo Estatuaren irudi «adiskidetsua», Estatu modernoa eta demokratiko gisa irudikatzeko jasan behar ditugun kirol erakustaldiak (Tel Aviv-eko Maccabi…) edo kultura emanaldiak (Noa Gasteizko Jazzaldian aurtengo uztailean…) direla eta, ezin gara geldirik geratu. Nakba-ren nazioarteko gogorapenean beharrezkoa da guztiok lan egitea, bakoitzak bere esparruan, proiektu sionistari zilegitasuna kentzeko eta herri palestinarrarentzako irtenbide-agertoki baten alde egiteko. Beraz, gaur egun, egin dezakegun elkartasunik eraginkorrena BDS kanpaina are gehiago zabaltzea da.

Sionismorik gabeko Euskal Herria lortzea herri palestinarraren askapen prozesuarekiko gure ekarpen partikularra izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna