Tasio Erkizia.

Ikastolak vs eskola publikoa?

2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Eskola publikoak versus ikastolak? Hau da hau astakeria!!! Berriro ere gure artean mokoka? Norberaren proiektua defendatzeko modu bakarra besteena deskalifikatzea al da? Zaharrak bezain antzuak diren jarrerak berriro ere piztu dira aurtengo Ibilaldiaren eta Eskola Publikoen jaiaren harira. Kalean marmarka ugari. Irakasle eta gurasoen arteko komentario iraingarriak. Komunikabideetan zenbait idazki penagarri... Ikastolen Ibilaldia hauteskundeak direla-eta egunez aldatu izanak haserrea piztu du eskola publikoetako zenbait sektorerengan, eta hortik nahasmena.

Ez dakit beste modu batera konpontzerik bazegoen gaia. Ez dakit antolatzaileen artean zer-nolako harremanak egon diren. Dena den, nahiko informaziorik ez daukadanez, ez natzaizue sartuko dataren inguruko eztabaidan. Eta, gainera, nire helburua bestelakoa da. Gertaera horren haritik funtsezko bizpahiru hausnarketa egin nahiko nituzke. Modu laburrean, ikastoletako zein eskola publikoetako guraso, irakasle eta, oro har, hezkuntzaz arduratuta gauden herritarrok zer batzen gaituen eta gure erronkak zeintzuk diren azpimarratzea da nire xedea.

Hasteko, garbi utzi nahiko nukeena zera da: honelako hika-mika mikatz eta agresiboak ez direla batere mesedegarriak eta eguneroko elkarlana zaildu besterik ez dutela egiten. Ikuspegi ezberdinak edukitzeak ez luke arazo izan behar, horien inguruan liskarrak piztea da larria. Zentzu bereko bi jai data berean jartzea ez da inoiz erosoa, baina gai horiek garaiz eta modu egokian mahai baten inguruan bideratu beharrekoak dira. Eta interes ezberdinek talka egiten dutenean, arduradunei dagokie errespetuz eta sentsibilitatez bideratzea.

Ikastolak eta eskola publikoak gauza askok lotzen eta batzen gaitu. Bereziki euskaran eta euskal kulturan murgilduriko Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko ahaleginak elkartzen gaitu. Bi hezkuntza sare horiek baitira biharko euskal eskolaren zutabeak eta oinarriak. Gaur-gaurkoz, zoritxarrez, euskaldunok ezin dugu propioki gure Nazio Hezkuntza Sistema eraiki, ez dugu gure hizkuntza propioa eraikitzeko ahalbidetzen digun instituziorik. Eta, beraz, Euskal Estatua eraikitzen goazen bitartean, bi hezkuntza sare horiek hobetzen eta lantzen jarraitu behar dugu. Biharko hezkuntzaren hazia den eskola lantzea da gure erronka eta apustua.

Ikastolek gabeziak dituztela? Bai, noski. Juridikoki izaera pribatua dutela? Bai, baina kasu gehienetan halabeharrez, horretara behartzen dituztelako. Diru laguntzak direla medio instituzioekiko gehiegizko menpekotasuna dutela edo gurasoen parte hartzea eskasegia dela? Nire gusturako ere bai, baina krisi egoera honetan ez nuke ikastoletako zenbait zuzendaritzaren larruan egon nahi. Aski larri eta estu dabiltza. Akatsak akats, aitortu beharra dago ikastolek osatzen dutela dimentsio Nazionala duen hezkuntza sare bakarra; euskara zein euskal kultura gehien lantzen eta zaintzen dutenak direla eta, gainera, herri ekimenaz sorturiko mugimendu aberatsa dela. Gutxi al da? Ez al dira bere jaiak eta ekitaldiak laguntzeko nahiko arrazoi? Niretzat, behintzat, bai.

Eskola Publikoek ere ekarpen baliotsua egiten dute. Erdara hutsezko eskola izatetik, kasu askotan eskola euskalduna izatera pasa dira. Eta ez administrazioaren eraginez, irakasle eta gurasoen bultzada eta lan eskergagatik baizik. Oraindik ere, zenbait kasutan, euskal kultura gai nahiko arrotza bilakatzen zaiela? Edo gurasoen parte hartzea, egituraz, oso murritza eta mugatua dela? Bai, baina badira kasu eredugarriak ere. Besteak beste, euskararen erabilera normalizatua noizbait lortuko badugu, eskola publikoen ekarpena ezinbestekoa da; lehen esaten nuen bezala, Hezkuntza Sistema Berriaren zutabetariko bat. Eta euskalduntzeaz gain, beste arrazoi ugari ditugu antolatzen dituzten jaiak aktiboki bultzatzeko. Ekainaren 1ean dugu hurrengo aukera.

Zerk batzen gaituen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko herritarrok? Egiteke dugun hezkuntza proiektuaren aldeko ilusioak eta erronkak. Ikastoletako zein eskola publikoetakook, biak ala biak, saihestu ezinezko lana eta konpromisoa dugu. Espainia zein Frantziako Estatuek eskolaren bidez asimilazio prozesua bermatzea dute helburu. Eta horri aurre egin diegunez Frankismo garaian zein ondorengo 40 urte hauetan, orain LOMCE inposatzera datozkigu. Onean lortu ez dutena indarrez eta eraso bortitzen bidez nahi dute erdietsi. Gai izango al gara jarrera intsumisoa hartzeko eraso horien guztien aurrean? Etorkizuna jokoan dugu. Horri erantzutea da ezinbesteko erronka, eta horretarako guztion elkarlana beharrezkoa da.

Gernika eta Balmaseda, Balmaseda eta Gernika. Bietarako dugu deialdia. Bietan aldarrikatuko dugu gauza bera. Biharko Nazio Hezkuntza gaurdanik eraiki behar dugu. Inor baztertu gabe. Gure euskara eta euskal kultura oinarri izanik, Euskal Herriaren geroa eraikiko duten neska-mutilen garapen integrala bermatuko duen eskola eredu askatzailea, solidarioa, hezkidetzailea, kritikoa, zientifikoa eta, noski, euskalduna indartu dezagun. Huts handiena ekainaren 1ean etxean gelditzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.