(Ez) abortatzeko arrazoiak (II)

Tere Maldonado.
2014ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Haurdun geratzen diren emakume batzuek haurdunaldia etetea erabakitzen dute. Horietako gehienek nahi gabeko haurdunaldia izan dutelako erabakitzen dute abortatzea. Eta gehienak esatean gehiengo izugarri handia aipatzen ari gara: 2011ko Hego Euskal Herriko datuak hartuta, Nafarroako mugimendu feministako lagunek bildu eta aztertu dituztenak, horiek osatu zuten urte horretan ia %94 —bide batez, gogoratu behar da %91 izan zirela haurdunaldiaren lehenengo 12 asteetan eginikoak—. Beraz, abortuen kopurua murrizteko egin behar dena honako hau da: heziketa eta informazio sexuala zabaltzea eta bermatzea. Eta pertsona guztiak antisorgailuetara iritsaraztea.

Beraz, aukeratzeko eskubidearen aurkako eskuma katolikoak eraiki nahi izan duen iskanbila mediatikoa fetuaren sortzetiko malformazioen kontura, oso kasu gutxietara mugatzen da. Baina hori esanda, bai, egia da, emakume batzuek, haurdun egonik nahita, jaio aurreko diagnostiko probak ezagututa hartzen dute abortatzeko erabakia. Askotan esaten da, orokorrean, abortatzea erabakitzen dutenean emakumeek zalantza asko dituztela eta oso zaila egiten zaiela erabakia hartzea. Horretan ezin badut ere datu zehatzik eman, bai esan behar da, hori gertatzen bada, holako kasuetan dela, hau da, emakumea haurdun dagoenean nahi izan duelako, eta ez besteetan, nahi gabeko haurdunaldia izan denean, non —nik ezagutzen ditudan kasuetan behintzat— ez baita egoten inolako zalantzarik.

Jakina denez, gaur egun, jaio aurreko diagnostiko proben bidez, enbrioi edo fetuaren egoeraz informazioa lortzen da. Esan beharreko lehenengo gauza hemen hauxe da: emakume askok ez dutela jaio aurreko probarik egin nahi. Eta ez dute egiten. Aldez aurretik erabakitzen dute, beraz —euren kabuz edota bikotekidearekin adostuta—, edozein kasutan ere, aurrera eroatea haurdunaldia. Baina, beste batzuetan, jaio aurretiko probek erakusten duten horrek eramaten du emakumeak haurdunaldia bertan behera utzi nahi izatera. Batzuetan, jaioko den umearen ezaugarriak bateraezinak izango direlako biziarekin berarekin; edo bizitza duin batekin —bai, badakit hori zer ote den zehaztea ez dela batere erraza; hitz egin dezagun horretaz ere, jakina!—; edo oso denbora gutxi lortuko duelako bizirik egotea; edo haurdun dagoen emakumearen osasuna edo bizia bera arriskuan egon daitezkeelako abortatu ezean; edo jaioko den umearen bizi-baldintzak oso penagarriak izango direlako; edo… Feministok, kasu guztietan, azken hitzak emakumearena izan behar duela azpimarratzen dugu. Eta haren erabakia errespetatu behar dela, inolako arrazoirik edo azalpenik eskatu barik. Gainera, jakin badakigu emakumezkoek izugarrizko erantzukizunez jokatzen dutela beti, eta abortatzea erabakitzen dutenen artean, lehen esan bezala, gehiengo handi batek haurdunaldiaren lehenengo asteetan gauzatzen dutela abortua, enbrioiak nerbio sistema zentralik oraindik garatu ez duenean. Bizitza gizatiarra jaio ostean suertatzen da. Jaio arte, enbrioia edo fetua bizitza gizartiarraren proiektuak dira. Eskuma katolikoak dio gizaki osoa dagoela kontzepzioaren lehenengo momentutik, enbrioia —zelula bakarrekoa izanda ere— gizaki osoa dela aldarrikatuz —kasu honetan, Elizak ez die Agustin Hiponakoari edo Tomas Akinokoari jarraitzen, haientzat arima ez baitago enbrioiaren garapenaren lehenengo faseetan—. Eta enbrioiaren edo fetuaren bizia, beti, emakumezkoaren gainetik jartzen dute. Ez dute onartzen abortua ezta kasu gordinenetan ere —gogoratu El Salvadorreko, Nikaraguako edo Irlandako kasu terribleak—.

Europan zehar, non eskuma zibilizatua topa daitekeen, aho batez aurpegiratu diote Rajoyren gobernuari gauzatu nahi duen basakeria legedi honen bidez. Adibidez, Londreseko The Times egunkari kontserbadoreak berak kritika itzelak egin dizkio Espainako Gobernuari Abuse of power tituluko editorial batean. Egunkari britainiarrak, Espainiako lege berriak ekarriko duen atzerapenarekin harrituta, gogoratu behar izan dio Madrilgo gobernuari abortatzeko oztopoek inoiz ez dutela abortuen kopurua murriztu, baina bai emakumeen osasuna arriskuan jarri. Osasuneko eta kontzientziako kontua dela esaten du editorialak, eta Zigor Kodean ipintzea nagusikeriatzat jotzen du. Abortuen kopurua ez murrizteaz gainera, jarraitzen du editorialak, abortua legez kanpo ipintzeak zera ere ekarriko du: diru ahalmen handiko emakumeak atzerrira joatea abortatzera, behar bezalako baldintzetan; dirurik gabekoek, berriz, klandestinoki egin beharko dute, osasun-baldintza gabe, euren bizia arriskatzen. Bai: The Times egunkariak dio, ez feminista erradikalen talde batek.

Horri guztiari gaineratu behar diogu Espainiako Gobernuak, fetuaren malformazioak abortatzeko arrazoi gisa ez onartzeaz gainera, eta aldi berean, dependentziarako diru laguntzak ia bertan behera utzi dituela, murrizketen bidez. Inork pentsatzen du oraindik biziaren aldeko politika denik hau?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.