Treneko konfidente txikiari: Xabier Lete

Rufino Iraola<br /><br />Euskara irakaslea
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Xabier Leteri eskaini nahi diot, berandu badarik, nire omenaldi partikularra. Egia esan, ez da oso erraza ezer ganorazkorik esatea, Anjel Lertxundik Xabier Leteri dedikaturiko hiru zutabeak, Joxerra Garziaren artikulu handia, Aingeru Irigarairen adierazpenak, bai BERRIAn eta bai Anitzelen egindakoak, edo beste medio batzuetan Joxe Arregik eta Andoni Unzaluk idatzitakoak irakurrita.

Anjel Lertxundik idatzitako hiru zutabeak dira bikainak, baina azkenekoak eragin dit emoziorik gehien, zirrararik sakonena. Ez da erraza abestien izenburuekin, besterik gabe, artikulu egokia osatzea, baina Anduk bikain lortu zuen. Eta, halabeharrez, denak ezagutzen nituen. Gure erara, era txarrean segur aski, denak kantatu ditugu: batzuk gaztetan, igande iluntzean autobusean, Tolosatik etxera gentozela. Beste batzuk, bazkalondo eta afalondoetan, eta azkenekoak etxean, bakardadean, gogoeta eginez: Xabier Lete aztertu beharrekoa da, kantari moduan, poeta gisa, pertsona bezala, politika aldetik, bere espiritualtasunari dagokionez eta kulturaren ikuspegitik, nola ez?

Joxerra Garziarekin erabat ados nago, erredukzionismo hutsa baita Xabier Lete «balio demokratikoen aldeko sutsu» bakarrik definitzea. Hori ere bai, Anjel Lertxundik ederki esan duen eran. Dena den, bekatu horretan geu ere askotan erori izan gara. Adibidez, toki askotan ikusi dut harako hura bertsolari handia zela esan partez, poeta itzela zela esan ordez, artista paregabea zela aitortu ordez, «abertzale suharra zen» esan eta kitto.

1995ean idatzi nuen artikulu bat ederki datorkit; honela amaitu nuen: «Abertzalea izanik ere, hori ez da oroitarrian jartzeko adinako meritua. Orobat diot euskaltzaletasunaren gainean. Ez dakiola inori otu nire oroitarrian euskaltzalea nintzela ipintzerik. Ez! Ala odola gorria nuela ere ipini behar duzue? Musua gorria nuela ipini, nahi baduzue. Kitto! Bada, nire bihotz-zainetan odol gorria bezain naturala da nire buru-mingainetan euskara!».

Xabier Letek heriotzaren aurrean izan duen duintasuna azpimarratzen zuen Joxe Arregik, haren bizitza espiritualaz mintzo da; eman dituen pauso guztiak askatasunaren eta duintasunaren izenean eman dituela esango du.

Andoni Unzaluk dio hauts ez zitzakeen berunezko soldadura zaharrez atxikia zegoela bere herriari, baina beti jakin zuela libre izaten.

Nik treneko konfidente txikia nuen Xabier Lete. Hura Urnietan sartzen zen eta ni Andoainen, Tolosara arte etortzen ginen elkarrekin. Niretzat, feed-back inportanteenetako bat ere bazen, beti esaten zidan zerbait nire artikuluei buruz. Umoretsua zen, ironikoa. Gogoan dut behin nola esan zidan —orduan ere bai baitzen alternatiba berriren bat—: «Rufino badiagu beste lau bat urte isildu gabe jarduteko gaia». Barre egiten zuen! Hala ere kontsentsuko gizona zen. Gizon handia, Barandiaran, Lekuona, Villasante, Gandiaga, K. Mitxelena, B. Atxaga, A. Lertxundi eta abarrekin batera sartu beharrekoa. Gure enbaxadorea munduaren aurrean, unibertsala.

Lau momentu gogoratu nahi ditut: a) hura eta beste kantari batzuk, Azpillaga eta Lopategirekin batera, herrira ekartzeko zer-nolako lanak hartzen genituen: zer kantatuko zuten erdarara itzulita eraman behar izaten genuen Gobernu Zibilera; b) irakasle ere izan nuen; testugintza-edo ematen zigun. Behin «Fraçois» (fransua) esan partez «france» edo horrelako zerbait esan nuelako haiek barreak berak eta ikaskide guztiek, c) Poliklinikan askotan topo egin nuen, ni psikiatra edo otorrinogoarengana joango nintzen eta hura onkologoarengana, d) lehen esan dudan moduan, trenean ikusten genuen sarritan elkar.

Oraindik Xabier Lete miresten jarraitu nahi dut, haren abesti paregabeak gogoratu eta isilean kantatzen. Eta hainbeste aldiz irakurri dudan Xabierren poema batekin amaituko dut:

Agortzen da uda

badoa itzulian jendea

azkenean betikoak dirau,

egunek eta argiek

soro hain isilek

eta lur lokartuak,

gauak, izarrek...

goiz batean izotza nagusituko da

eta elkarri «horra negua» esanen diogu

baina izaki guztiek

beraien ibilbidea jarraituko dute

bizitzaruntz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.