Albistea entzun

Umeak negarrez, esnerik ez

Juan Luis Mugertza - Idazlea

2012ko otsailak 19

Kapitalismoak asmatutako krisiak langileen eskubideak indarra galtzeko, eta banaka batzuen interesak aberasteko, askoren etxeetan hartu du aterpe. Krisiak badaki ez duela, asko bezala, bat-batean kalera bidaliko, eta oso eroso dago.

Halarik ere, badaezpada, hortxe egoten da zeharretara langileoi begira, ea zer egiten dugun jakiteko, eta gero bere lagunei kontatzeko, zeren eta krisia ez baitago inoiz bakarrik.

Krisiak lagun dirudun asko ditu, eta lagun horiek oso ondo dakite urte askotan zabaldutako ideologiak —futbola dela, telebistako programa txatxuak direla, balore gabeziaren aldeko joerak direla...— krisiarena aurrera eramaten erraztuko diela, inolako erreparorik gabe. Bai, ez dira leloak. Beldurrak bere garroak zabaldu ditu, eta, orain, poliki-poliki, aseezin bihurtuko da; eta, nola ez, ahulen kontra egingo du, bereziki, gupidarik gabe.

Horregatik, berandu baino lehenago, ezinbestekoa da euskal esparru propioa, aurrerakoia eta ezkertiarra sortzea Espainiatik alde egiteko, geure ekonomia euskaldunok kudeatzeko.

Adibide asko dago Europan, eta gero eta gehiago. Baina horretarako sinetsi behar dugu bestelako aukera badagoela. Elkartasuna, duintasuna... bezalako baloreek oraindik bizirik dirautela.

Bukatu da konpromisoari aitzakia jartzeko tenorea. Gero eta zailago ipini behar diogu geure buruari, bereziki, eta nola ez ondokoari, zergatik ez dugun grebarik egiten; zergatik ez dugun mobilizazioetan parte hartzen. Sarri askotan, erabilitako aitzakiak geure burua zuritzeko baino ez dira izan ohi, eta horrek egoera honetan ez du geurea desenkusatzen, kontraesanak areagotzen baizik.

Sinetsi behar dugu surik gabe ez dagoela kerik, eta batasunik gabe ez dagoela indarrik. Lehengo astean greba eta manifestazioa izan genituen. Bakoitzak jakingo du zer egin zuen, eta zer egiteko prest dagoen, baina, ene ustez, ez da sasoia nor bere zilborrari begira bakarrik bizi izateko.

Ordua da kafe baten inguruan egindako gogoetei itxura emateko; ez da nahikoa mundua gaizki dagoela esatea, edota langileok zalditik astora goazela, baldin eta gero, nork bere astoari arre egiteko joera bultzatzen baldin badugu, neurri batean zein bestean, galtzaile izango baikara. Gure gotorlekutik irteteko sasoia da, eta kale gorriaren haizea arnasteko; horrek lagunduko digu egoeraren tamaina hobeto ulertzen, eta solidarioagoak egiten.

Greba egitea ez da erreza, inoiz ez da izan, ezta izango ere, eta are gutxiago mundu globalizatu honetan, non bizitza urtebete lehenago planifikatuta baitugu.

Dena den, noiz edo noiz komeni ume-umetatik sistema honek jarritako lerrotik salto egitea, eta bestelako ibilbidea hartzea, lauan ibilitako txirrindulariek inoiz ez baitute lasterketa gogorrik irabazten. Gainera, egoera berak behartuko gaitu, krisiak edo dena delakoak, ez baitu onera egingo.

Oraindik greba gehiago egin beharko dugu, mobilizazio gehiago, baina ezin dugu etsi. Ezin dugu krisiarena egunerokoetan erabili banaka batzuek bultzatutako politika langileok paira dezagun. Ez gaitzala krisiak bere miserian ito; utz diezaiegun gure ondorengoei bestelako mundua. Baina hori, bai, sinetsi behar dugu konpromisoarena ezinbestekoa dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...