Jose Antonio Agirre, euskaldun guztien lehendakari

Cesar Arrondo - Argentinako EA-EH Bildu

2012ko irailak 8
Ez dakarkio ezer onik, ez Euskal Herriari eta ez batasun abertzale hain premiazkoari, aleluia jotzeak, jabetza absolutuko titulu batzuk balioesten ahalegindurik, Jose Antonio Agirre lehendakaria dela eta. Horren haritik, duela egun batzuk, EAJko lehendakarigaiak, Iñigo Urkullu jaunak, besteak beste, «lotsagabe» izatea aurpegiratu zion euskal herritarren talde bati, EH Bilduko kideei, beren lehendakarigai Laura Mintegi alboan zutela iritzia agertu zutelarik Jose Antonio Agirreren figuraz, eta, hark bere garaian egin bezala, gobernu zabal eta adierazgarri bat proposatu Euskal Herriko errealitate politikoaz.

Zergatik izan zen Agirre bere alderdia gainditu zuen lehendakari bat? Batasun eta errealismo politiko sakoneko sentimendu batez osatu zuelako bere gobernua, bere alderdiaren ezaugarriaz gaindi jarririk euskal Nazioa: Euzkadi. Horren haritik, Agirre lehendakariak honako hauek izan zituen gobernukide:

- Heliodoro de la Torre: Ogasun kontseilaria, (Euzko Alderdi Jeltzalea).

- Telesforo Monzon: Gobernazio kontseilaria (Eusko Alderdi Jeltzalea).

- Gonzalo Nardiz: Nekazaritza kontseilaria (Eusko Abertzale Ekintza).

- Jesus Mari Leizaola: Justizia eta Kultura kontseilaria (Euzko Alderdi Jeltzalea).

- Ramon Aldasoro: Merkataritza eta Hornidura kontseilaria (Ezker Errepublikanoa).

- Santiago Aznar: Industria kontseilaria (Euskadiko Alderdi Sozialista).

- Juan Astigarribia: Herri Lanetako kontseilaria (Euskadiko Alderdi Komunista).

- Alfredo Espinosa: Osasun kontseilaria (Batasun Errepublikanoa).

- Juan de los Toyos: Lan, Prebisio eta Komunikazioetako kontseilaria (Euskadiko Alderdi Sozialista).

- Juan Gracia: Gizarte Laguntzako kontseilaria (Euskadiko Alderdi Sozialista).

Eta ideologia politiko guztietakoek adosturiko gobernu programa bat izan zuen, honako gai hauek zituena nabarmengarri:

- Euskal herritar guztien eskubideak bermatzea eta errespetatzea —banako gisa eta gizartean dagozkienak—, baita edozein talde erlijiosoren jardun askea eta haien ondasunen segurtasuna ere.

- Eusko Jaurlaritza arduratzea, bere lehendakariaren eta gobernuaren bidez, gerra zuzentzeaz.

- Gizarte politika bat bultzatzea.

- Alokairuak gizarte hitzarmen gisa arautzea, eta kooperatibak sustatzea.

- Herri lanetako plan bat ikertzea eta burutan ateratzea.

- Aurrekontu bat eratzea, inguruabarren araberakoa.

- Preso politikoen eta militarren egoera konpontzea.

- Herritarrei bermatzea bai hezkuntza bat, hainbat mailatan, eta bai euskara.

Gainera, Urkullu jauna, gogora ekar ezazu Agirre lehendakariaren gobernu pluralaren lehenbiziko neurrien artean ofizialdu zituztela: ikurrina, ereserkia eta euskal armarria. Giza eskubideen inguruko hainbat auzi konpondu zituzten. Euskal gobernua, 40 urte ere ez zituzten gizonek osatua gehienbat, gobernu gaztea izan zen, ideia argikoa, eta bere herriaren babesa izan zuen. Azken batean, euskal gobernua gaztetasun horren adierazgarri izan zen, Euskal Herriaren (Euzkadi) abagune historiko hartan, eta distiratsua eta abertzalea izan zen, Nazioaren eskubideen alde egiteko lain. Lehen esandakoagatik, Urkullu jauna, euskaldun guztien ondarea da Agirre, herriak bihurtu duelako Nazioaren ikur. Era berean, zure lasaigarri, EH Bildu garaile irteten bada urriaren 21eko hauteskundeetan, Agirre lehendakariaren lerrokatzeei jarraikiz, ahalik eta gobernurik pluralena eratuko da, eta zu eta zure alderdia (EAJ) gonbidatu egingo zaituzte gurekin batean gobernatzera, ongizatea bermatzeko gure herritarrei, eta, elkarrekin, egia bihurtzera gure eskubide subiranoak betetzea.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna