Prozesua inoiz baina biziago

2013ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Mas President-ak Catalunya Radion irailaren hiruan egindako elkarrizketak zalantza asko piztu ditu Katalunian. 2014an kataluniarrak kontsulta batean bozkatzeko aukera izatearen aldeko determinazio politikoa ziurtzat ematen zenean, berotasunak hoztu dituen adierazpenak bota zituen President-ak. Egia esan, esandakoaren azterketa sakona eginez gero, ez dut ikusten negatibotasunerako motiborik, baina esan beharra dut kataluniarrek ez dutela motibo gehiegirik behar gauzen alde negatiboei erreparatzeko. Herri pesimista da Katalunia, eta nahikoa izan da Mas President-ak errealismo bidetik doazen aldarrikapenak egiteko prozesu guztiaren balizko balioa zalantzan jartzeko. Politikan, ordea, gauza guztiek izaten dute logika bat. Zer esanik ez, emantzipazio prozesu baten lidergoa izan nahi duen President baten erabakiek. Zein da, ordea, Masek emandako mezuaren logika?

Momentuaren logika da lehenengo puntua. Iazko manifestazio erraldoiak ekimen politikoa herriaren eskuetan utzi zuen. Politikak, edo alderdien politikak zehazkiago, atzetik zetorren irudiz. Izatez Diada eta gero erreakzionatu izanaz salatu zuten Mas-en gobernua askotan. Oraingoan egoera hori ekidin nahi izan du, eta aurrez esan du bere urratsak zeintzuk diren. Aurtengo Diadan ez ditugu manifestazio erraldoi haren kopuruak berriz ikusiko, baina arrakasta soziala bermatua egonik, Masek iniziatiba politikoa noren esku dagoen oso garbi utzi nahi izan du.

Bigarren aldagaia edukia da. Eta hemen, edukia ondo ulertzeko, kontuan hartu beharreko bi gai daude. Alde batetik, prozesuaren erritmoaren arazoa eta bestalde CDC eta ERCren arteko lehia elektorala. Erritmoaren arazoa ahal denaren eta nahi denaren arteko lehia baino ez da. Nahia elementu subjektiboa izanik, ahalak objektibotasun dosi handiagoak ditu. Masen arabera, gakoa ez datza kontsultaren exekuzioan, kontsultan garaipena lortzeko eman beharreko aurre-urratsen egoeran baizik. Hiru dira zehazki aurre-urratsak: ogasuna bezalako estatu egituren eraketa, nazio arteko diplomaziaren informazio maila eta, azkenik, krisi ekonomikoaren beherakako marraren gelditzearen lehenengo zantzuak. Ondo bideratuak izan nahi ditu Generalitateak urrats hauek kontsulta egiterako, eta, ondorioz, kontsulta data hiru aldagai horien baitan jarri nahi ditu. Autodeterminazio eskubidearen aplikazio zuzena egitearen alde dagoen hautesleria (CEOk emandako azken datuen arabera hautesleriaren %74 PSC barne sartzen badugu, %63 PSC kanpoan utzita) ez du, ordea, hainbesterako pazientziarik. Eragile sozial independentistek presio tresna bilakatu dira, eta zentzu horretan interpretatu behar da Assemblea Nacional Catalana-k deituriko Via Catalana iniziatiba. Bigarren arriskua elektorala da: prozesuak ERC elikatzen du gehienbat, are eta gehiago erantzukizunik gabeko postura errazean geratzea erabaki zutenetik. CiUk ez du Krisiak eskatzen dituen aurrekontu murrizketen kudeaketaren bidesaria bakarrik ordaindu nahi, eta ondorioz, datu ekonomikoen hobetzea eman dadin denbora tarte bat nahi du CDCk hauteskundeetara deitu baino lehenago.

Egoera honetan, Masek prozesuaren ahalbideratzea ERC eta PPren eskuetatik kendu nahi izan du, kontsultaren aldeko apustu garbia azpimarratuz, baina baita kontsulta ez den bide bat ere egin dezakeela ohartaraziz. Masek garbi du nazioartean zilegitasun minimo bat lortu nahi bada kontsulta parametro demokratiko guztietan eredugarria izan behar dela. Hobe berandu baina ondo, presaka aritzea baino. Gainera, prozesuaren jarraibide bakarra kontsulta bada, PPren eskuetan geratzen da balizko prozesua. Bi gauza desberdinak baitira Mariano Rajoyrekin eduki beharreko erakunde arteko elkarrizketa abiatzea (abuztuaren 29an egindako bilera kasurako), eta bestelakoa oso desberdina prozesuaren etorkizuna espainiar autoritateen esku uztea.

Beraz, 2014an kontsulta ezinezkoa bada, estatuarekin adostu ez eta hark oztopatu egin duelako, prozesuak jarraitu egingo du, eta 2016ko hauteskundeak plebiszitarioak egingo dira. Hauteskundeak zilegitasun demokratikoa ere emango diote hortik aurrera planteatuko den Parlamentuak piztuko duen aldebakartasunari. Denbora irabaziz, 2014ko urgentzia erlatibizatu egiten du, tartea irabazten du bere prozesuko lidergoa sendotzeko eta ekonomiaren datuak hobera joan daitezen tartea eskuratzen du. Horretaz gain, nazioarteko eragileekin harremanak areagotu ditzake, eta beharrezkoak izango diren estatu egiturak sortzeko urratsak egiten jarraitu daiteke.

Ez dira gutxi prozesuaren gakoa kontsultan ikusten dutenak, eta ikusteke dago hauteskunde plebiszitario batzuek zein mailako hoztea suposatuko liokete herri mugimenduari. Dena dela, prozesuak aurrera jarraitzen duelako froga ez da ordezkari politikoen dialektikan bilatu behar, benetako urratsen determinazioan baizik: gobernuko aurrekontuetan kontsultarako partida bat aurreikustea, Consell Assessor per a la Transició Nacional delakoaren eraketa edo Institut d'Estudis Autonòmics erakundeak eginiko txostenen edukian erreparatu behar dugu borondatea badagoela garbi ikusteko. Herri bakoitza errealitate bat da, eta historikoki besteen eredu izan da maiz Euskal Herria. Errealitatea, ordea, bestelakoa da gaur egun, eta Kataluniak eta Eskoziak atzean utzi dute Euskal Herria bere determinazioan. Herri bakoitzak bere bide egokiena topatzen jakiten du beti, baldin eta borondatea garbia bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.