Indarkeriaren aurrean, elkartasun itsasoa

Oskar Matute - Alternatibako bozeramailea

2013ko urriak 5
Euskal Herrian, antzinatik jarduera errepresiboen laborategi izan den honetan, egun Estatu espainiarraren estrategia bikoitzaren eraginpean bizi gara. Batetik, nolabaiteko erosotasun egoera irudikatu nahi dute, indarkeriaren desagerpenaren ondorio, soilik ETArena aipatzen dutela. Bestetik, estatuaren eta bere politika antidemokratikoen aurrean antolatutako erresistentzia eta mobilizazio egitura guztien aurkako errepresio etengabea erabiltzen jarraitzen dute.

Hala, bake prozesu erreal bat eraikitzeko beharra defendatzen dugunok, inplikatutako eragileak, ETA barne, animatzen jarraitzeko prest gaudenok, aldebakarrekotasunaren bidean aurrera egin nahi dugunok, ETAren jarduera armatua desagertu ostean gatazka amaitutzat ematen dutenen irakurketa politikoarekin topo egiten dugu.

Eta nahiz eta gobernu, salbuespen auzitegi eta talde mediatikoen itxura hartzen duten botere-baliabideak erabili; nahiz eta gure herriaren kultura eta historiaren ukapena, errepresioa eta bere kontakizunaren zein zoru etikoaren inposaketa, edota herritar guztiengan eragin nahi duten narkolepsia bezalako tresnak erabili, askok Euskal Herrian oraindik ez dela inolako bake prozesurik ezta honi lotutako adiskidetze testuingururik osatu baieztatzen dugu.

Estatu espainiarrak denborak markatzen ditu, komeni zaionaren arabera errepresioa eta paralisia erabiliz, gutxienez bi helburu lortzeko: lehenik indarkeria bakarra ETArena zela eta horren atzean ez zegoela inolako gatazka politikorik sinestaraztea; eta bigarrenik, Guardia Zibila bezalako indar errepresiboen bitartez, PNVren gobernu morroiak gidatutako Ertzaintzaren laguntzarekin batera, espainiarren irudimen kolektiboan gaitz guztien arrazoia ETAren existentzia eta iraunkortasunaren mehatxua dela berrezartzea.

Une historiko honetan, gaizki izendatutako trantsizio demokratikotik —faxista hutsak demokrata petoetan eraldatu zituenak— sortutako erregimenak porrot egin duenean, arreta desbideratu behar dute, eta gainera, barruan dagoen etsai baten aurka egiteko batasuna aldarrikatzeko aukera izan behar dute.

Baina euren demokrazia, estatu autoritarioa normaltasunez janzteko erabiltzen duten estalkia besterik ez da. Estatu honetan inolako hauteskundeetara aurkeztu ez diren eliteak dira nagusi; gizartearen sektore gutxietsienei duintasunarekin eta giza zein lan eskubideekin bat datorren erantzun bat eskaini ezin diotenak, edo eskaini nahi ez diotenak, Troika ez haserrarazteko asmoz. Kudeaketa publikoaren etika eza dela eta, herritarrek euren zilegitasuna zalantzan jartzen dute, eta, gainera, herri kataluniarraren ausardiaren aurrean erabilitako jazarpen metodoak agerian gelditu dira, Estatu espainiarra herrien espetxe bat dela eta larriki zauritua dagoela agerian geldituz.

Eta larriki zauritua dago, existitzeko eta bere buruari nazio deitu ahal izateko, Euskal Herria bezalako beste herri batzuen zapalkuntza behar duelako. Eta hona hemen diferentzia garrantzitsu bat; guk ez baitugu Espainia behar gure burua nazio gisa aitortzeko.

Horregatik ez dute bake prozesurik ezta irtenbide demokratikorik nahi: euren lotsa estaltzeagatik, euren ezintasun eta interes ezkutuak estaltzeagatik. Baina Euskal Herrian oso argi daukagu jarduera armatua bertan behera uzteko ETAk hartutako erabakiak ez duela atzera bueltarik eta bere egitura militarrak desegiteko eman beharreko pausoak ematen jarraitzeko asmoa sendoa dela.

Hori jakin badakite egun gure herria oraindik desagertu ez den indarkeriaren kiribilean sartu nahi dutenek, inoiz barkamenik eskatu ez dutenek, eragindako biktimez damutu ez direnak eta armak uzteko asmorik erakutsi ez dutenek: indarkeriaz jokatzen duten Estatuaren aparatuek.

Irailaren 30ean, indarkeria honek Herrira, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mugimenduaren bihotzaren aurka jo zuten. Eta gure gizartearen zati handi bat erasotzen ari zela jakinda egin zuten. Herrira erakundeak presoen eskubideen defentsa oraindik hasteko dagoen bake prozesuaren oinarrizko zutabe bihurtu du, eta euren jarduerak beti lehenetsi du eskubide guztien errespetua pertsona guztientzat.

Horregatik Herrira guztiok garela esatera ausartuko naiz. Laster beteko dira bi urte ETAk bere ekintza armatuarekin bukatuko zuela adierazi zuela. Garai berria, biktimen errespetutik eta egia bilatuz, pertsona guztiei, presoak barne, eta gure herriari, Euskal Herriari, eskubide guztiak itzuliko dizkien konponbide prozesu bati ekiteko baldintzak errazteko balio izatea nahi dugunak gehiengoa gara.

Horrela, Euskal Herrian garatutako prozesu oso bat behin eta berriz mindu nahi duen indarkeriaren aurrean, milaka pertsonek, tantaz tanta gure herrietako kaleak beteko ditugu, bahituta mantentzen gaituen uharka gainditu arte; iheslari edo pertsona preso bakoitzaren askatasun indibidualetik eta bere burujabetza berreskuratzeko bidean dagoen herri honen askatasun kolektibotik aldetzen gaituzten espetxeetako barrak gainditu arte. Burujabetza hori aldaketa politiko eta sozial baten zerbitzura egongo da eta boterea esku egokietan utziko du, Euskal Herriko biztanleen eskuetan alegia, horietan besterik ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna