Martxel Toledo Garmendia.

Nazioa gara, ofizialtasuna nahi dugu

2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Agian batzuek hori pentsatuko badute ere, izenburuko leloa ez da guk asmatutakoa, hainbat zelaitan euskal jokalariek pankarta bidez aldarrikatutakoa baizik; besteak beste, 2007. urtean, Venezuelan hango selekzioaren aurka aritu zirenean. Eta seguruenik beste hainbat leku eta ekitalditan erabilitakoa, finean, nazio bat garelako eta ofizialtasuna nahi eta behar dugulako.

Jakina da euskal gizartearen gehiengo bat ofizialtasunaren aldekoa dela. Hori baieztatzeko, hainbat datu eta kasu aipa ditzakegu; besteak beste, Gasteizko Gobernuak aginduta, 2000. urtearen hasieran EAEn egindako inkestak izandako emaitzak edota selekzioa lehiatzen den bakoitzean zaleek futbol zelaietan zein kaleetan ematen duten erantzuna. Horren lekuko, besteak beste, 2007an, Euskal Herria eta Katalunia partiduaren aurretik, Bilbon guk antolatutako manifestazio erraldoia jarri dezakegu.

Hala ere, zoritxarrez, egun, aldarrikatzen dugun ofizialtasun horretatik urrun gaude, salbuespen gutxi batzuk kenduta, euskal kirolariak, nazioartean selekzio batekin aritzekotan, Espainia edo Frantziarekin lehiatu beharrean daudelako. Eta diot beharrean, lizentziak direla eta, aipatu federazio horiek deitzen diotenean kirolaria derrigortuta dagoelako deialdi horri baietza ematera, bestela, zigorraren arriskua dagoelako. Eta, jakina, kirolarien izaera lehiakortasunean oinarrituta, logikoa ere bada, arrisku horri beldurra edukitzea.

Egoera korapilatsu honen aurrean, ezinbestekoa da urrats gehiago egitea, begi bistakoa delako orain arte egindakoak ez direla nahikoak izan. Zentzu horretan, politika arloan, euskal instituzioei eta, batik bat, Gasteiz zein Nafarroako gobernuei, ofizialtasuna lortzeko kirol politika egokia planifikatzea eta garatzea eskatzearekin batera, kirol eragile guztiei, federazio, elkarte, kirolariei zein zaleei, urrats horiek egiteko prestasuna eta borondatea eskatzen diegu. Gure ustetan, nazioartean selekzio propioa izateko bidea horren alde gauden guztion artean egin behar dugulako. Hemen ez dago inor soberan, euskal selekzioaren afera ez delako inorena, euskal gizartearena baizik.

Horren harira, eta Euskadiko futbol federazioarekin azaroaren hasiera izan genuen bileran argi utzi genion modura, prest gaude, beti egon garen bezala, elkarlanean urratsak egiteko eta gure eguneroko egin beharrak horretara bideratzeko. Eta antzeko mezua eman genuen Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariarekin izandako bileran ere, alegia, selekzioaren afera guztiona zela eta, alde horretatik, elkarlanerako borondatea azaltzen geniola.

Gaur larunbata, San Mames futbol zelaian, euskal futbol selekzioa Perukoaren aurka ariko da, eta, horren harira, aldarrikapenaren lekuko bihurtuko da Bilbo berriro. Gure kasuan bi ekimen antolatu ditugu: lehena, eguerdiko 12:00etan, Pagasarri mendian, eta bigarrena, arratsaldeko 18:30ean, Areatzatik abiatutako manifestazioa, Ofizialtasunerantz, urrats + leloarekin. Ekimen horien bidez irudikatu nahi dugu ofizialtasunaren aldeko gure ekarpena.

Baina aurtengo deialdiak badu bere berezitasuna, zeren azken urteetakoekin alderatuta, aurtengoan, batik bat, iazko Anoetako istiluak eragindako irudi lotsagarriak kontuan hartuta, ez dugulako edarien eta bengalen apologiarik egin nahi. Argi dugu: istiluek sor ditzaketen arriskuekin batera, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenaren irudia eta balioa kakazten dute. Alde horretatik, iaz egin genuen bezala, aurten ere horrelako jokaerek ofizialtasunaren aldarrikapenari kalte baino ez diotela egiten adierazteaz gain, argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko bengala edo antzeko material arriskutsurik, jaiaren gainetik herri baten aldarrikapena eta irudi ona dagoelako jokoan.

Beraz, demostratu dezagun euskal zalea, konprometituena izateaz gain, munduko zale onena ere badela. Gora Euskal Herriko selekzioak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.