Zuzenbide estatua eta adierazpen askatasuna

Iñaki Uria.
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Aste honetan, euskarazko hedabideak bildu dira. Editoriala idatzi dute. Asko dira. Sektore ekonomiko sentitzen dira. Laguntzak behar dituzte. Prentsaurrekoa eman dute, 27 milioi euro mugitzen dituzte, 600 langiletik gora dituzte… Giharra erakutsi nahi izan dute, dugu. Elkarlan baten hasiera.

Garai larriak ezarri dizkigu ekonomiak, eta ez dago erraza aurrera ateratzen. Itxi dituzte herri aldizkari batzuk, eta beste asko kinka berean eror daitezke. Zenbaiten kasuan, Euskal Herria Irratia kasu, krisiaz gain, lizentziarik gabe aritu beharra egokitzen zaie. Eta laguntzarik gabe.

Elkartu gara, argazkia atera dugu, eta kalean berriz, isiltasuna sumatzen dut. Adierazpen Askatasuna eskubide orokor eta unibertsala dugu, baina gure gizartean botere ekonomikoarekin ondo lotutako komunikabideek daukate gehienbat adierazteko eta informatzeko aukera. Herritarrok eskubidea dugu, etxebizitza duina izateko eskubidea edota lana izateko eskubidea bezalaxe, baina adierazteko eta informatzeko aukera horretarako lanabesak dituenak besterik ez du. Gutxi gorabehera.

Horregatik, begiratzen ditut euskarazko komunikabideak, eta gehienak herri ekimenez eta herri bultzadaz sortutakoak dira. Duela hogei urte pasatxo Egunkaria Sortzen-en bidez Egunkaria sortu zen tankera bertsuan sortuak. Ez dugu ezagutu enpresari handirik euskarazko hedabideak pizteko inbertsio sendorik egin duenik. Euskaldunok euskaraz bizitzeko hedabideak behar dituztelako sortu ditugu sortu ditugunak. Hori izan da helburu nagusia.

Baina Egunkaria-ren itxierak erakutsi zigun ez zela bakarrik euskara eta euskal kultura jokoan zegoena. Euskaldunon eta euskal herritarron askatasuna zegoen jokoan. Euskaraz bizitze hutsagatik, Euskal Herria egiten ari ginen, eta horretan ari ginelako moztu zuten zabaltzen ari zen errealitatea. Espainiako Estatuak, orduan PPren gidaritzapean, euskal gatazkaren aurka erabakitako estrategiaren biktima gertatu zen Euskaldunon Egunkaria. Besteren artean, euskal herritarron erabaki eskubidea jomuga zutelako itxi zuten Egunkaria.

Atxilotu, torturatu eta kartzelatu gintuzten bitartean isiltasuna nabarmendu genuen komunikabide eta kazetarien artean. Frantzia eta Espainiako hedabideak Adierazpen Askatasunaren hilerri bihurtu ziren orduan. Kataluniako zenbait hedabide eta Euskal Herriko hedabide euskaldunak izan ziren isiltasun hori urratu zuten bakarrak. Donostiako manifestazioa eta mobilizazioak pixkana isiltasun hori apurtzen joan ziren.

Zazpi urteren ondoren epaiketa aurrera zihoala, Euskal Herriko hedabide eta kazetari ezberdinak ere etorri ziren Egunkaria Libre! oihu orokorrera. Absoluzioaren ondoren, Espainiakoak ere bai. Bakardade mugagabe honen berri ederki eman zuen Marie Darrieussecq idazleak Indépandentiste ne veut dire terroriste artikuluan: «Absoluzioak artikulu bat edo beste agerrarazi du Frantziako prentsan, Le Monde-k argitaratutako Bozonnet-ena, esaterako. Baina kazetari frantziarrek zalantzan jartzen ote dituzte euren kolegek esandakoak, hainbeste denboraren ondoren, torturen oihartzunik ez argitaratzeko eta ez aipatzeko adierazpen askatasunari eginiko atentatuak, han, hain hurbil?».

Duela urtebete epaiketa amaitu berritan ginen. Epaiaren zain. Une gogoangarri asko izan ziren epaiketan. Bat gogora. Abenduaren 15ean, Auzitegi Nazionaleko aretoan Txema Auzmendi deklaratzen ari zela denok geratu ginen txundituta. Txemak, bere santutasunean, guardia zibilen torturak salatzeko orduan Auzitegi Nazionaleko Del Olmo epaile instruktorearen ardura salatu zuen. Han bertan. Auzitegi Nazionalean epaitzen gintuen epai mahaiaren aurrean. «No hay derecho!», esan zuen. Hala atera zitzaion. Eta indarra zuen etxe horretan horrela esateak. Gure abokatuek ere distira atera zioten ofizioari, eta itsas-argia piztu zuten lainoz jositako auzian.

Absoluzioa etorri zen azkenean, eta sententzia harrigarria, Auzitegi Nazionalean ebatzia izateko. Egunkaria-ren itxiera ez dela konstituzionala ebatzi zuen, prentsa eta adierazpen askatasunaren aldarria egiteaz gain. Frogatutako egitateak ez zirela zigorgarriak. Euskarari buruzko tesiak —ETAren helburu da euskara, euskara bultzatzen dute, ETA dira— ondorio okerrera eraman zuela; prozeduraren azterketak akusazio hipotesiaren artifizioa zirela; torturen inguruan gure deklarazioek egiazkotasuna zutela…

Isilik zeudenak «El estado de derecho funciona» esaten hasi ziren. Sententziak hori frogatzen zuela. Eta sententzia irakurrita, eta auzia barrutik bizita, garbi dagoena da justu kontrakoa erakusten duela: Espainian zuzenbide estatuak ez duela funtzionatzen. Auzitegi Nazionalean ez behintzat. Edo bestela esanda, une bakoitzean Estatu interesen arabera funtzionatzen duela.

Bidean geratu zen Egunkaria itxita. Adierazpen Askatasunaren hilerrian topatu dut hilobia. Harrizko herrian zizelkatuta, hitz batzuk espainieraz: «El estado de derecho funciona». Aldamenean dago Udalbiltzarena. Absoluzioa bai, baina bitartean zerraldo. Badatoz beste epaiketak ere, Bateragunerena, herriko tabernena, Egunkaria-aren beraren kasu ekonomikoa...

Demokrazia baten osasuna Adierazpen Askatasunaren osasunarekin pareka badaiteke, geurean asko dago osatzeko. Kalte handia egin digute, baina adorea izan dugu aurrera egiteko, eta, krisiak krisi, sekula ez da hainbeste hedabide eta kazetaririk izan euskaraz lanean. Zuek eutsi diozue Egunkaria Libre! aldarriari, eta ikur bihurtu da Adierazpen Askatasunaren armarrian.

Kalte ordainak eskatzen hasteko ordua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.