Subiranotasunak, emaitza onak

2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Europa batuaren eraikuntza eta gizarte demokratiko, justu eta oparoaren ametsa izan dira gure azken 100 urteetako eragile politikoak. Ideia biak sartu dira orain krisi sakonean. Europak eta ezkerrak euren unerik txarrena bizi dute. Inoiz baino ilunago ageri da etorkizuna.

Europako hauteskundeak aztertzeko garaian parte hartzea da aipatu beharreko lehenengo kontua. 2009ko hauteskundeekin alderatuta, %10 baino gehiago igo da parte hartzea. Gorakada homogeneoa izan da Katalunian osoan, lau probintzietan antzeko portzentajeak izan baitira gorakadan. Gorakada horren zergatia erabakitzeko eskubidearen inguruko prozesuan dago. Ez dago beste arrazoirik bilatu beharrik. Kontsultaren alde dauden alderdiek parte hartzearen aldeko aldarria egina zuten kanpainan, bi helburu lortu ahal izateko: kataluniarrek Europaren parte izateko duten desioaren froga izan zedin eta kontsultaren aldeko alderdiek duten sostenguaren neurgailu fidagarri izan zitezen. Bada, bi helburuak sobera lortu ziren igandean.

Erabakitzeko eskubidearen alde dauden indarren batura, hots, CiU, ERC, ICV-EUA eta Podemos, %61 izan zen. Zehazkiago, kontsultaren alde dauden Kataluniako legebiltzarreko alderdien batura %56,3koa izan zen. Kontsultaren alde dauden alderdi guztiek gora egin zuten; aurka daudenek, aldiz, Ciutadans salbu, behera. Datuetan: 2009an baino 548.563 boz gehiago egonik, CiUk 106.908, ERCk 412.936 eta ICV 138.799 boz irabazi zituzten. Ciutadans alderdia da gora egin duen alderdi unionista bakarra —150.874 irabazi ditu—, baina PPk 108.656 eta PSCk 350.349 boz galdu dituzte. Beraz, blokeetan aztertuta, garbi dago kontsultaren aldekoak hazteko dinamikan daudela, eta galtzekoan, ordea, kontrakoak. Datu hauek ondorio garbi bat ematen dute aditzera: herriak sostengua ematen dio prozesuari. CiUko zein ERCeko bozeramaileek behin eta berriz esan dute sostengu soziala dagoen bitartean prozesuak atzerabiderik ez duela. Atzokoa sostengu horren isla garbia izan zen alderdi katalanentzat, baina baita Espainiako eta Bruselako erakundeentzat ere.

Barne irakurketen garaia ere bada, noski, nagusiki CiU eta ERC arteko erlazioarena, eta, zehazkiago, CiUren barruko analisiarena. ERCk gorakada historikoa izan zuen, eta lehendabiziko aldiz CiUk baino emaitza hobeak izan zituen, eta Kataluniako lehenengo alderdi bihurtu zen. ERCk barne eta kanpo dinamika positiboen onurak lortzeko gaitasuna izan du: barnekoak, Hirukoaren garaiko ERCrekiko aldeak ondo azpimarratu direlako; eta kanpokoak, gobernuan ez egotearen higaduraren abantaila kudeatzen jakin duelako. Gizartea subiranotasunaren aldeko planteamenduetara mugitu da, eta egoera horretan kudeaketaren higadurarik ez duen alderdi baten hazkunde aukerak oso handiak dira. Zer esanik ez, aukera horiek aprobetxatzeko ahalmena ERCko agintariei onartu eta txalotu egin behar zaizkie.

Ondo jokatu arren partida galtzen duen taldearen aurpegia zuen CiUk igandean. Ehun mila boz irabazi zituen, eta boz berrien onurak beti ERCk jasotzen zituen dinamikarekin hautsi egin zuen. Horrek etorkizunerako mezu garrantzitsua eman diezaioke CiUri, baldin eta boz berri horren jatorria ondo identifikatzeko ahalmena badu. Gobernuan egonik murrizketekin erlazionatuta egonda, Duran i Lleidaren mezuek hautesleria subiranistan izan dezaketen ondorio negatiboak onartuta eta, gainera, ustelkeriarekin lotutako frogatu gabeko hainbat prozesu martxan dituela erreparatuz gero, zeharo emaitza onak lortu zituen CiUk, tira, CDCk. Ikusteko dago, ordea, Masen lidergoa zertan geratzen den. Nire ustez, emaitza onak izanik ere, CDC alderdia nagusitasun politikora ohituta dago, eta garaipena ez den edozein emaitza epe motzeko katastrofismoarekin balora daiteke. CDCk bi aukera ditu alderdi hegemoniko izateko Katalunian: gizarteak egin duen mugimendura moldatu eta gobernu bokazio fidagarriko alderdi nagusi rola sinetsi, onartu eta ERCkiko distantziak markatu edo, bestela, gizartea lehenaldiko planteamenduetara eraman. Bigarren aukera ezinezkoa denez, badaki CDCk lana non dagoen. Denbora tartea badu, eta ahalmena ere bai.

Ezin bukatu PSC aipatu gabe. PSCren egoeraren erakusgarri onena igandean eskola mahaietan jarri zuten papera da. Izen gutxi, zazpi edo zortzi, —PSOEko zerrendan zeuden PSCko kideak— eta Elena Valenciano zerrendaburu. Valencianoren eskuinean ez zegoen PSOEren aipamenik. Eta PSOE-ren logorik inon ez. Bozkatzera nindoala, 60 urte inguruko gizon batek honako galdera hau egin zidan, gazteleraz: «Barkatu, baina PSOEko papera ez dut ikusten, eta non dagoen esango didazu, mesedez?». Galdera hori eta zerrenda paper hori dira PSCren egoeraren adibide: jatorria ahaztutakoa, diskurtsorik gabea eta bere hautesleria ere egunez egun galtzen duen alderdiarena. A, bide batez, eman nion eskatu zidan papera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.