Euskaltzaindiak Herri Hizkeren Atlasaren V. liburukia aurkeztu du

Osoko bilkurara arte zuzendaritzak ez du argibiderik emango akademiaren barne arazoen inguruan

Euskaltzaindiko, Jaurlaritzako eta Laboral Kutxako —hark babestu du lana— ordezkariak, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Herrian, errien, errixan, erriyan, erriyen, errin. Edo idien, idian, idin, idiñ, idixen, iriyan. Euskal Herriko hainbat herritan izen kategoriako hitzetan ematen diren aldaerak jaso dituzte EHHA Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren V. liburukian. Atzo aurkeztu zuten, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. Oro har, 260 mapa jaso dituzte oraingoan. «Euskaldunak ahoz darabilen sistemaren berri zehatza ematen du liburukiak. Eta zeharka, gramatikako xehetasunak ere», adierazi zuen Adolfo Arejitak, EHHAren proiektuaren zuzendari akademikoak. Bosgarren liburukiarekin batera, CD bat argitaratu dute. Gainontzekoekin egin bezala, sarean eskuragarri jarriko dute hori ere.

1984an hasi zen Euskaltzaindia Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren proiektuarekin. 1987tik 1992ra bitarte, Euskal Herriko 145 herritan 2.857 galdera egin zizkieten 320 lekukori. Orain arte, lau liburuki argitaratu dituzte. Lexikoari erreparatu diote horietan. Atzo aurkeztutako bosgarrena izenaren morfologian zentratzen da. Argitaratuko duten seigarrenak ildo berari jarraituko diola azaldu zuten atzo.

Andres Urrutia euskaltzainburua, Arejita eta Xarles Videgain EHHAren egitasmoaren arduradun teknikoa ere izan ziren atzoko aurkezpenean, besteak beste. Han zen Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea ere. Euskara batuak prestigioa galdu duela-eta kezkatuta azaldu zen. «Herri hizkerak eta euskara batua elkar elikatzen diren errealitate beraren alderdiak dira». Euskara batuaren onura eta ezinbestekotasuna belaunaldi berriei transmititzearen garrantzia nabarmendu zuen.

Egoeraren argibiderik ez

Egoera nahasian egin zuen atzo Euskaltzaindiak EHHAren V. liburuaren aurkezpena. Urrutiakez zuen iritzirik eman akademiaren barne egoeraz. Asteartean Ibon Sarasolak ETB1eko Airean saioan euskaltzainburuaren kargu uzteari buruz egindako adierazpenen inguruan ere ez zuen aipamenik egin. Hitz gutxi eskaini zizkion gaiari: «Zuzendaritza oraindik ez da bildu. Osoko bilkura egin ondoren ikusiko dugu zer erabakitzen den».

Datorren astean emango dute horren berri. Izan ere, hilaren 20an dute osoko bilkura euskaltzainek, Baionan. Besteak beste, Gramatika Batzordearen dimisioaz eta Sarasolak Hiztegi Batuko ardura uzteaz arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.