Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Aro berria

2013ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Light in The Attic eta Numero Group diskoetxe estatubatuarrak, musika ezkutuak berrargitaratzera dedikatzen dira. Private Press izenpean bere garaian diskoetxe ofizial baten euskarririk gabe distribuzio oso murritza edo ia pribatua izan zuten diskoak, norberaren etxean egindako 50 edo 100 ale besterik ez ziren izan kasu askotan, eta senitarteko eta auzoko lagunen egongeletan bukatuko zuten gehienek. 60ko eta 70eko hamarkadetan dendetara iritsitako disko bakoitzeko, ehunka grabaketa geratu ziren trasteleku eta garajeetako hautsaren pean ahaztuta.

Grabaketa horiek arakatu, eta dagokien moduan berrargitaratzeko orduan diskoetxe horiek egiten ari diren lana miresgarria da benetan. Musikaren garapenari buruzko ikuspegia, eta eztabaidatu ezineko egia unibertsaltzat dauzkagun hainbat ideia hankaz gora jartzen baitu lan horrek. Sarri askotan, errazegi esaten dugu musikari jakin bat estilo jakin baten asmatzailea dela, edo beste musikari horren edo haren eragina izan zuela. Ahaztu egin dugu, ordea, zein zaila eta arbitrarioa zen disko bat argitaratu ahal izatea, eta zein partziala izan daitekeen, gainera, gure analisia parametro horretan soilik oinarritzea. Private Press horiek aditzera ematen duten bezala, errealitatea askoz ere nahasiagoa, aberatsagoa eta zirraragarriagoa izaten baita.

Orain arte, bi diskoetxeak soul eta funkaren alorrean aritu dira gehienbat, eta zaleok ederki gozatu dugu eskainitakoarekin. Baina I Am The Center: Private Issue New Age Music… izenpean Light in The Atticek plazaratu berri duen bildumak gure eskema guztiak apurtu ditu. Ohiko arretaz eta jakituriaz, new age estiloko grabaketak aukeratu dituzte oraingo honetan. Ba al dago gustu oneko kanonarentzat arbuiagarriagoa den musikarik? Eta txantxa krudelagoak jasan dituenik? Ez dut uste, baina, mistizismo tentela eta komertzialtasun hutsaren ondorioz parodia hutsa bihurtu arte, new agearen izenpean XX. mendeko esperimentu musikal aurrerakoi eta liluragarrienetako bat baino gehiago izen zela erakusten dute grabaketa horiek. Tira, zein gutxi dakigun…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.