Nafarroako aurrekontuak PSNren erabakiaren mende

Hilaren 17an erabakiko du lurralde batzordeak zer egin, baina UPNk negoziatzeko eskaintza zuzena egin dio

joxerra senar
Iruñea
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
PSN baino ez da falta. Bilduk, Nafarroa Baik eta Ezkerrak zehaztu dute 2013ko Nafarroako aurrekontu proiektuari zuzenketa osoa aurkeztuko diotela, eta PPk, berriz, uste du UPNko gobernuaren proposamena «errealista» dela. Hala, beste behin ere PSNren jarrera eta botoak funtsezkoak izango dira aurrekontuek Parlamentuan aurrera egiteko, edo gobernuari itzultzeko. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak aurreratu duenez, aurrekontuak sozialisten proposamenaren «antitesia» dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, PSNk osoko zuzenketa onartuko duela. Azaroaren 17an egingo den Lurralde Batzordean erabakiko du zer egin.

UPNk, ordea, ez du hainbeste itxaron nahi. Astelehenero legez, zuzendaritza batzordea bildu egin da, eta aste honetan bertan Parlamentuan bi alderdietako ordezkarien artean aurrekontuak negoziatzen hasteko eskaera zehatza egin dio PSNri, akordio bat«lehenbailehen lortzeko asmoz».Egungo egoeran ezinbestekotzat jotzen dute akordio bat lortzea.

Eskaera horri ez dio oraindik PSNk erantzun, baina UPNren bilera aurretik Jimenezek aipatu du «oso zaila» dela PSNk gobernuaren aurrekontuak babestea. Hala ere, era berean, oposizioko alderdiekin osoko zuzenketa bat aurkeztearen aurka azaldu da. Jimenezek aipatu du ez duela begi onez ikusten «ezezkoaren aldeko koordinadora bat» osatzea.

Anbiguotasun horretan ezkutatu da Jimenez, eta bi aste barruko PSNren lurralde batzordea erabakigarria izango da. Ataka estuan dago PSN. Osoko zuzenketa aurkeztearen alde eginez gero, UPNren aurrekontuak atzera botako dira, eta, kasu horretan, Yolanda Barcinak hauteskundeak aurreratzea erabaki dezake. Ez dirudi PSNri hipotesi hori gehien komeni zaionik, baina osoko zuzenketa ez onartuz gero, agerian geratuko da hitzetatik harago ez lukeela UPN estutzeko asmorik.

UPNren zuzendaritza aurretik, Nafarroako lehendakariak berak keinu egin dio bazkide ohiari. Barcinak espero du PSNrekin akordio bat lortzea. «Nafarroaren politika orokorreko eztabaidan nioen bezala, orain ez bada, noiz?», ohartarazi du.

Patxi Zabaleta NaBaiko eledunaren arabera, irudi du aurrekontuak itzuli egingo direla. Ez du aurreratu nola egin dezakeen aurrera osoko zuzenketak. «Bakoitzak bere diskurtsoari eutsi arren, denok elkarrekin osoko zuzenketa aurkeztea posible da», aipatu du.Bilduko Maiorga Ramirezek ere ez du aurreratu alderdi bakoitzak osoko zuzenketa aurkeztuko duen edo denek elkarrekin egingo ote duten. «Garrantzitsuena da kaleko egonezinak erantzun bateratu bat izatea».

Ezkerrako eledun Jose Miguel Nuinen ustez, aurrekontu proiektua «enplegua suntsitzeko arma bat da» eta funtsezkoa da zentsura mozio bat aurkeztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.