Juan Luis Morazari Gure Artea saria emango diote bere ibilbideagatik

Inazio Escudero sorkuntza lanagatik saritu dute, eta Juan eta Pablo Otaola beka, artea sustatzeagatik

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Eztabaida sutsuan aritu ondoren erabaki dituzte aurtengo Gure Artea sariak nori eman. Hala azaldu du Miren Jaio artista eta epaimahaikideak: «Oso ikuspuntu desberdina daukagun jendea geunden epamahaian, eta horrek, eztabaida aberastearekin batera, erabakia zaildu egin du». Ibilbide artistikoagatik Juan Luis Moraza (Gasteiz, 1960) sarituko dute, sorkuntzari lotutako saria Inazio Escuderori (Bilbo, 1972) emango diote, eta artea sustatzeko egindako lanagatik Juan eta Pedro Otaola beka sarituko dute.

Jaiok eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak eman zituzten irabazleen izenak, atzo, Jaurlaritzaren Donostiako ordezkaritzan egin zuten agerraldian. 25.000 euro jasoko dituzte lehen bi sarituek, eta 15.000 euro hirugarrenak. Uztailaren 8an egingo dute sari banaketa.

Jaiorekin batera, June Crespo —iazko Gure Artea sariduna—, Txuspo Poyo artista, Ana Salaberria Koldo Mitxelenako erakusketen arduraduna eta Trayecto Galeria programako arduradun Fernando Illanak aritu dira epaimahaian

35 urtean egin duen ibilbide artistikoagatik eta arteari egin dizkion beste hainbat ekarpenengatik saritu dute Moraza. «Luzea bezain oparoa da Morazaren ibilbidea. Ez da eskulturan bakarrik aritu, haren interpretazioan eta transmisioan ere egin du lan», adierazi du Jaiok. Izan ere, ikerketa lanak egindakoa da, eta unibertsitateko irakasle ere bada. Horretaz gain, erakusketetako komisario ere aritzen da.

Performancearekin eta bideoekin osatzen ditu lanakEscuderok. Artea dimentsio desberdinak «astintzeko» erakutsi duen «trebetasuna» balioetsi du epaimahaiak saria emateko. «Esperimentazioaren bidez, mahai gainean jartzen ditu irudi, soinu eta performanceak. Lanaren eta artistaren artean kokatzen du bere burua, harreman hori bizitu edo indarrez behartzen du».

Otaola diru laguntza, saritua

Juan eta Pablo Otaola bekak 25 urte daramatza artista hasi berriak laguntzen. Urte horietan guztietan egindako lana eskertu nahi izan dio Kultura Sailak. Otaola sendiak eta Basauriko (Bizkaia) Kultur Etxeak elkarlanean ematen dute diru laguntza. Jaiok gogoratu du artista askoren abiapuntu izaten dela beka: «Beste laguntzek ez bezala, erakusketak egiteko aukera ematen die artistei, eta hori urrats handia izaten da hasiberrientzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.