Lorea Agirre.
Katuajeak

Crowdfunding

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Kerobia taldeak 750 laguntzaile behar ditu Supernova egitasmoa aurrera eramateko, eta Fermin Muguruzak Zuloak musika taldearen gaineko dokumentala egiteko, 600 lagunen diru ekarpena. Laguntzaren truke diskoa, dvd-a, liburuxka, mural handi baten zatia, edo kamiseta, dokumentala, edo kreditoetan agertzea eta beste jasoko da. Sarearen bitartez egin behar da ekarpena. Hona crowdfunding maneran finantzatzen ari diren bi egitasmo. Baina gehiago dira bide hori hartu duten kultur egitasmoak.

Antzeratsu egin dute aurrera, esate batera, honako hauek: Gartxot filma egiteko, dirua lortzeko fotogramak saldu zituzten; Xora pelikula, berriz, herri elkarte eta herritarren emailetzaz egin ahal izan da; Edo argitaletxe kolektiboa bazkidetza eta boluntario lana oinarri dituela sortu berri da.

Sareko ekonomiaren gaineko eskuliburu berrienetan agertzen denez, crowdfundinga eredu berri bat da: masa finantzaketa eredu berri bat, irakurri daitezkeenez; finantzaketa kolektibo edo mikrofinantzaketa kolektibo gisa ere definitu daitekeena; ohiko parametroetan sartzen ez diren ekimenak bultzatzeko erabiltzen dena, komunitate bat osatzeko bokazioa duena, eta amaitzeko, sare sozialen bitartez bideratzen dena.

Crowdfundingak, bistan da, gurean bide luzea du egina, izena bera asmatu askozaz aurretik ere bai, orain jantzi berriz agertzen bada ere. Horrela baino —horrela nagusiki— ezin baita esplika nola iritsi garen XXI. menderaino hizkuntza eta kultura honekin, botila erdi betea edo erdi hutsa dagoela pentsatu gorabehera. Horixe da ohiko parametroetan sartzen ez den ekimen bat. Bizitzeko gogoa, hurrengo belaunaldiari hizkuntza eta kultura transmititzeko grina. Komunitatea egiteko berebiziko beharra. Horixe zen. Eta gaur crowdfunding deitzen zaion horri hemen konpromisoa eta militantzia deitu izan zaio urte askoan.

Umetako oroitzapen goxo bat: lehen Kilometroak jaia egin zenekoa, esate batera, eta ikastolako guraso eta irakasleek tonbola jarri zutenekoa. Hango panpina, kamioi, jostailu, baxera, bandeja, gaileta eta bonboi kutxa, udarako hozkailu eramangarri, aulki eta mahai tolesgarri. Zer ez zen zozketatzen. Orduko hartan aitaren lantokian pilatu ziren tonbolan zozketatu beharreko denak. Orduak egongo ginen ahizpa eta biok haiei begira, egundaino —Toys'R'us denda katea sortu gabea oraindik— sekula ikusi gabeak ginen halako jostailu festa.

Karmele Esnal andereño historiko zendu berria, ikastolako tonbolako txartelak saltzen, ikusten dut. Horra crowdfundinga.

Hasieran, boleto eta errifak izango ziren, egutegiak eta pegatinak; tonbolak, jaialdiak, Olentzero bezperako kalejirak, txosnak, elastiko, xukadera, poltsa, kapela eta motxila. Dohaintza, akzio eta partizipazio. Irabazi ekonomikorik batere ez lortzeko baldintzapean gainera.

Ezin kalkula liteke zenbat diru, zenbat ahalegin, zenbat borondatezko lan, zenbat gogo inbertitu duen jendeak euskararen alde azken 50 urteetan. Zenbat diru da hori? Nola konta liteke? Nola uler liteke lortu nahi zenaren garrantzia? Nolatan erosiko ditu jendeak batere dirurik emango ez dion hedabide bateko akzioak? galdera behin eta berriz errepikatzen zuen Egunkaria-ren itxiera agindu zuen epaileak. Agian crowdfunding hitza oraindik ez zegoela boladan izango zen. Agian ez.

Ziztadak, ekarpenak, kidetzak, bazkidetzak, harpidetzak. Gintzak. Gurea alimaleko crowdfunding basati bat izan da. Eta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.