2014ko Frantziako herri bozak. Lehen itzuliaren ondorena

Sozialistak galtzaile atera dira, eta eskuin muturra aitzinean da zenbait hiritan

PS, PCF eta EELV alderdiek dei egin dute akordioa egitera eskuin muturraren aurreratzea trabatzeko

Iñaki Etxeleku.
Baiona
2014ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Zenbaki adierazgarri bat du lehenik Frantziako emaitzei begiratzen bazaie: %38,7. Abstentzioaren kopurua da. Bozkatzaileen ia hamarretarik lau ez dira joan bozkatzera lehen itzulian herriko hauteskundeetan. Urterik urte gora doa kopurua, gainera. Duela sei urtekoarekin alderatuz gero, sei puntuz emendatu da abstentzionisten multzoa Frantzian.

Bestela, denek aipatzen dute eskuin muturraren estrategiakzenbait hiritan izaniko lorpena. FNko buruak jarri zituzten, eta indartsu atera dira, bereziki hego-ekialdeko itsasbazterreko hirietan eta Proventzan. Ipar Kataluniako Perpinya hirian lehen da eskuin muturreko hautagaia, eskuinekoaren aurrean. Beziers Languedoc eskualdekoan ere bai. Avignon hirian, FNko hautagaiak eta pareko hautagai nagusi sozialistak kasik boz kopuru bera dute. Udako antzerki festibal handiaren hiria da Avignon. Festibalaren zuzendari Olivier Py antzerkilariak esan du eskuin muturra pasatzen bada festibala hiri horretatik joango dela. Pas-de-Calais eskualdeko Henin-Beaumont hirian, FNk lehen itzulitik eskuratu du udala.

Eskuina indarturik jalgi da lehen itzulitik, nahiz ez duen deus erran nahi horrek, bigarren itzuliak mapa itxuralda baitezake. Dena den, ezkerra nekezian da anitz lekutan, eta PS alderdi sozialistak jakinarazi du hitzartu direla PCFko komunistekin eta EELVko ekologistekin bigarren itzulirako fronte baten osatzeko.

Mennucciren porrota

Denen beharra izanen dute Marseillan, adibidez; Patrick Mennucci hautagai sozialistak huts egin baitu apustua: hirugarren atera da Jean Claude Gaudin UMPkoaren eta eskuin muturreko hautagaiaren gibeletik. Aspaldiko auzapez Gaudin nagusi da menetoko, eta Mennuccik nekez alda dezake egoera.

Lyonen, Gerard Collomb sozialista atera da lehen, baina UMP eta FN ditu parean. Ikusi beharko da horiek zer egiten duten bigarren itzulian. Lillen, Martine Aubry PSko auzapezak lortu behar luke berriz ere kargua, nahiz zentro-eskuinak eta eskuin muturrak emaitza onak erdietsi. Okzitaniako Tolosan, Pierre Cohen auzapez sozialista bigarren gelditu da lehen itzulian, Jean-Luc Moudencen atzetik (UMP-UDI-Modem). Montpellier hiria ezkerrean egonen da, baina sozialistak zatiturik abiatu dira, eta horietarik bat da izanen auzapez.

Alderdi politiko nagusietako politikari ezagun askok lortu dute lehen itzulitik nagusitzea. Hala da Alain Jupperentzat (UMP), laugarren kargualdian den Bordeleko auzapezarentzat. Nasaiki irabazi du, bozen %61rekin ia. Jaun eta jabe dirau Girondako eremuan eskuineko ministro ohiak.

St Etienne, Estrasburgo, Niza hirietan aitzinean da eskuina. Anitz lekutan, UMP alderdiak zentroko UDI eta Modemekoekin hitzarmenak eginak zituen lehen itzulitik gobernuko alderdien parean.

Komunisten gotorlekuak

Frantziako alderdi komunista gain behera joan bada ere azken urte hauetan, zenbait hiritan sendo jarraitzen du, eta gotorlekutzat dauzkate. Paris inguruko alderrian, adibidez, hori gertatu da. La Courneuven, Nanterren, Gennevilliersen, auzapezgoa atxiki dute lehen itzulitik. Ehun mila biztanlez gorako Saint Denis hirian bigarren itzulia izango du lehen atera den alkate komunistak.

Pauen, Biarnoko hiri nagusian, François Bayrou (Modem-UMP) aise gailendu da lehen itzulian David Habib hautagai sozialistaren aurrean, bozen ia %42rekin. Habibek %25 ez du gainditu ahal izan. Mourenx hiriko auzapeza zen horra arte, eta Paueren ezker atxikitzeko apustua izan da Habib hor jartzea. Ipar Euskal herrian ezaguna da Habib, euskal lurralde ezagupenaren aurkako militante sutsu eta hizkuntza gutituen ofizialtasunaren kontrako gisa. Bayrouren itzala ere ez dute ahantzia funtsean euskal departamenduaren aldekoek, horren sortzearen kontra lan egin baitzuen bere garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.