Sevilla II-ko zuzendaritza ez da harremanetan jarri 31 egun baraurik daramaten presoekin

15 kilo inguru galdu dituzte gose greban segitzen duten sei presoek; gainerako 7ak itxialdian daude

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Larriagotzen ari da Sevilla II espetxean gose greban dauden presoen egoera, eta, hala ere, ez da beraiekin harremanetan jarri espetxeko zuzendaritza. Sei euskal presok 31. eguna dute gaur ezer jan gabe, eta hamabosna kilo inguru galdu dituzte bakoitzak. Gose greba hasi zuten hiru lagunek utzi behar izan dute, osasun arazoengatik, baina ez diote borrokaldiari utzi. Hasieratik gose greba ez baina itxialdia abiatu zuten bi euskal presoekin bat egin dute.

Egoera tenkatzeak, baina, ez du fruiturik ekarri oraingoz, eta, Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez, espetxe zuzendaritzatik ez diete ezer esan presoek egiten dituzten lau aldarrikapenei buruz. Bakartzea amaitzea, euskal presoak batera egotea, oinarrizko eskubideak errespetatzea eta «etengabeko jazarpen eta erasoak amaitzea» eskatzen dute presoek.

Izan ere, Enara Izagirre Etxerat-eko kideak gogora ekarri zuenez, «egoera larrian» daude Sevilla II espetxean; «duela lau urtetik hona luzatzen den tentsionamendu baten ondorioz». Eta, Iñaki Azkarragaurizar Arrasateko alkateak gogora ekarri du espetxeari dagokiola «presoen segurtasuna, haien osotasun fisikoa eta eskubideak bermatzea».

Arrasateko alkatea Sevilla II espetxean dauden gainerako euskal presoen herrietako EH Bilduko hautetsiekin batera azaldu zen atzo, Donostiako prentsaurrekoan. Herriz herri mozioa aurkezten eta onartzen ari dira. Adibidez onartua dute Arrasaten eta Hernanin. Lau puntu ditu mozioak. Batetik, sakabanaketa politika bertan behera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari; bigarrenik, Sevilla II-ko espetxe zuzendaritzari eta Espainiako Espetxe Erakundeei egoera konpontzera dei egin die; presoek beraiek egiten dituzten eskaerekin bat egin dute hirugarrenik; eta azkenik, gizarteari dei egin die «giza eskubideen eta bakearen defentsan antolatzen diren dinamiketan parte hartzera».

Presoen egoera konpontzeko eskatuz hainbat mobilizazio eta ekimen egiten ari dira hainbat tokitan. Atzo, esate baterako, elkartasun ekimena egin zuten Bilbon, eta Gasteizko letren fakultatean baraualdia egiten ari dira hainbat lagun.

Iganderako manifestazio nazionala antolatu dute presoen senitarteko eta lagunek, egoera konpontzeko eskatzeko. Donostian dira egitekoak protesta, 12:30ean Bulebarretik abiatuta. Carlos Urkijo Espainiak EAEn duen ordezkariak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari manifestazioaren berri eman eta debekatzeko eskatu dio, «ETAko presoen omenaldi bilaka» daitekeela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.