Martutenera aurkeztu da Imanol Vicente, senitarteko eta gertukoek lagunduta

Aske Gunea posible egin dutenak zoriondu, eta EAJ, PSE-EE zein PPren jarrera salatu du Donostiako EH Bilduk
Imanol Vicente, joan zen astean, Aske Gunean.
Imanol Vicente, joan zen astean, Aske Gunean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Oihana Elduaien -

2013ko apirilak 25
Imanol Vicente ere preso dago. Segiko kide izatea egotzita Espainiako Auzitegi Gorenak berretsitako sei urteko espetxe zigorra betetzeko, atzo aurkeztu zen Martuteneko espetxean. Senitarteko eta lagunekin egin zuen giltzaperako bidea. Aske Gunean ostiral goizean atxilotu zituzten sei lagunen auzi berean zigortu zuten, eta, hura preso sartuta, Nahikari Otaegi baino ez da geratzen libre. Otaegik aste honetan du Aranjuezko espetxera aurkezteko asmoa, zazpi hilabeteko alabarekin batera, jarri dioten sei urteko zigorretik lau urte eta erdi betetzera.

17:50ean sartu zen Vicente Martuteneko atetik, atzo. Familiakoak eta lagunak alboan izan zituen azkeneko unera arte. Poltsa soinean, Ekaitz Ibero preso dagoen espetxe berberera sartu zen. Auzi berean atxilotutako gainerako sei lagunak ez daude han. Zaballan (Araba) daude lau: Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra eta Adur Fernandez. Eta, Basaurin (Bizkaia), bi: Mikel Arretxe eta Oier Lorente. Hain justu, elkartasun martxa egingo dute gaur Zaballako espetxera. Gainera, Vicenteren espetxeratzea salatzeko, elkarretaratzea ere egingo dute gaur bertan, Donostian, 19:30ean, Anoetako biribilgunean.

Segiko kide izatea egotzita zigortu zituzten zortzi gazteak Espainiako Auzitegiek, eta kale erasoetan parte hartzea aurpegiratuta, Ekaitz Ibero. Guztiak ere polizia operazio beretik abiatutako auziak dira, eta zigor guztien oinarrian torturapeko deklarazioak daude. Haiek babesteko, eta espetxera eramatea ekiditeko Herri harresia sortu zuten Bulebarrean antolatu zuten Aske Gunean. Hamabi egunez egon ziren han, harik eta Ertzaintzak atxilotu zituen arte.

Konpromiso lezioa

«Aske Gunea posible egin zuten guztiei» zorionak eman dizkie Donostiako EH Bilduk, eta «antolaketa eta konpromiso lezio ederra» eman dutela nabarmendu. Bulebarrean bertan eman zuten prentsaurrekoa EH Bilduko kideek, atzo, eta «jazarpen politikoa» amaitzeko garaia dela aldarrikatu zuten. «Ezin onar dezakegu, gaur egun, gure hirian, beraien ideia politikoengatik zortzi gazte espetxera bidaltzea». Auzi politiko guztiak behin betiko amaitzeko garaia dela aldarrikatu zuen Xabier Sotok, guztien izenean.

Salaketarako hitzak ere izan zituzten. Batetik, Ertzaintzaren jarrera salatu zuten «bildutakoak kanporatzeko» izan zuen jarreragatik; «asko izan dira mehatxuak, umiliazio sexistak eta eraso fisikoak salatu dituzten herritarrak». Eta, bestetik, Donostiako Udalean oposizioan dauden alderdien jarrera salatu zuten, EAJrena, PSE-EErena eta PPrena. «Eskandalagarria» iruditu zaie haien jarrera, baita «arduragabea» ere. Bulebarrean bildutakoen kontra «oldartzea» egotzi die.

Gogora ekarri diete, «bakea eta elkarbizitza eraikitzeko», beharrezkoa izango dela alderdi guztien ekarpena. Eta beraz, «jarrera ausart eta positiboak» izateko eskatu diete.

Hala, «herritarrei entzuteko deia» egin die alderdi horietako kideei, eta haien alderdien irizpideak baztertu, eta «donostiar gehientsuenen nahiarekin bat egiteko ausardia» galdegin. Eskubideen «kontrako erasoak» amaitu beharra dagoela nabarmendu zuten, «Donostia elkarbizitzaren erreferente» bihurtu nahi izatera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna