Epaileek protestak hasiko dituzte gaurtik aurrera, Justiziako mozketen aurka

Espainiako Justizia ministroaren erreforma atzera botatzeko eskatu dute, lan baldintzak okertuko dituelakoan

Agentziak
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Epaile eta fiskalen haserrea ere bereganatu du Espainiako Gobernuak. Gaurtik aurrera, arreta greban hasiko dira Espainiako, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Hego Euskal Herriko epaileak; Nafarroakoek astelehenean hasi zuten protesta, nolanahi ere. Epaileen eta fiskalen elkarte guztiek bat egin dute protestan.

Arreta grebak esan nahi du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) arrazoizkotzat jotzen dituen lan kargak hartuko dituztela eta ordutegiak beteko dituztela epaileek, ez gehiago. Lehen auzialdiko epaitegiek, esaterako, urtean 1.400 inguru kasu hartzen dituzte batez beste; CGPJk zehaztua du zentzuzkoena litzatekeela urtean 800 kasu hartzea. Grebarekin, beraz, beren ordutegiak «zorrotz» bete baino ez dutela egingo esan dute.

Epaileek nahikoa lan karga badutela adierazi nahi dute protesta horrekin, eta Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroaren murrizketek justiziaren egoera okertuko dutela erakutsi. Epaileek Espainiako Gobernuari seinalatu diote biztanleko epaile gutxien dituen Europako administrazioetako bat dela. Justizia arloko inbertsioak handitzeko eskatu diote Gallardoni; ministroak, baina, iragarri du %20 murriztuko duela aurrekontua.

Ez dira aurrekontu mozketak bakarrik. Urriaren 11n Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreforma aurkeztu zuen Gallardonek Espainiako Kongresuan, eta presaz onartzekotan dira. Erreformak dirua aurrezteko helburu argia du. Alde horretatik, epaileak gehien haserretu dituen neurrietako bat ordezkapenak ez betetzea da. Behin-behineko 1.200 epailek egiten dute lan Espainiako administrazioarentzat; horiek kenduko lituzke erreformak.

Orain arte, epaile batek gaixo agiria hartuz gero, ordezko epaile behin-behineko bat kontratatzen zuten; erreforma onartuz gero, beste auzitegi bateko epaile baten esku geratuko da gaixo agiria duen epailearen auzitegia ere. Lan karga handituko dio neurriak, baita ordaina ere: 1.500 eta 2.700 euro gehiago jasoko dituela zehaztu du erreformak. Epaileek ez dute egokitzat jotzen, ordea.

Bestalde, epaileek urtean hemezortzi baimen egun hartzeko aukera dute, eta horiek ere murriztu nahi ditu erreformak, hamabi izan daitezen aurrerantzean —ordutegiz kanpo eta guardian egin behar dituzten egunak ordean emateko dira egun horiek—. Gaixotasunagatik lanera ezin joan diren epaileei gutxiago ordaintzea ere proposatu du Gallardonek. Epaileen lan karga arintzeko neurririk hartu ez, eta erreformak egoera okertuko duela uste dute epaileek. Justiziaren kalitatea okertuko dela uste dute.

Horrez gain, epaileek salatu dute erreformak ez duela bermatzen CGPJ «egiaz independente» izatea, eta bere eskumenei eustea. Justiziarako aurrekontuei eusteko, eta justizia arloko erreforma guztiak bertan behera uzteko eskatzen ari dira, hortaz.

Gaur hasiko duten arreta greba gainera, azaroaren 23an justizia jauregien aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte epaile eta fiskalek, eta ez dute baztertu lanuzteak edo grebak egiteko aukera, Espainiako Justizia Ministerioak haien eskakizunei kasurik egiten ez badie. Heldu den astelehenean bilera egingo dute, Madrilen, epaileen eta fiskalen elkarteek eta epaile dekanoek; elkarrekin zer neurri gehiago har ditzateketen aztertuko dute.

Administrazioei ezin hel egin

Murrizketek ez ezik, zenbait prozeduragatik kobratzen diren tasak handitzeko asmoak ere ezinegona eragin du. Herenegun, esaterako, abokatu, prokuradore eta fiskalek elkarretaratze bat egin zuten Gasteizko justizia jauregiaren aurrean. Arabako Abokatu Gazteen Elkarteko presidente Vanesa Duranek adibide batzuekin erakutsi zuen tasak garestitzeak zer eragin dezakeen: esaterako, mila euroko zor bat kobratu nahi duen pertsonak, auzitegira jotzen badu ordainketa hori erreklamatzeko, 105 euro pagatu beharko ditu. Administrazio publikoen edozein jarduerari helegiteak jartzeko, berriz, 200 eta 300 euro artean pagatu beharko dute helegite bat jarri nahi dutenek.

Abokatu gazteen elkarteak salatu du, tasak garestituz gero, justiziarako sarbiderik gabe geldituko direla herritar ugari —prozeduraren arabera, 50 eta 750 euro artean garestituko ditu gobernuak tasak—. Hain justu, herenegun eztabaidatu zuen tasen garestitzeari buruz Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak. Neurriari buruzko botoa ematerakoan, oposizioko alderdi gehienak altxatu egin ziren, eta batzordea utzi zuten. PSOE, CIU, IU, EAJ, UPD, ERC eta BNGko parlamentariek bakarrik utzi zituzten PPko ordezkariak. Emilio Olabarria EAJko parlamentariak salatu zuen gobernuak presaka onartu duela «oinarrizko eskubideak» kaltetuko dituen erabaki bat.

Justizia administrazioko langileak ere kexu dira murrizketekin, eta Eusko Jaurlaritza berriari eskatu diote horiek bukatzeko. Asteazken eguerdian, elkarretaratzeak egin zituzten Bilboko, Donostiako eta Gasteizko justizia jauregien aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.