Baztarrika: «Euskarak lege babesa behar du Iparraldean»

Aldeko neurririk ezak euskara ahuldu egin duela dio Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak
Baztarrika, euskal hedabideen galderei ihardesten.
Baztarrika, euskal hedabideen galderei ihardesten. BOB EDME

Aitor Renteria -

2014ko maiatzak 24
«Ipar Euskal Herrian behar-beharrezkoa du euskarak, aurrera aterako bada, lege babes egokia». Horrela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek antolatutako Ahoan Bilorik Gabe saioan. Euskararen egoeraren diagnosiari eta hezkuntza ereduei buruz mintzatu da Euskal Irratiek, Kanaldudek, Herria-k, Ipar Euskal Herriko Hitza-k eta Kazeta.info-k egindako elkarrizketan.

Inkestetako datuak baliatu ditu Baztarrikak, euskarak Hego eta Ipar Euskal Herrian duen egoera azaltzeko. Duela 20 urte Iparraldean euskara zekitenak EAEn baino %10 gehiago ziren. Orain, %10 gutxiago dira. Euskararen erabilerak, 4,5 puntu erdi gora egin du, eta Iparraldean antzeko neurrian behera. Euskara, EAEn, etengabe hazi da 20 urtean, ezagutzan eta erabileran. Iparraldean beherakada jarraitua izan da. EAEn, euskaldunen proportziorik handienak gazteen artean daude. Iparraldean, euskaldunik gehienak zaharrak dira. Elementu nagusia herritarren atxikimendua dela esan du. «Ezinbestekoa da hizkuntza politika ere, herri erakundeek benetako konpromisoa izatea erabilera sustatzeko. Legeak dira alde edo ez». Seaskarekiko engaiamendua berretsi du Baztarrikak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna