Negoziazioari eutsi beharko diote Thailandian

Lehen bileran ez dute akordiorik lortu, baina hitz egiten segitzeko agindu die armadak gobernu eta oposizioari

Ion Orzaiz.
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Thailandiako armadak antolatutako bake elkarrizketen lehen saioak ez du fruiturik eman. Bi orduko bilera egin zuten atzo Thailandiako Gobernuak, oposizioko alderdi nagusiak eta gobernuaren aldeko nahiz kontrako manifestarien ordezkariek, baina ez zuten akordiorik lortu. Hala ere, militarrek bigarren bilkura antolatu dute gaurko, eta negoziazioari eusteko agindua eman diete alde guztiei.

«Bihar, toki eta ordu berean». Horixe esan zien atzo Prayuth Chon-Ocha armadaburuak Bangkokeko egoitza militarretan bildutako negoziatzaileei, eta proposamen sorta idazteko eskatu. Thailandiako sistema politikoaren erreformaz eta manifestazioak eteteko moduez eztabaidatu zuten atzo, besteak beste.

Gobernuak, adibidez, hauteskundeetara deitzea planteatu du, eta data ere zehaztu du: abuztuaren 3a. Oposizioko protestarien ordezkari eta lehen ministrorde ohi Suthep Thaugsubanek, ordea, ezezko borobila eman dio aukera horri, «sistema politiko osoa ustelduta dagoelako, eta horrek hauteskundeak baldintzatuko lituzkeelako». Bozetara deitu aurretik, gobernu batzorde bat eratzea proposatu du Suthepek, urtebeteren buruan sistema politikoa garbitzeko.

Thailandiako armadak ez du argitu nola uztartuko dituen, printzipioz, bateraezinak diruditen jarrerak. Herenegun, gerra legea ezarri zuen Prayuth jeneralak, herrialdean «bakea eta ordena berrezartzeko eta negoziazioa sustatzeko».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.