Cannes, Ederra eta Piztia

Inoiz baino ederragoa izan da Cannesen ikusi den zinema. Edertasuna da, edertasun hilgarria askotan, 'Melancholia', 'The Tree of Life', 'Hanezu', 'Hara Kiri', 'Drive' eta beste dozenaka filmek duten dohaina. Zinemak eta irudiak elkar maitatzen dute. Heriotzaraino maitatu ere.

Brad Pitt, TheTree of Life  Terrence Malicken filmeko irudi batean. Z / BERRIA.
begona del teso
Cannes
2011ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez ez da inon ikusi, dastatu, zelatatu, ukitu Cannesen agertu den zeluloidezko maiestatea. Emanaldi bakoitzean sartu izan gara dardaraz, pantailak zer erakutsiko zigun esperantzaz eta aldi berean beldur. Emanaldi kasik guztietatik atera izan gara ikara gozo eta ezti batez, pantailan gozatu izan dugunak sarri, maiz bizitza eta heriotza, edertasun eta krudeltasuna baino haratago eraman baikaitu.

Inork ezin du Malicken The Tree of Life ikusi eta aretora sartu zen zinemajale hura bera izaten jarraitu. Derrigorrean, plazerez, planoaren handitasunaren poderioz, bere burua, bere erraiak aldaturik irtengo da, eta denbora, tabakoa eta aire freskoa beharko ditu bere onera bueltatzeko. Baina ez zaio horren erraza izango bere onera itzultze hori, pelikulakbarrua, sustraiak iraulkatu dizkiolako.

Inor ezin da Lars von Trierren Melancholia-n murgildu (murgildu bainoago, amildu) eta eguzkipean edo euripean jarraitzen duen bizitzari heldu. Lars von Trierren zeluloide puska bortitz horri Antigoaldeko eta Etorkizuneko Arte maisu handiek izan duten eta izango duten botere berdindugabea baitzerion, baitario.

Ez dago ez kristaurik, ez judurik, ez fedegaberik, ez mairurik Nicolas Winding Refnen Drive-k abiadura osoan jarriko ez duenik. Barruko motorra bueltaz pasata eta azeleradorea mugaraino eramanda ikusiko du film ilun eta odoltsu hori.

Inork ez du Naomi Kawasek bezain hertsi, bezain fin belarra filmatzen. Gero gerokoa. Hanezu haren azken harribitxiaren ustezko mehetasunaz nahi duzuena eztabaidatuko dugu patxaroso (edota ozenki eta harro) gero, baina lehendabiziko kolpea, begietatik burmuineraino doana, ederra baino gehiago, droga hilgarria da.

Aurtengo Cannes, hots, Edertasunaren erreinua izan da. Baina ez pentsa, arren, distira hori itsugarria baino ez zela. Ez zegoen hutsik, ez. Mundu honekiko, gizakionganako konpromiso estrainio eta aparta erakutsi izan digute pelikula horiek guztiek. Are gehiago, are handiagoa izan da eta da Aki Kaurismakik erakutsi digun elkartasuna Le Havre marabillosoan, non Chaplin, Ozu, Jarmusch eta Tati sumatzen dituzun dantzan eta konplizitatean plano bakoitzean.

Cannesko aurtengo edertasun paregabeak erotu gaitu arras. Malkoetaraino. Erraietaraino. Film bakoitzaren egituran, konposizioan (zer ez genuke esango Takeshi Mikeren Hara Kiri-ren inguruan, 3Dn filmatutaheldutasun osoz!?), barruko orekan eta erritmoan Zinema (maiuskulaz) zegoen nonahi, baina Zinema hori amorruz, tristuraz, salaketaz nabaritzen zenuen blai.

Ez ahaztu, mesedez, Cavalierren Pater, esaterako. Edota Iranek preso mantentzen duen Panahik sinatzerik izan ez duen This Is Not a Filmzinemari, politikari eta bizitzari buruzko hausnarketa ez filmatua, irakurria baizik.

Dir-dir egin dute aurten Cannesen milioi bat planok, miloika eszenak. Itsu gaituzte, bai, baina aldi berean, zinema puska horiei guztiei esker, barru-barruan inoiz baino garbiago ikusten dugu zeinen aurka eta zeinen kontra matxinatu beharko genukeen.

Postalik ez, arren

Berriro esan behar badugu, ozenkiago ere idatz dezakegu: nahiz eta hain ederra izan, egungo zinemak (guri interesatzen zaigunak, bederen) ez du postal merkerik saltzen. Bost axola non den filmatua. Egungo zinema gurea ez da turistentzat egina. Kaurismakiren filmean ikusi orduko Le Havrerako bidea hartzeko tentazioak egiten dizu koska, baina ez plano dotore eta harroetan filmaturik delako, baizik eta hor bizitza borroka baita, Bizitza eta borroka.

Gauza bera esan genezake Leila Kilanik Sur la planche lan mardul eta bortitzerako filmatu duen Tangerri buruz. Ez da, jakina,Paul Bowleseketa konpainiak saldu zigutena. Askoz ilunagoa, askoz basatiagoa, askoz estuagoa baizik. The Sheltering Sky baino mila aldiz berdaderoagoa ere. Zeinen ondo, zeinen gogor, zein sakon bideratzen duen kamera oraindik proiektua baino ez zelarik Donostiako Zinemaldian saritua, bultzatua izan zen pelikula honetan, turistentzat ez den Tanger batean gertatzen den honetan. Min handia dario hiriari, min garratza protagonista mintzatzen den hizkuntza arabiarrari. Min unibertsala bere begietatik gureetara.

Ederra izan da, bai, Zinema Cannesen, baina distira horrek ez ditu izan zinema turistak helburu, zinema bidaiariak baizik. Postalak gustuko ez dituzten horiek baina Kaurismakirekin Le Havrera eta Leilarekin Tangerrera gustura eta dardaraz joango ziren horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.