Balendin Aurre Apraiz, gerra aurretik hasi eta ostean jarraitutako poesia bide bat

Duela ehun urte sortu zen 'Ekin', 'Euzko Gogoa', 'Karmel', 'Egan' eta 'Olerti' aldizkarietan argitaratu zuen poeta
Balendin Aurre Apraiz, <em>Karmel</em> aldizkariaren 258. zenbakiko argazki batean
Balendin Aurre Apraiz, Karmel aldizkariaren 258. zenbakiko argazki batean .

Juan Luis Zabala -

2012ko azaroak 3
Duela ehun urte sortu zen, 1912ko azaroaren 3an, Ajangizen (Bizkaia), Balendin Aurre Apraiz, 36ko gerraren aurretik eta ondotik idatzi duten euskal poeta bakanetako bat, 2007ko apirilaren 19an hila. Gerraren aurreko urteetako abertzale eta euskaltzale giroa ezagutu zuen, eta baita garai hartako olerkarien lanak irakurri ere. Ekin astekarian idazten hasi zen, herriko albisteak kontatuz. Gerra garaian gudari izan zen. 1937ko ekainean zauritu egin zuten, Artxanda mendia defenditzen ari zela, eta egun batzuk geroago atxilotu zuten faxistek, Basurtuko erietxean, zaurietatik osatzen ari zela. Otz samiña poema idatzi zuen.

Hainbat espetxetan preso izan ostean, 1940an irten zen kalera. Baserriko lanetan hasi zen, baina irakurtzeari eta idazteari erabat utzi gabe. Jon Etxaiderekin harremanetan jarri zen, haren Alos-torrea nobela irakurri ondoren, eta Euzko Gogoa-ren zenbaki guztiak jaso zituen, Jokin Zaitegik Guatemalatik bidalita. Hainbat aldizkaritan —Egan, Karmel, Olerti...— argitaratu zituen poemak; horietako bederatzi hautatu zituen Santi Onaindiak Milla Euskal-Olerki Eder bildumarako.

Hasieran ezizen asko erabili zuen Aurre Apraizek bere olerkiak aldizkarietan argitaratzeko: Mendi-bide, Agerreko Balendin, Balendin Agerreko, Aurraitz... Azkeneko hori hobetsi zuen gero.

1958an Venezuelara joan zen, baina ez zen han laketu eta 1964an Euskal Herrira itzuli zen. Urte horietan Errimiña poema sorta eta Ekaitza poema idatzi zituen, Rabindranath Tagoreren Txitra eta Txori galduak euskaratzeaz gain.

Luis Arostegik apailatu zuen Egunen bidean liburua, Aurre Apraizen poemen bilduma, Euskal Herriko Karmeldarrek 1994an argitaratua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna