Sorbideak

Joxemi eta Martin

Alberto Barandiaran -

2013ko urtarrilak 11
Bulego bat zen orduan Egunkaria, bulego bat Iruñeko dorre handienetako baten puntaren puntan. Bulego bat baino ez. Bulego bat, eta hiru sagu izututa, barruan. Hiru sagutxo ñimiño, dena handi, dena berri, dena arrotz. Faxak egozten zituen makinari begira ematen genuen goiz erdia, handik dena zetorrelakoan. Ez baitzitzaigun berririk iristen. Harriturik ikusten genituen biharamunean gainerako egunkarietako azalak, kaleratzen zituzten titular lodiak, primiziak berri mordoa. Guri ez zitzaizkigun berriak iristen!, koitaduak. Faxaren makina «piiiip» hasten zenean, hara altxatzen ginen hiru sagutxoak, ea gutako norentzat zen notizia berria. «Politika, hiretako» esaten zuten beste biek, edo «kultura, hiretako», eta berriro esertzen ginen nor bere aulkian, edo Euskalerria Irratira hurbiltzen ginen Mikel Bujanda edo Kike Diez de Ultzurrunengana, horiek bai, horiek egunero jasotzen zituztelako berriak.

Han ginen hiru sagu izutuok goiz horietako batean Joxemi Zumalaberen bisita jaso genuenean. Martin Ugalde zekarren ondoan. Berandu iritsi ziren, bidaia luzea zen orduan Donostiatik Iruñerakoa. Ugalde pertsona garrantzitsua zen gu sagu izutuontzat, babes moduko zerbait. Bermea. Ondo gogoan genuen hark botatako esaldi gogoangarria, artean egunkari baten erredakzio proiektua zen hura bisitatu eta hamar, hamabost lagun ordenagailu historiaurreko haien aurrean ikusi zituenean, gu bezala faxari begira haiek ere, zain: «hemen hogei baldin badaude, kalean berrogei edo ibiliko dira, ezta?».

Ez, kalean gutxi ibiltzen ginen orduan ere. Kalera atera eta faxak egotziko zuen notizia handia galduko genuen beldur ginen orduan ere.

Bada, Ugalde Joxemi Zumalaberekin batera iritsi zen Iruñeko skyline soilean nabarmentzen zen Irrintzi Dorrearen puntara. Bagenekien Ugalde proiektura atxikitzea izan zela Zumalaberen lorpen handienetako bat. Gainerakoak konbentzituta zituen, hura guztia martxan jarri zuen Argia-ko jendea batez ere, baina Ugalde erakartzea Egunkaria-ko ohorezko irudia izan zedin, kolpe itzela izan zen. Ugalde eta Joanmari Torrealdai ziren gazte koadrila harentzat euskal kulturaren bi erreferentzia serioak, nolabait esanda. Hori lortu zuen Joxemik. Eta sagu izutu gisa ikusi gintuenean, Iruñeko dorrearen puntan, keinu konplizea egin zigun, Ugalderi esan aurretik: «Begira Martin, begira zenbat deialdi!», kortxozko paretan txintxetekin itsatsitako hiruzpalau oharrak seinalatuz. Kazetari beteranoa harritu egin zen, eta poztu ere bai, eta irribarrea eskaini zigun gero. «Ondo ari zarete, ondo ari zarete».

Orduko bisita hura gure amorrua azaltzeko aprobetxatu genuen, bezperan bertako beste egunkari baten erredakzioari bisita egin eta «ez duzue ezta hiru hilabete ere iraungo» zakar bat jaso genuelako opari. Ez kezkatzeko, esan zigun. Urte asko iraungo genuela.

Bigarren akordua, lehen erredakzio bilera horietako batekoa da, Lasarte Oriako industrialdeko eraikinean. Hilabete batzuk ziren Egunkaria kalean zela, eta norbaitek langileei gutxienez eguerdiko menua prezio txukunean eskainiko lieken jatetxeren batekin akordioa egiteko aukera aipatu zuen. Bazirela horretarako prest zeuden ostatuak. Eskaerak aho zabalik utzi gintuen: eguerdiko menua! Inork aparteko ordainsaria, larunbatero jai eguna edo hilabeteko oporraldia proposatu izan balu, ez ginatekeen gehiago harrituko. Arnasari eusten geniola ikusten dut Joxemi kalkulagailu txiki bat hartuta, minutu pare bat batuketak eta kenketak eginez, azkenean ezinezkoa zela esateko. Lasai, konbentzimendu osoz. «Beste gai bat».

Hirugarren gomutan, gaixo zegoen. Bazkarian ginen erredakziokoak. Martin Ugalde altxa egin zen topa egiteko, lehen urteurrena ote zen? Handik gutxira Joxemi mahaitik jaiki zen, platera amaitu gabe utzita, eta desagertu egin zen. Iñaki Uriaren begirada etsia gogoan dut, mahai haren bueltan. Itzuli egin zen Joxemi, zurbil eta triste samar, baina hizketan berriro, lasai. Irribarrez, pentsatu nahi dut.

Gero, Larraitzen omenaldia, eta errautsek ongarritutako arbola txiki baten inguruan, sagu izutuok...