Osasuna. Sexologia

Gabon gauerako prestatzen

Sasoi honetan erabaki asko hartu eta hitzordu ugari antolatu behar dira, eta bikotekideen arteko batasuna beharrezkoa da. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2013ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Eguberri garaia heldu orduko, zentroko telefonoa gorritzen hasten da, inoizko jende gehien deika. Kuadrillen solasaldiak eguberrituta daude. Eskoletan ardatz bihurtzen dira Olentzerori lotuta dauden gorabeherak. Bikotekideek afariak eta bazkariak antolatzen pasatzen dituzte orduak. Haurrak, berriz, oporren zain eta oparien zain. Osabak, izekoak, amak, aitak, amamak … zoratuta ea zer egin.

Gabonek beti dakarte zer pentsa, zer egin, zer esan… Kontsumismoa, langabeziaren eragina,haurren jostailuak, zer eta zelan jan, tradizioa mantentzearen ohiturak, gure aldamenean falta direnak, familien gorabeherak, erlijioetan ez-sinestunak, diru publikoa… Gai ugari, bakoitzak badauka bere lekua. Gaurkoan bati emango diogu tartea, lanean ikusten dudanari. Gurean ikusten duguna eta kalean sarri entzun duguna antzekoa da. Bikote sistemaren arrakalak nabarmen geratzen dira egun hauetan. Sasoi honetan nahiko erabaki etaplangintza egin behar dira, eta bion arteko batasuna garrantzitsua da. Familian aisialdia, konpromisoak, betebeharrak edota gurariak zelan bideratu ez da izaten kontu makala.

Kasu askotan norberaren familiakoekin batzea eta ospakizunak antolatzeak nahiko burukomin eta estutasunak sortzen ditu. Bakoitzak ditugun beharrak, proposamenak, gurariak desberdinak direlako. Zer esanik ez gure arteko harremanak gazi-gozoak badira: «Anaiarekin, erraz; arrebarekin, aldiz, zaila; aitarekin, berba egin ezinik; izeko, beti kexuka, eta nire emaztea ez da amarekin konpontzen». Oreka mantentzea ez da izaten erraza.

Gure bikotekidearen etxekoekin batzeak ere badauka bere abentura. Hasteko, etxe bakoitzean ohiturak eta egiteko erak ere diferenteak izaten dira, eta halako egunetan ageriago geratzen dira. Gainera, norberak —eta zelan ez gure lagunak— bere familiarekin daukan harremanak eta bikotekidea igarotzen ari den boladak ere eragina edukiko du gure Gabonen bizipenetan. Urte amaierara urte osoa gainean daukagula heltzen gara, eta beste urteetako esperientziarekin.

Gauza asko batzen dira egun gutxitan. Gure istorioa, bikotekidearen istorioa eta bion artean eraikitzen duguna. Beraz, zelan ez izan sasoi gazi-gozoa? Gauzak horrela, ez da harritzekoa erabaki batzuk azken ordurako uztea, urte osoa edukita ere.

Sarri, saiatu izan garenean, bikotekideen arteko negoziazioak botere borrokak bihurtu izan dira, negoziazio bat baino gehiago. Orduan, porrot sentsazioa nagusitu da bikotekideen artean, etsigarria bihurtu arte.

Baina gaur 24a da

Gehienek erabakita izango dute gaua nora eta norekin ospatuko duten. Badirudi ezer ez dagoela aldatzerik, ezin bestelako erabakirik hartzeko. Ez da horrela. Badago gure esku dagoen zer edo zer.

Erabaki dezagun bada: zelango jarrerarekin ospatuko dugun egun hau, ze etekin aterako diogun, bikotekidearekin etxera heldu orduko zirri batzuk egingo digun... zer jango dugun, zelango aldartearekin jesarriko garen mahai horretan, noren alboan gura dugun egon kosta ahala kosta, ze mimoak emango ditugun eta zeintzuk gorde, zer gura diegun eskaini gure seme-alabei, masturbatuko ote naizen urduritasunak askatzeko, zelan eskertuko diogun maite dugun horri egin duena, zelan partekatu gura ditugun ordu horiek, zelango arropa eramango dugun soinean, zertarako joango garen afari horretara… Zer egingo dugu gure esku dagoena bideratzeko? Gozatzea gure esku ere badago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.