Turismoari ateak zabalik Gipuzkoako sagardotegietan

Hamar sagardotegik sagardoaren kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera emango dute

Erredakzioa
Donostia
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Sagarra eta sagardoaren mundura bildu nahi dituzte bisitari eta turistak Gipuzkoako sagardotegiek, eta horretarako, Sagardo Esperientziak egitasmoa jarri du abian Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Sagardotegiak turismo munduari irekitzeko bisita gidatuak egingo dituzte Donostialdeko, Bidasoa- Txingudiko, Tolosaldeko, Goierriko, Urola Kostako eta Urola Erdiko hainbat sagardotegik.

Bisita egitera animatzen direnek gertutik ezagutu ahal izango dute sagasti, sagardotegi, eta sagardoaren antzinako kultura. Gainera, sagarrez egindako hainbat produktu dastatzeko aukera ere izango dute: muztio eta sagardoak, sagarrak... Sagardotegien egungo egoera eta etorkizuneko erronkak ere ezagutu ahal izango dituzte bisitariek.

Oraingoz, hamar sagardotegik bat egin dute egitasmoarekin. Gipuzkoako honako sagardotegi hauek eskainiko dituzte bisita gidatuak: Aburuza (Aduna), Añota (Azpeitia), Bereziartua (Astigarraga), Calonge (Donostia), Iparragirre (Hernani), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Petritegi (Astigarraga), Satxota (Aia), eta Zabala (Aduna).

Horietako lautan, jadanik egin daitezke bisita gidatuak, eta gainontzeko seiek urtarriletik aurrera irekiko dizkiete ateak bisitariei.

Sagardotegietako turismoa sustatzeaz gainera, inguruko beste eragile turistikoekin ere elkarlana egingo dute sagardotegiek, bisitariari produktu aberatsagoak eta zabalagoak eskaintzeko asmoz. Zenbait sagardotegi hasiak dira pakete turistikoak sortzen, Igartubeiti Baserri Museoarekin, Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroarekin, Delikatuz zentroarekin, Irun Alojarekin, Zerain Dezagun Fundazioarekin eta Nekaturrekin, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.