EAJk ez du ikusten ETAren pausorik desarmatze bidean

Itxaso Atutxak dio ETAk pausoak emango balitu Espainiako Gobernua «estutasun batean» jarriko lukeela

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
EAJk ez du uste ETAk desarmatzeko pausorik emango duenik. Hala adierazi zuen atzo Euskadi Irratian Itxaso Atutxa EAJko BBBko presidenteak. Azken hilabete honetan ezker abertzaleko politikari batzuek iragarri dute ETAk desarmatzearen inguruko hausnarketa egingo duela uda amaitutakoan, baina Atutxak, bere alderdiko beste kide batzuek esan dutenaren aurka, ez du uste horrelakorik jazoko denik: «Ezker abertzaleak informazio gehiago izan dezake horren inguruan, eta ETAren pausoak iragartzen dituzten arren, badirudi ondoren gezurtatu egiten dutela».

Seinalerik ikusi ez arren «zerbait» egotea espero duela gaineratu du jeltzaleak. ETAri «alde bakarrean aurrerapausoak emateko» eskaera egin dio, eta erantsi Espainiako Gobernua «berriro ere estutasunean» jar zitekeela hala eginez gero. «Espainiako Gobernua ez dago prest arlo honetan pausoak emateko, eta ETAk bere kabuz emango balitu, berriro ere estutasunean jarriko luke Espainiako Gobernua: 'ni ari naiz pausoak ematen, ea zuk zer egiten duzun' egoera batera iritsiko lirateke», azaldu du Atutxak. Hala ere, azpimarratu du momentu honetan bai Espainiaren partetik, bai eta ETAren partetik ere, immobilismoa dela nagusi.

Desarmearen inguruan asteburuan mintzatu den bestea Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea izan da. Hark ere armak uzteko deia egin dio ETAri, baina orain arte armen uzte hori euskal erakundeen aurrean egiteko eskatzen zuen arren, orain Gipuzkoako Diputazioaren aurrean egitea galdegin dio erakunde armatuari, «atseginago» egingo zaiolako.

Esaldi horren ostean, jeltzaleak adierazi du EAJri berdin zaiola arma ematea zein instituzio konkretutan gauzatzen den. «Funtsezkoa da desarmatze horrek gertatu behar duela behingoz, behin betiko, eta betirako», azaldu du. «ETAk lehenbailehen egin behar du desarmatzea, eta Espainiako Gobernuarekin negoziazio prozesu batera ez bada iristen, horrek zer esan nahi du: ez dela desarmatzerik egongo? Ez dela errekonozituko orain arte egin den mina? Ez dutela mugimendurik egingo biktimengana hurbiltzeko?», galdetu dio Ortuzarrek bere buruari.

PSE: «Arma uztea, Madrilen»

Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak ere egin du berba asteburuan ETA desarmatzeari buruz. EAJk desarmea euskal instituzioen aurrean egiteko eskatzen duen heinean, PSE-EEk Madrilen egin dadin nahi du. «Desarmatzea gertatzen bada, eskuduntzak dituzten instituzioen aurrean egin behar da, eta hori Espainiako Gobernua da», azaldu du Mendiak.

Horrekin batera, jeltzaleen antzeko adierazpenak egin ditu PSE-EEkoak. Desarmatzea non egingo den baino gehiago, garrantzitsuena ETA desagertzea dela uste du, eta gehitu du alde bakarretik jokatu beharko duela erakunde armatuak, «ez delako egongo nongo negoziaketarik inongo gobernuekin». «ETAk desegin egin behar du berehala. Ez du inolako paperik eduki behar; bestela, badirudi herriari eta alderdi politikoei egintzen diela, eta hori ezin da onartu inolaz ere», esplikatu du PSE-EEkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.