Asier Cuevas. Atleta

«Burutik jota nagoela esaten didate etxean»

Europako Txapelketa irabazi zuen joan den larunbatean, 100 kilometroko proban. Lehia horretan hirugarrengoz parte hartzen zuen, eta aurretik, 2011n, Espainiako txapelketa irabazi zuen.

Donostia
2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Lanean harrapatu du BERRIAk Asier Cuevas (Eibar, Gipuzkoa, 1973). Joan den larunbatean, Europako 100 kilometroko Txapelketa irabazi zuen Belvesen (Frantzia), 6.53.38 orduko markarekin. Orain egunerokora itzuli da Tekniker teknologia zentroan, Eibarren. Garaipenaz gozatzeko ia tarterik gabe, gustura hitz egin du.

Egun batzuk igaro dira Europako Txapelketa irabazi zenuenetik. Gorputzak atseden hartu al du?

Ongi nago, baina oraindik hanketan mina dut; karga nabari dut. Egun hauetan nekea nabaritzen ari naiz, baina, egia esateko, gehiago nekatu izan naiz beste lasterketa batzuetan.

Zenbat denbora behar du gorputzak horrelako lasterketa baten ondoren bere onera etortzeko?

Aste hau patxadaz hartuko dut. Akaso, bizikletan ibiltzera edo korrika apur bat egitera joan naiteke egunen batean, baina ahalegin handirik egin gabe. Ondoren, apurka-apurka, ohiko prestaketarekin hasiko naiz.

Nolatan erabaki zenuen 100 kilometroko proban parte hartzea?

Espainiako Txapelketa izan zen nire lehen lasterketa, 2011n. Han parte hartu baino lehen, lesio bat eduki nuen, eta prestaketa lanetan entrenatzailearekin batera zortzi kilometroko lan saioa egin nuen. Amaitzerakoan, '100 kilometro egiteko 92 besterik ez zaizkigu falta', esan nion txantxetan. Pixkanaka, lan saio luzeagoak egiten hasi ginen, urte horretan Donostiako maratoian parte hartzeko asmoa nuelako. Azken proba horien eguna iritsi baino lehen, ordea, Espainiako Txapelketan parte hartzea erabaki eta irabazi egin nuen, Bezanan (Kantabria, Espainia). Orduan hasi zen dena.

Europako Txapelketan lehen bosten artean sartzea zen, printzipioz, helburua, ezta?

Podiumean sartzea oso zaila da. 2012ko Munduko Txapelketan laugarren amaitu nuen, eta horrek konfiantza eman zidan. Ilusioa beti duzu barrenean, baina ez nuen garaipena espero. Lasterketan zehar ongi nengoela sentitu nuen, aurkariak ere indar gabe geratzen hasi ziren… Baina lasterketa hauetan ezin duzu garaipenik ospatu helmugako marra gurutzatzen duzun arte.

Noiz konturatu zinen garaipena lor zenezakeela?

30. kilometrorako aukerak banituela ikusi nuen. Belaunen erantzunaren arabera, txapeldun izan nintekeen. Amaierako zatia hain zen gogorra, edozer gauza gerta zitekeela. Edozein arazo fisikok, horrelako probetan, minutu asko kentzen dizkizu.

Psikologikoki ere, proba gogorra izan behar du, ezta?

Lehen hiru orduen ondoren, buruak nekea nabaritzen du. Despistatu egin behar duzu, beste gauza batzuetan pentsatu: familia, lagunak, lana...Hain da lasterketa luzea, burua une oro ari zaizugelditzeko esaten.

Proba amaitutakoan, egunean bertan egiten duzun errekuperazio saioa nolakoa da?

Edari isotonikoekin hasten zara, eta ondoren, janari leunak hartzen dira karbohidratoak berreskuratzen hasteko. Era jarraian egin behar da hori. Ondoren, ohiko errekuperazio saioa dut, masajeekin.

Nolakoa da aste bateko prestaketa?

Astean behin edo bitan gimnasioan saioak egiten ditut, indarra lantzeko. Aste horretako beste egun batean, ibilbide luzeko irteerak egiten ditut. Lasterketa gerturatzen den heinean, horrelako lan saioak alde batera utzi, eta zerbait bereziagoa prestatzen hasten naiz. Adibidez, irteera hori gero eta luzeagoa egiten dugu. Ni neu 60 kilometro ere egina naiz egun batean, eta aste osoan, 220 kilometro.

Etxean zer esaten dizute?

Burutik jota nagoela. Emazteak zertxobait ulertzen nau, hura ere atleta baita. Hala ere, nik argi dut familiarekin denbora pasatu nahi dudala. Batez ere, semearengatik. Jaio zenean argi nuen berarekin denbora pasatu behar nuela; ez dut nahi kirolak hori kentzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.