«Izan ez diren tokiak» erakusten dituzte Aitor Ortizen argazkiek

'Argi hormak' obraren sortze prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu Guggenheimen irekitako erakusketan

Aitor Ortiz artista, Guggenheim museoan atzo irekitako erakusketan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Ez dagoenetik eta izan ez den horretatik sortzen du Aitor Ortizek (Bilbo, 1971). Ondorioz, «ez dagoena» erakusten dute bere argazkiek, «izan ez dena». «Ez baitzait interesatzen dagoena agertzea eta indartzea. Kendu egiten dut, edo gehitu, kasuan kasu. Edo argazkiekin eginiko objektu bat sortu, eta horren ondoren, argazkiak egin pieza horri. Argazkilaritzaren belaunaldi bi batzen dira lan berberean. Eta horrek tentsio bat sortzen du ikuslearengan, zalantza eta ziurtasunik eza sentipena», azaldu du artistak, Guggenheimen jarritako erakusketa aurkeztean.

Argi hormak argazkiaren sortze prozesua erakutsi du Bilboko museoaren Laborategiak. Bilduma iraunkorrari begira ziklo didaktikoaren barruan. Guggenheimek 2008an eskuratu zuen lan hori, eta orain aurkeztu du aurrenekoz jendaurrean, Ortizek utzitako lan batzuekin batera: Desegiturak, Modular eta Amorfosia.

Argi hormak argazkia Markinako (Bizkaia) marmol beltzeko harrobian egin zuen Ortizek, leherketek lagatako arrastoak, hutsune arkitektonikoen poesia eskultorikoa baliatuta.

Arkitektura eta eskulturaren arauei segitzen die, lan askotan, Ortizen argazkilaritzak. Diziplina bi horietan sakontzen du egileak, irudia beste bitarteko baten moduan erabilita. Desegiturak obran indar handiko pieza arkitektoniko batek, betoi altzairudunezko eskailera bertikal batek egituratzen du irudia. Eta Modular eta Amorfosia lanek eskultura gisa jokatzen dute, argazkiz osatutako gorputz eskultorikoak baitira. «Presentzia fisikoa daukate».

Haatik, Argi hormak lanean plano bakarra landu du artistak. Espazioaren eta denboraren jarraikortasunaren emaitza ere bada obra, hein batean.

Markinako harrobira behin baino gehiagotan joan zen artista. Eta deseraikitze prozesua jarraitu zuen, egunez egun kamerako botoian klik eginez, argazkirik argazki prozesua segituz. Harriaren deseraikitzetik sortutako argazkiekin eraiki zuen obra, behin betiko argazkia, azken emaitza.

Material «aseptikoari» argazkiak eginez, zalantza eragin nahi du artistak, ikusleak ezer ziurtzat ez jotzea, horrek arrisku batzuk ere badituen arren. Ortizek argi baitu: «Argazkilaritzaren arazo nagusia da jendeak uste duela egia osoa erakusteko gai dela, baina ez da hala. Utopia da pentsatzea argazkiak errealitatea bere hartan agertzeko ahalmen osoa duela». Argazkia zein ikuspuntutik atera erabakitzen duenetik bertatik argazkilaria «filtro bat» ezartzen ari baitzaio «errealitatearen zati horri», artistaren irudiko.

Horregatik uste du «huts handia» dela errealitatearen «moldatze edo itxuraldatzea» teknologia berriekin lotzea, «ez baita prozesu berria». Ezta duela urte batzuetakoa ere, argazkilaritzaren sorreraz geroztikoa baizik.

Bilboko Guggenheimeko erakusketak, halaber, Ortizek argazkilaritza konprenitzeko dauzkan moduez zenbait argibide ematen ditu. Izan ere, obrekin batera, azken urteetan egin dituen erakusketan hartutako irudiekin Josu Venerok eginiko ikus-entzunezko pieza jasotzen du. «Bideo horren bitartez irudi estatikoek mugimendua hartzen dute, eta horrek ere tentsio bat sortzen du».

Argazkilaritzaren aukeretan sakontzeko joera du Ortizek, lehen begi kolpearen atzean zer dagoen ikertu nahi izaten du, diziplina gehiago tartekatuz. Hala, erakusketan sortzaile gisa kontuan hartzen dituen egileen lanen argazkiak eta idatzizko erreferentziak ere badaude. «Ez daude berez obra zehatz bati lotuak; nire lan guztien filosofiarekin dute zerikusia», argitu du artistak.

Oteiza, Txillida eta Palazueloren lanen argazkiak daude, besteak beste. Baita, beste askoren artean, Jean Baudrillarden aipu bat ere, material «guztien» egiazkotasunaz. Ortizen lanen erakusketa azaroaren 13a arte izango da Guggenheim museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.