EAEko %58 independentziari buruzko erreferenduma egitearen alde daude

Erreferendum bat egingo balitz, %39k bozkatuko lukete estatu bat sortzearen alde, %34k kontra, eta %13 abstenituko lirateke

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2013ko ekainak 29
Euskobarometroak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.200 herritarri maiatzean egindako inkestaren arabera, hiru lurraldeetako herritarren %58 estatu propio bat sortzearen inguruko galdeketa egitearen alde daude. Galdetu dietenen %27 erreferendumaren aurka azaldu dira, eta %15ek ez dute erantzun. Iazko azaroan egin zuen gaiaren inguruko azken inkesta Euskobarometroak, eta ordutik, 8 puntu igo da erreferendumaren aldeko joera. Abertzale gehienak, %83, galdetzearen alde daude, eta abertzale ez direnen %33 ere bai. Beren burua abertzaletzat ez dutenen artean, gainera, erdiak baino gutxiago azaldu dira aurka: %48. Sei hilabetean 11 puntu jaitsi da aurkakotasuna azaldu dutenen kopurua.
Erreferenduma egingo balitz, %39k bozkatuko lukete independentziaren alde, eta %34k kontra. Gaur-gaurkoz, abstentziora joko lukete %13k. Beste %14k ez diote galderari erantzun. Inkestaren arabera, abertzaleen %68k babestuko lukete Espainiatik kanpoko estatua, eta beren burua abertzaletzat ez daukaten %13k ere bai. Halaber, botoa EH Bilduri eman diotenek egingo lukete, batik bat, independentziaren aldeko hautua: botoa eman diotenen %90ek. EAJren boto-emaileen artean, erdiek baino gutxiagok babestuko lukete independentzia gaur egun: botoa EAJri eman diotenen %44k.
Hala ere, independentzia nahiari buruz galdetutakoan, gehiago dira baiezkoa erantzun dutenak: %58k esan dute baietz; nahi «handia» dutela %37k, eta «apala» %21ek. %30ek, ez dute batere desirarik. Independentziarako «nahi handia» dutenen kopurua sei puntu igo da urte erdian.
Nabarmen gehitu da independentzia lortuko balitz egoera hobea izango litzatekeela uste dutenen kopurua: %37k uste dute hobeto biziko liratekeela Espainiatik bananduta; duela sei hilabetetik hamar puntu baino gehiago igo da kopurua. Okerrago biziko liratekeela uste dutenak %26 dira, iazko azaroan baino zortzi puntu gutxiago. %16k berdin biziko liratekeela uste dute.


Europatik urruntzearen beldur

Edozein modutan, erreferendum batean independentziaren alde bozkatuko luketela erantzun duten batzuen artean, bada hautua aldarazten dien zerbait: «Euskadi Europako Batasunetik kanpo geratzea». Independentzia eskuratzeak EBtik ateratzea esan nahiko balu, %31k mantenduko lukete Espainiatik aldentzeko hautua; baldintza hori aurkeztu aurretik baino %8 gutxiagok.
Bestalde, beren burua abertzaletzat daukatenen eta abertzaletzat ez daukatenen artean apenas dagoen alderik. Beren burua abertzaletzat ez daukatenak %48 dira, eta %46 abertzaletzat daukatenak.


Negoziazioa eta aitorpena

Gatazka gainditzeari dagokionez, gehien-gehienak ETAk eta Espainiako Gobernuak negoziatzearen alde daude: %85. Horietako %45ek, halere, «ETAk armak uztea» jarri dute baldintzatzat.
Justizia «bi aldeetako biktimekin» egin behar dela erantzun dute galdetu zaienen %79k, eta %77k, «indarkeria aroa ondo amai dadin», ez dela «ez garailerik ez garaiturik» egon behar.
Francisco Llera irakaslea buru duen taldeak egindako lanaren emaitzak gorabeheraren bat izan dezakeela ohartarazi du, «herritarren sektore batek» uko egin diolako inkesta egiteari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna