Hego Sudango Gobernua eta matxinoak gaur elkartzekoak dira Etiopian

Armadak Bor hiria berreskuratzeko erasoaldi bat hasi du, eta matxinoek diote Jubara abiatu direla

Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Hego Sudango gatazka konpontzeko asmoz Etiopian hasi diren negoziazioen lehen eguna «emankorra» izan da, Tedros Adhanom Etiopiako Atzerri ministroaren arabera. Gatazkaren bi aldeak, ordea, bakoitza bere kontutik eseri ziren atzo bitartekariekin, eta gaur dira Hego Sudango Gobernua eta matxinoak aurrez aurre esertzekoak. Riek Machar matxinoen buruzagiak gobernuarekin elkartzeko baldintzatzat jarri zuen atxilotuta dauzkaten bere 11 laguntzaileren askatasuna, eta hori gaur egiteko hitza eman du Jubak. Negoziazioen berehalako helburua su-eten bat lortzea da. Izan ere, gerrak bere horretan jarraitu du: armadak Bor hiria berreskuratzeko erasoaldi bat hasi du, eta, NBE Nazio batuen Erakundearen arabera, bi astetan 200.000 herritarrek alde egin behar izan dute etxetik.

IGAD Gobernuen arteko Garapenerako Agintea ari da bitartekari lanetan —Afrika ekialdeko sei herrialdek osatzen dute—. Hego Sudango aldeek asteartean onartu zuten elkarrizketei ekitea, IGADek emandako ultimatuma gainditzear zenean. Bi aldeen artean konfiantza sortzea izango da erronketako bat, Salva Kiir presidentea eta Machar aspalditik baitaude lehian. Su-etena eraginkor izateko eta egiaztatzeko metodo bat ezartzea ere zaila izango da. «Egoera oraindik oso-oso aldakorra da», ohartarazi du Toby Lanzer NBEren mandatariak.

AEBek enbaxada hustu dute

Abenduaren 15az geroztik, gutxienez mila lagun hil dira borroketan, eta Hego Sudango hamar estatutatik seira hedatu da indarkeria. Jongleiko Bor hiriburua matxinoek duela lau egun hartu zuten, eta hura berreskuratzeko erasoaldia hasi du armadak. Matxinoen bozeramaile batek Reuters agentziari adierazi dionez, baina, Macharren aldekoek Juba hiriburua hartzeko asmoa dute. Armadak dioenez, ordea, armadak hiriburu osoa inguratua du, eta «ez dago inolako mehatxurik». Hala ere, AEBek Juban duten enbaxada hustu dute, eta beren herritarrei Hego Sudan lehenbailehen uzteko eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.