Katuajeak

Txikitasunaz hitz handi batzuk

Lorea Agirre.
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Gure herriko eskola txikia da, herria bera bezala. Eskola Txikia, alegia, letra larriz. Hau da, gauza handia, oso handia. Txikia da neurriz eta ume kopuruz eskola handiekin alderatuta, baina handia da eskaintzen duenagatik. Hitz bitan esateko: herriaren bihotza da, herria biziarazten duena. Eskolarik gabe akabo herri txikia, herri izatearen adiera sakonenean. Igandetako mendizaleei babarrun eta baserriko oilaskoa emateko herri etniko bat izatea ere zilegi da. Ados. Orain, hori herri bizi bat edo parke tematiko bat ote den ez dakit. Baina gure eskola eskola txikia da, eta lehen begiradan duen gauzarik onena da eraikina ez duela itxitura batek inguratzen. Umeen jolaslekua herriko plaza da, parkea, kalea, herria bera.

Utziko didazue apologia pixka bat egiten, apur bat harrotzen. Badira eskola diferenteak eta badira eredu pedagogiko desberdinak. Eredu bat Eskola Txikiena da. Bai pedagogikoki, bai sozialki, bai kulturalki eskaintzen duena kontuan hartzeko modukoa da, bai umeentzat, bai herritarrentzat eta baita kultura eta hizkuntzarentzat ere. Gipuzkoan, nekazal giroko herrietan kokatuak dauden eskolak dira guztiak; ehun umetik beherakoak denak, eta 30-50 ume artekoak gehienak, nahiz eta badiren dozena bat ume dituztenak ere. Ezaugarri nagusia hala ere, adin desberdinetako umeak gela berean biltzea du. Gelako adin aniztasun hori halabeharrez dakar gutxi izateak, baina hain zuzen horixe da eskola txikien bertute handiena. Rosa Boix pedagogo katalanak doktorego tesia egina du honen guztiaren inguruan, eta berak dioen moduan, umeak «ikasketa hirukoitza» egiten du horrelako gela baten barruan. Adibide xume bat: umeak, lehenengoz, bera baino zaharragoak batuketak egiten ikasten ari direnean entzunez ikasten du; bigarrenez, berari batuketak ikastea egokitzen zaionean praktikatuz, eta, hirugarrenez, bera baino gazteagoei txanda iristen zaienean gogoratuz. Denak gela berean baitaude.Alegia, hiru urtekoa seikoarekin harremanduko da, eta seikoa hamarrekoarekin; eta hirukoak sei dituenean hiru dituenarekin egongo da, eta seiko horren lagun onena hamar dituena edo lehen hamar eta orain hamahiru dituen hori izango da. Eraman gela herriko plazara, eta zer sortzen du? Belaunaldi desberdinetako jendearen arteko ezagutza eta harreman estua, herriko gizarte sarea egina dago herriko beharrei erantzuteko.

Ados, apologia egiten nabil, eta dena ez da zoragarri. Eskola Txiki guztiak ez dira paradisua, hutsuneak handiak dira, baina egia da eskola batzutan irakasle batzuk, pedagogia batzuk, guraso batzuk, herri batzuk, udal batzuk ikaragarri lan ederra egiten ari direla. Egia da ere, gero eta eskola txiki gehiagok, eraiki berrienak bereziki, itxitura dutela inguruan, eskola handiek bezalaxe. Eskola askok azpiegitura zaharkituak dituztela eta leku falta. Egia da gelako adin aniztasuna gordetzen bada ere, ez dela nahiko genituzkeen pedagogiak erabiltzen, eta askotan aniztasun hori ez dela bertute modura ulertzen. Egia da guraso askok apenas dakitela eskola txikiak zer diren, ze filosofia, ze pedagogia, ze helburu sozial eta kultural duten; irakasle askok ere ez, unibertsitatean eskola txikiak badirenik ere oso gutxitan irakasten delako. Egia da udal batzuk gastu handitzat dutela herriko eskola. Egia da euskararen arnas-gune diren eskola eta herri hauetan hizkuntza ordezkapena modu kezkagarrian hasi berri dela gertatzen. Hau guztia ulergarria da nekazal herriak gero eta hiriago direlako, eta eskola handien ereduaren alboan dena baino txikiago sentiarazten direlako, txiki zentzu txarrenean, alegia eskasa, eta are eskasago erakunde eta agintari publikoek oro har eskola txikiekiko ageri duten utzikeria eta larderia kontuan izanda. Agintarientzat eskola txikiak arazo bat dira. Ez baleude, zenbat hobeto eurentzat.

Beti pentsatu izan dut Eskola Txikiak eta bere koordinakundea esku artean dugun altxor bat dela euskal gizartearentzat, nola kudeatu ezin asmatuz gabiltzan altxor bat bada ere. Kontrakultura egiten gabiltzala eta hori ez dela erraza. Baina ikaragarrizko potentzialitatea du formazioa, parte-hartzea, kontzientzia, errebindikazioa landu eta eredu propioan sinestera iritsi ezkero. Adjektibo handiena erabiliko dut: eskola txikiak estrategikoak dira gure irakaskuntzan, herrigintzan, kulturgintzan eta hizkuntzaren berreskurapenean. Norvegiarrak bagina eredugarriak ginateke, eta argazkia egin nahiko luke gure ondoan Hezkuntza sailburuak, baina ez, nekazal giroko euskaldunak gara, eta txikiegiak gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.