Katuajeak

Lore-koroa izoztu bat

Lorea Agirre.
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Sanjoan santuak santu alegreak ziren, beste santu batzuekin alderatuta. Horrela dio Estefania Laurenz, Abaurrepea herriko alabak. Sare birtualean geratu dira jasoak berak esanak, eta hitz horiekin baita beste mundu bat ere. Santu alaiak beraz sanjoanak, k-z, pluralean, nonbait ez zelako santu bakar, bat baino gehiago baizik, beharbada jainkoa bakarra ez zen garaien oihartzun. Poza zekarten santuek, santuak baziren garaietan, eta are lehenago.

Patxi Abasolo aretxabaletarra, Brigida Ibarbia zumaiarra, Kontxi Garaitonandia aramaioarra, Felisa Razkin eta Juanita Berastegi arbizuarrak, Bixente LarraƱaga bergararra, Juanita Loiola elgoibartarra, Roke Etxeberria andoindarra, Maria Meabebasterretxea mallabiarra, Manuel Aranguren antzuolatarra. Hauek ere mundukera zahar baten berri ematen digute ordenagailuko pantailatik, tartean baita hainbat hitz arrotz, hiztegietan ere aurkitu ez ditudanak. Horiek ere lekutu zaizkigu. Ahotsak, Egoibarra edota Nafarroako euskararen mediaketa erakundeek egiten duten biltze lanari esker heltzen zaizkigu, izotzetan gordeta bezala.

Hauek guztiak eta gehiagok, eta euren ahotsik jaso ez zaien askok, gaurko egunez, goizean goiz, argitu aurreko ihintza hartzen zuten, oinutsik edo gorputza erdi biluzik, are erabat biluzik, belar gainean ibilita. Batzuk, aurretik, belazean arrosa-hostoak zabaltzen zituzten. Bezperan, lore-koroak egiten zituzten, urtebetera Sanjoan sua pizteko erabiliko zituztenak. Eta esaten digute bizpahiru koroa egin ohi zirela baserriko eta etxeko. Bat, lehortu eta gero etxean gordetzen zena, hurrengo urtean su emateko. Bestea, etxe atarian jartzeko zena, eta hirugarrena sanjoan suko tantaiaren gainean zintzilikatzeko zena. Hirurak bedeinkatu egin ohi ziren, elizan gehien bat. Baina, bezperako gauean, koroa ilargiari begira utzi eta ihintzarekin bedeinkatzen zuenik ere ezagutu zuten.

Lore sorta, beti biribilen biltzen zuten: lizarra, arto-landarea, gari burua, arrosa, garoa eta sanjoan lorea erabiltzen zituzten leku batzuetan. Sanjoan lorea, baratxuri burua, tipula eta garia, beste batzuetan. Eta bazen lan handiagoa hartzen zuenik ere: erdian oloa edo garia, haren bueltan porruak, berakatzak eta tipulak; ondoren, belar onak eta txarrak: berbena belarra, anis-belarra, menda-belarra, batana, sorgin-belarra eta erramua. Idortuta gordetzen zen koroa, edota koltxoi azpian sartuta. Horiek ziren belar santuak, baserri bakoitzak egin eta atxikitzen zituenak, gaitzak aldendu eta zoriona erakartzeko.

Hiruzpalau ilargi lehenago, Erramu egunean, soroetan jartzen zituzten gurutze bedeinkatuak bildu eta sutara botatzen zituzten, eta horien ordez lizarrez, elorriz edo hurritzez egindakoak jartzen zituzten. Baita etxe atarietan ere. Lizar hostoak jartzen zituzten ate nagusiaren gainean eta gurutze bana bi iskinetan, edota lizarrez egindako gurutzeak lizar orriak bistan zituztela. Atearen markoan arantza zuria ere josten zuten beste batzuk, arrosa batekin. Hauek guztiak ez ziren elizan bedeinkatzen, bezperako ihintzak egin ohi zuen lan hori.

Eta suaren bueltan zortzikoa dantzatzen, eta abesten ibili ondoren, eguzkia argitu aurretik, iturritik ura eramaten zuten etxera, ur berria, eta harekin busti aziendak, lurrak eta etxeak.

Bai irudi ederrak eta iradokitzaileak pantailatik datozkidanak: oin hutsik arrosa-hostozko alfonbra gainean, lehen argiak jo aurretik, ibiltzea izan daiteke poz une bat; lore koroa dotoreak atarietan, gaueko ihintza hartzen, izan daiteke edertasun adierazgarri bat; hurrengo urterako lehortutako belar santuak izan daitezke babesleku bat. Urrutitik begiratuta, behintzat. Eta marka da gero, geurea ere izan den baina geure benetan izateko arrotzegia zaigun mundu zahar hori ordenagailuak etxeratzea, eta ez eskuz esku jasotzea.

Auzoko amonak, behia hil dutela eta okela hartzeko, sartzeko etxera. Izotz-kamara zabaldu du: urte osorako haragia lepo. Eta ezkerraldean, lore-koroa izoztu bat. Eta hori? Hori, sanjoan-sorta da, esan eta izozkailua itxi du. Joan badoakigun mundu hori begien aurrean joaten ikusten dut, kuatroporkuatroaren aurrealdean, izkina banatan, berak egindako hurritzezko gurutzeak jarri dituen baserritarra paretik pasatzen den bakoitzean. Joaten ikusi eta ezin atxiki, ez bada antzinako mundu izoztu antzemanezin baten moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.